Martxoko ohiko osoko bilkuran San Pedroko obrak mintzagai

Imanol Beloki 2015ko mar. 27a, 14:00

Martitzeneko ohiko osoko bilkura.

Martitzenean martxoko ohiko osoko bilkura izan zen Eskoriatzako udaletxean. Hainbat gai landu zituzten, eta Isabel Guridi gogora ekarriz eman zioten hasiera saioari. Beñat Herce alkatearen esanetan: "Udaletik errekonozimendua eman nahi diogu Isabel Guridiri, Eskoriatzan egin duen ingurumenaren eta ondarearen gaineko lanagatik". Hala, San Pedro jaietan, Udalak prestatzen duen urteroko erakusketan, Isabelek egindako lana erakutsiko dute.

Isabel Guridiri aipamen berezia egin ondoren eman zioten hasiera saioari. Gai guztietatik esanguratsuena San Pedro auzoa berrurbanizatzeko proiektuan aurreikusitako obrak kontratatazeko espedientea hastea izan zen; baldintza administratiboen agiria onartzea eta obra zein enpresak egingo duen aukeratzeko lehiaketa martxan jartzea. Lehiaketa irekia izango da, eta Gipuzkoako buletinean agertuko da. Enpresek 26 egun izango dituzte proposamenak aurkezteko, eta ondoren, Udalak proposamen guztiak aztertu beharko ditu.

Enpresendako baldintzak

Maiatz inguruan esleituko dute San Pedro auzoko hamargarren atartetik hamasei-hamazazpi zenbakirainoko obra. Hala eta guztiz ere, baldintza batzuk ezarriko dio Udalak obra aurrera eramango duen enpresari. Honela azaldu zuen Beñat Herce alkateak: "Solbentzia tekniko eta ekonomikoa izan behar du enpresak eta horrelako obretan esperientzia izatea eskatuko zaie". Baldintza horietaz gain, Udalak herriko langabe bat kontratatzeko baldintza ere jarriko dio enpresari, eta, hain zuzen, lanak ekainean hastea aurreikusten du Udalak.

Obraren aurrekontua 300.000 euro izango da eta hirugarren fasean egingo diren lanak hauek: espaloia konpontzea, mugikortasuna hobetzea, aparkalekuak berrantolatzea… izango dira, besteak beste.

Axtrokiak ere mintzagai

Aipatu beharreko beste gai bat axtroki izeneko tokiko moneta ezartzeko merkatariekin sinatu beharreko lankidetza hitzarmenaren eredua onartzea izan zen. Axtroki merkatari elkartean dauden komertzioek moneta soziala erabiltzen dute, baina hemendik aurrera merkatari elkartearen kide ez direnek ere erabili ahal izango dute. Hori bai, hitzarmen bat sinatu beharko dute Udalarekin. Hala, axtrokiak erabiltzen dituztenek pegatina bat jarriko dute beraien komertzioetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak