Jokin Labaien: "Ez ziren ongi ikusiak eta egoera gogorrak bizi behar izan zituzten"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2015ko mar. 13a, 08:00

Jokin Labaien arrasatearrak egin du 'Bertsolaritzaren Sekretuak' ikuskizunaren gidoia

XIX. mendeko emakume bertsolariei ahotsa eman nahi dien ikuskizuna da Bertsolaritzaren sekretuak. Eskoriatzako Zaldibar antzokian erakutsiko dute bihar, zapatua, 22:30ean. Jokin Labaien arrasatearrak jardungo du narratzaile lanetan. Sarrerak 4 eurotan eskura daitezke leihatilan; eta aurrez, kiroldegian eta Bibe.me atarian.

Nerea Elustondorekin batera egin duzu gidoia. Zer dela eta?

Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak egin zigun proposamena. Errenteriako Udalak Joxepa Antoni Aranberri Petrirena Xenpelarri buruz egindako lanketa bat dauka abiapuntu. Egindako lana erakusteko, herrirako ikuskizuna egin zuten gero. Balorazio ona eginda, Euskal Herri osorako halako zerbait egitea eskatu ziguten. Orduan hasi ginen lanean Elustondo eta biok Gipuzkoako Bertsozale Elkartearekin.

Nolakoa izan da ikuskizuna gauzatzeko prozesua?

Eskaera jasotakoan, Joxepa Antoniz gain, beste emakume bertsolari batzuen erreferentziak jaso beharra sentitu genuen eta bila hasi ginen. Auspoa Sailean hasi ginen bila, bertan, bertsolaritzari buruzko informazio ugari biltzen delako. Han ohartu ginen, XIX. mendean, bazirela emakume bertsolari gehiago, bat-batean zein idatziz, leku desberdinetan eta maila onean aritzen zirenak. Batzuei buruz aurkitu genuen nahikoa informazio. Beste batzuen inguruan, berriz, ez hainbeste. Dena den, ez dugu ezer deskubritu. Lehen zegoena bildu dugu, aurretik beste batzuek egin izan duten bezala.

Taularen gainean, lau lagun zarete.

Bai, horrela da: Idoia Noble akordeoilaria; Hodei Untzueta eta Oskar Estanga (Eskoriatzan Jokin Murua izango da azken horren ordez) aktoreak; eta neu. Narrazioen eta musikaren bidez, XIX. mendera itzuliko gara.

Zeinen historiak kontatzen dituzue?Dozena bat emakume izango ditugu hizpide, ordubete inguruan. Gehienak gipuzkoarrak dira, baina Debagoiendarrik ez dugu aurkitu. Aurkitu ditugunak baino gehiago izango zirela uste dut. Horrek ere eman digu zer pentsatua, zergatik ezagutzen ditugun bakarrik garai hartako gizonezko bertsolariak. Zergatik gorde eta zabaldu diren batzuk soilik.

Zeri kantatzen zioten eta non?

Ez ziren hain desberdinak garaiko gizonekin edo gaur egungo bertsolariekin alderatuta. Egunerokoari kantatzen zioten, gaur egun bezala. Aurkitu dugunaren arabera, fedeari abesten zioten, garaiko gertakariei, inguruan gertatzen zitzaizkien gauzei. Dakigunagatik, etxean eta etxetik kanpo kantatzen zuten, gehiago edo gutxiago, eta txapelketetan ere aritzen ziren zenbaitzuk. Batzuk, gainera, oso ezagunak ziren. Ez ziren ongi ikusiak eta egoera gogorrak bizi behar izan zituzten. Horiek denak kontatuko ditugu.

Historia berridatzi beharra dago, beraz. Nola egin daiteke hori?

Ez dakit hori nola egin daitekeen. Lehenik eta behin, sekretupeko historia zati hori kontatu egin behar da. Eta hausnartu. Hori lortuz gero, emango dugu pausotxo bat, eta joango gara gauzak aldatzen, eta historiari desberdin begiratzen. Baita etorkizunari ere. Eta jendeak begirada aldatzen badu, eskura izan beharko ditu eredu, tresna eta baliabideak bere inguruan eragiteko. Gustatuko litzaiguke ikuskizuna eskaintzen dugun herrietan bilatzeko gogo hori piztu eta jendea bere inguruan halako gaiak ikertzen hastea. Baliabideak lortu eta ikertzen hastea, alegia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak