Indarkeria matxista edota sexu erasoa jasan duten emakume eta neska-mutikoei harrera egiteko eta koordinatzeko udal protokoloaren aurrerapena iaz azaroan aurkeztu zuten, eta jendaurrean jarri zuten iradokizunak eta ekarpenak egiteko. Ondoren, protokoloa gizarte zerbitzuek landu dute Clara Campoamor elkarteko teknikariekin batera, eta herriko elkarteen eta erakundeen ekarpenak jasotzen dituen liburuxka atera berri dute.
Liburuxka hori herritar guztiek eskuratu ahal izango dute www.eskoriatza.eus webgunearen bidez. Liburuxkan azaltzen denez, laguntza espezializatua emango da zuzenean edo zeharka; erasoa jasan duena gizarte zerbitzuetara joaten denean, Ertzaintzak edo osasun etxeren batetik bidalita joaten denean, egoeraren berri zeharkako kasuetan, seme-alaben inguruak arazoak antzematen dituztenean, orduz kanpoko eskaerak direnean… harrera emango diete. Arantza Iregi Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak hauxe esan du: "Berdintasuna landu behar da eta liburuxka hau beharrezkoa ikusten dugu kasu bat gertatzen denean oinarri bat izateko".
Hobekuntza proposamenak
Eskoriatzako Udaleko Gizarte Zerbitzuei babesa ematea da hobekuntzetako bat. Politika publikoetan emakumeek eta gizonek tratu bera izatea, laguntza berezia ematea eta Gizarte Zerbitzuetara joaten diren nerabeei laguntza ematea dira proposamenetako batzuk, besteak beste.
Indarkeria matxistari eta berdintasunari buruz Eskoriatzan gertatutako jarduerak aztertuko dituzte: "Herrian zer bizi den ezagutuko dugu, herriaren beharrak eta aukerak herritarren esku jartzeko".
Gizarte Zerbitzuen laguntza
Herritar guztiei zuzendutako Gizarte Zerbitzuen kontaktua 943 71 31 36 telefonoa da. Erasoren bat jasan duenak edo informazioa behar duenak laguntza izango du bertan. Bestalde, protokoloa irakurtzera animatzen du Udalak, erasoen aurrean zelan jokatu behar den jakiteko.