Landuko kideek gutun bidez diote "ulergaitza" dela kanpoko enpresa bati ematea zerbitzua tokiko merkataritza bultzatu gura denean: "Ulergaitza egiten zaigu Udal gobernu ezkertiar batek herriko enpresa txiki bat albora utzi eta Ferrovial-Cespari, gure bailaratik guztiz kanpo errotuta dagoen enpresa erraldoiari, adjudikatzea". Eta oraindik "larriagoa" dela uste dute Udalaren laguntzarekin sortu zelako Landu Lorezaintza, eta gaineratu dute: "Egoera berriarekin enpresa sortu, bertan inbertitu eta beste hiru pertsonarentzat lanpostuak sortu dutenak, dena galtzeko arriskuan daude. Behin eta berriz entzuten dugu krisi egoeratik irteteko enpresen sortzaileak bultzatu behar direla eta Udala ez dabil hori egiten". Eta uste dute lanaren adjudikazio irizpideak ezartzerakoan ez dutela bertako enpresak bultzatzeko neurririk hartu.
Aukera berdintasuna
Beñat Herce alkateak jakinarazi du sektore publikoaren kontratu legea kontuan hartuta esleitu behar direla lehiaketak: "Aukera berdintasuna, gardentasuna eta onena den eskaintza hautatzeko printzipioak kontuan izanik. Ondorioz, kontratazioetan debekatuta daude aurretiazko esperientzia edota tokikotasuna bezalako irizpideak kontuan izatea". Eta gaineratu du "Udalaren esku" dauden politikak aplikatu dituztela prozesuan.
Hori horrela, argitu gura du tokiko enpresak ez direla albo batera utzi: "Ezta gutxiago ere. Hiru langileak subrogatzeko derrigortasuna ezarri dugu, hitzarmenak jasotzen duen bezala. Hortaz, lanpostu hauek ez dira galtzen eta beraien lan baldintzak egokiak izatea bermatzen da". Aukera berdintasuna dela-eta tokiko enpresa txikiak eta enpresa erraldoiak aurkez daitezkeela dio: "Baina bagabiltza zerbait lortzen, enpresa erraldoiak izanik ere langileen eskubideak mantendu edota hobetzea, herri guztietan gertatzen ez den bezala".