'Negua osatuz' norbera osatzeko gogoeta ekitaldia Eskoriatzan, martitzenean

Mirari Altube Arrese 2015ko ots. 7a, 08:30

Urbia ingurua elurtuta (argazkia: Julen Iriondo).

Elurra, hotza, iluntasuna eta isiltasuna; negua bete-betean iritsi da astean. Eta neguaren kontzientzia hartzeko, horren gaineko gogoeta egiteko, Negua osatuz ekitaldia antolatu du Eskoriatzako Osatuz elkarteak. Martitzenean, izango da, otsailak 10, 19:00etan, Ibarraundi museoan. Edonork parte har dezake eta ez dago izenik aurrez eman beharrik; sarrera, 5 euro da.

Osatuz elkartearen buru Marijo Pagaldai eskoriatzarra da: "Osasuna du ardatz batetik, eta osoa egitea bestetik, geure buruarekin, beste batzuekin, herriarekin, naturarekin... norbera osatu", argitu du, eta gaineratu: "Sekula bukatzen ez den kontua da, gainera, uneoro martxan dagoen zerbait, prozesu bat, horregatik osatuz izena".

Tai-chi eskolak ematen ditu Pagaldaik beste jarduera batzuen artean, eta iazko azaroan lehen gogoeta saioa antolatu zuen. Orduan udazkena izan zuten gai eta poesiarekin lotu: "Benetan osatzeko buruarekin bakarrik ez, gorputz osoarekin onartu behar da; horregatik garrantzitsua da hausnarketa eta kontzientzia hartzea eta horretan asko laguntzen du arteak: poesiak, musikak, dantzak...", dio. 40 bat lagun elkartu ziren orduan, eta ekitaldi benetan polita izan zela dio Pagaldaik: "Hainbat eskoriatzar gonbidatu genituen eta euren poesiak elkarbanatu zituzten. Harrituta utzi gintuzten askok".

Ikus-entzunezkoa eta musika

Oraingoan negua da gogoeta gai, eta zer da negua niretako galderari erantzunaz hainbat arlotan bizi gura dute: "Zein eragin duen nire osasunean, nire psikologian, landuko dugu, eta negu hori zelan armonizatu edo osatu". Eta gogoeta hori bideratuko dute hainbat elementu erabilita: batetik ikus-entzunezkoa, irudiekin eta esaldiekin; eta bestetik, musika. "Isiltasuna eta musika tartekatuko ditugu, eta horretan lagunduko digu Javi Gil eskoriatzarrak, gitarra-jole bikaina da bera".

Bi gune egokituko dituzte Ibarraundi museoan. Alde batean egongo da esperientzien gunea, eta bestean, hausnarketa gunea; hor egongo dira ikus-entzunezkoa eta musika gogoeta errazteko. "Istorio bat da guztia, hari bat izango du, hasierarekin eta bukaerarekin eta magia berezia sortuko da", dio Pagaldaik eta jarraitu: "Asmoa da jendea adi egotea zentzumen guztiekin eta hori erraztuko dute antolatutako ekintza guztiek".
Halako ekitaldiarekin gainera, ezkutuan lan egiten duten herritarrak ezagutzeko aukera dagoela uste du Pagaldaik: "Izan ere guztiok ditugu altxorrak gordeta. Batzuk poesian, besteak musikan, edo pinturan... dira artistak eta askotan ez ditugu ezagutzen". Oraingoan Javi Gil gitarra-jolea deskubrituko dute.

Javi Gil: "Gitarra doinu goxoekin girotuko dut martitzeneko gogoeta, eta hiru kantu neuk konposatu ditut"

Javi Gil (Arrasate, 1977) Eskoriatzan bizi da azken hamar urteotan. Ofizioa ez baina afizioa gitarra jotzea du, eta hari eskaintzen dizkio ahal duen eguneko ordu gehienak. Martitzenean Negua osatuz ekitaldian hartuko du parte, berak konposatutako hainbat abesti jota.

Musikaria zara. Ofizioa ez, baina afizioa bai.
Jendeak musikaria dio, baina hain da berba potoloa hori… Afizioa dut, baina ezin bizi hortik.

Denbora, baina, eskaintzen diozu...
Bai, ahal dudan guztia. Entzuten ez den gitarra erosi nuen, erresonantzia kaxarik ez duena, gauean jo ahal izateko. Izan ere, semea jaio zenetik ezin egin zaratarik etxean eta bizilagunak ere kexaka... Hortaz, isilean ibili behar. Entzuteko aurikularrak jartzen ditut eta gauean ibiltzen naiz lanean.

Eta konposatu ere egiten dituzu kantuak?
Batzuk bai. Martitzeneko gogoeta ekitaldian joko ditudan bost abestitatik hiru neureak dira.

Kanporako ere egiten dituzu lanak, ala?
Bai. Laukote flamenko batekin nabil lanean aspalditxoan; Galizian, Sorian, Zaragozan... ibili gara. Eta otsailean ekitaldi bi ditugu Euskal Herrian bertan; hilaren 18an, Gasteizko Principal antzokian joko dugu Gasteizko bandak lagun eginda. Aranjuezko kontzertuaren bigarren zatia gertatzen gabiltza, eta zoratu beharrean nauka... Egingo dugula pentsatzen dut! Eta gero 28an, Bilboko Campos Eliseos antzokian joko dugu. Dagoeneko hirugarren aldiz egingo dugu han: lehenengoa izan zen Debla; bigarrena, Cenicienta; eta hirugarren hau A golpes de taberna. Alicia Gallardo da laukoteko dantzari nagusia, Abadiñokoa.

Flamenkoa gustuko duzula ez dago zalantzarik.
Oso gustuko dut, serioen hartu dudan estiloa da, gainera.

Baina ez zara andaluziarra, ala?
Ama Kordobakoa dut eta aita Kadizkoa, nahiz eta Arrasaten jaio izan ni. Runbak eta estilo horretako kantuak entzun ditut etxean, baina ez pentsa, ez dira zale amorratuak, aitak esaterako, ez du gustuko flamenkoa.

Laukote flamenkoaz gain beste batzuekin ere badituzu lantxoak eginda.
Bai, Gasteizko talde batekin hiru disko atera nituen. Eta Arrasateko batekin ere bai, El Billerekin. Haren ordezkaria adiskidea dut eta laguntzeko eskatu zidan, eta halaxe. Arrasateko Andaluziako elkarteko Errozioko abesbatzarekin ere jo izan dut.

Saltsa askotan ibili zara eta era berean ezezaguna zara gehienondako, zelan da hori?
Gustuko dudana egiten dut eta horrekin nahikoa da niretako, ez daukat han eta hemen agertzeko beharrik.

Eta zelatan animatu zara neguaren gaineko gogoetara?
Marijorekin herriko hainbat ekitalditan hartu dut parte, San Pedro jaietako ikuskizunetan. Lehenengoa  izan zen kanpoko kulturen gainekoa eta Andaluzia ordezkatzeko proposatu zidaten. Hor hasi ginen elkarlanean, eta iaz jarraitu. Buleria doinuekin konposatu nuen aurreskua iazko ekitaldirako eta herritarrak harrituta geratu ziren.

Gogoeta honek, baina, ez dauka zerikusirik ikuskizun harekin?
Ez, baina laguntza eskatu dit eta zerbait egingo dugula erantzun diot, ahal dudan bitartean… Lau edo bost kantu joko ditut.

Bakarrik gitarra doinuak dira, kanturik ez, ezta?
Ez, ez, gitarrarekin doinu leunak eta goxoak izango dira, niri gustatzen zaizkidan modukoak. Arrasateko ikasle batek egingo dit lagun kanturen baten; izan ere, otsailaren 26an Paco de Luciaren heriotzaren urteurrena da eta omenalditxoa egiteko Entre dos aguas abestia joko dugu. Bestelakoan bakarrik egongo naiz, eta  ez pentsa, beldur apur bat ematen dit. Izan ere, gainerako kontzertuetan beti izan dut atzean taldea babes, eta oraingoan bakar-bakarrik nago.

Entsegurik egin duzue?
Bai, astean hainbat lantxo egin ditugu eta domekan antolatzaile guztiok elkartuko gara. Musika jotzen neu bakarrik egongo naiz baina beste batzuk ere hartuko dute parte une zehatzetan. Ekitaldi benetan polita izango da, hortaz, parte hartzera animatzen ditut herritarrak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak