Gaur aurkeztuko dute Eskoriatzako toponimiaren gainean egindako lana

Mirari Altube Arrese 2015ko urt. 16a, 09:23

Eskoriatzan azken hiru urteotan toponimiaren gainean egindako lana aurkeztuko dute gaur, egubakoitza, 18:00etan, Ibarraundi museoan. Azaroan egindako osoko bilkuran onartu zuen lana udalbatzak eta orain, herritarrei emango diete horren berri.

IkerMap enpresak izan du ikerketaren ardura eta bertako zuzendari den Imanol Goikoetxea etorriko da gaur lana aurkeztera. Goikoetxeak, gainera, Oxel Uribe-etxeberriaren laguntza izan zuen ahozko bilketa egiteko eta Onintza Eskibel eskoriatzarrak herritarren ekarpenak jasotzen jardun zuen erakusketa fasean.
Toponimiak leku izenak esan gura du, eta horixe egin dute Eskoriatzan, leku izenak jaso. Denetarik bildu dituzte: baserrienak, tontorrenak, zelaienak, iturrienak, parajeenak… Eta Eskoriatzako kasuan, gainera, badago bereziki egin den lan bat: kaleko etxeen izenak batu: "Kale-etxe asko egon izan dira herrigunean duela oso gutxi arte, eta ikusten genuen, hirigintzak izan duen aldaketaren ondorioz, etxe horiek desagertu diren hein berean izenak ere desagertzen ari zirela. Horregatik, horiek jaso nahi izan ditugu eta jasotzeaz gainera, idazkera ere arautu dugu", jakinarazi dute Euskara zerbitzuko kideek.

Hala bada, artxibo administratiboen ikerketa lana eta ahozko erabileraren bilketa egin dute. Izenak batzeaz gainera, izen horien normalizazio edo estandarizazio lana ere egin da, hau da, euskal grafiaz egoki nola idatzi behar diren erabaki. Horretarako Euskaltzaindiaren laguntza teknikoa jaso dute.

Herritarren ekarpen asko

Ikerketa fasea iaz bukatu zuten. Eta horren ostean etorri ziren erakusketa eta normalizazio faseak. Maiatzean ikerketan jasotakoa erakusgai jarri zuten, eta herritarren ekarpenak jaso. Euskara Zerbitzuko kideak harrituta geratu ziren jende askok agertu zutelako interesa, eta ondorioz, ekarpen dezente jaso zituzten: "Erakusketa kultur etxean jarri genuen, kalera ere atera genuen, eta gainera, zazpi elizateetara eraman. Izan ere, geuk ere herritarren ekarpena jasotzeko interes handia geneukan, ez genuen ikerketa hutsean utzi nahi, askotan ingurua hobeto ezagutzen dutenak, herritarrak baitira", diote.

Izenen idazkerak, kasu batzuetan zalantzak sortu ditu; batez ere, Euskaltzaindiak emandako  idazkera irizpena eta herriko ahoskera oso urrutikoak izan diren kasuetan. Beste kasu batzuetan, ostera, forma bereko izenak desberdin jasotzeko proposamena egon da. "Halakoetan, etxe-izen bat denean adibidez, etxe-jabeari galdetu izan diogu eta haren iritzia aintzat hartu".

Mapa banatuko dute gaur

Lana ez dagoela behin betiko bukatuta diote Euskara zerbitzukoek: "Toponimia erabat bizia da. Eta badaude, modu erabat logikoan onartuta gelditu ez direnak ere. Beraz, ez dut uste horrelako lan bat inoiz erabat bukatuta gelditzen denik. Baina lanaren zati handiena ahalik eta egokien egin da".
Jasotako izen horiekin guztiekin paperezko mapa egin dute. Eta gaur, aurkezpen ekitaldian banatuko diete herritarrei.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak