Aitziber Eraña: "Etorkizunean ez dut uste musikari profesional izateko aukera handirik izango dudanik"

Andoni Muxika 2014ko abe. 22a, 00:00
Aitziber Eraña Eskoriatzako plazan.

Gazte eskoriatzar horrek musika du bizitzaren parte. Hain du gogoko, bizitza osoan musika tresna bat izan du esku artean: pianoa, biolina eta gitarra. Horrek, zaletasun paregabea izateaz gain, sariak irabaztera eraman du; Andoaingo piano jaialdia, esate baterako. Beraz, gaztea izan arren, ibilbide polita dauka musikan. 

Noiz hasi zinen musikan?

Oso goiz hasi nintzen musikan, 7 urte nituela, hain zuzen ere. Esku artean izan nuen lehen musika tresna pianoa izan zen. Izan ere,  gustukoen nuen tresna zen eta gaur egun ere gustukoena jarraitzen du izaten. 

Nondik datorkizu zaletasun hori?

Txikitatik, etxean, beti izan dut presente musika. Gainera, amak ere oso gogoko du musika; izan ere, lehen, gitarra jotzen zuen. Uste dut amarengandik etorri zitzaidala zaletasun hori. 

Gainera, musika tresna bat baino gehiago jotzen dituzu, ezta?

Bai. Lehen esan dudanez, pianoarekin hasi nintzen, asko gustatzen zitzaidalako. Baina urteak pasa ahala, beste musika tresna batzuk probatzeko gogoa izan nuen; horregatik, biolina eta gitarra espainola jotzen hasi nintzen. Lehendabizi, 11 urte nituela, gutxi gorabehera, biolina probatu nuen eta ondoren, gitarra. 

Musikan hain goiz hasteak sariak irabaztera eraman zaitu, ezta?

Bai; oraingoz, sari bakarra irabazi dut. Behin baino gehiagotan aurkeztu naiz Andoainen egiten den piano jaialdira, 18 urte baino gutxiagoko 800 musika ikasle inguru batzen dituena. 2010ean urrezkoa lortu nuen eta egun berean, saria irabazi ostean, jaialdiaren klausura kontzertua egiteko aukera eman zidaten, kategoria bakoitzeko bi pertsonari bakarrik eskaintzen dietena. Geroztik, ez naiz aurkeztu beste jaialdi batzuetara.  

Zein da zure helburua musikarekin?

Nire helburu nagusia ondo pasatzea da; hau da, honetaz disfrutatzea. Oraingoz, orkestra batean ari naiz; noski, etorkizunean gurako nuke bertan segitu, baina ez dut nire burua hor ikusten. 

Non ikasten duzu musika?

Txikitatik Eskoriatzako musika eskolan ikasi izan dut. Baina ikasketak direla-eta utzi egin izan behar dut; alegia, ondo zentratzeko ikasketetan. 

Zein musika estilo jorratzen duzu?

Musika estilo klasikoa jorratzen dut jotzen ditudan musika tresna guztiekin. Eskoriatzako musika eskolako irakasleek ematen zizkidaten partiturekin ikasten dut. Baina nire kontuz ibiltzea ere gustatzen zait; Interneten, Youtuben eta halako plataformetan bideoak ikusten ditut, eta gero, praktikan jartzen dut ikasten dudana. 

Orduan, horretarako, musika asko kontsumituko duzu, ezta?

Bai. Baina, nik egiten dudan musikaz gain, beste musika estilo batzuk entzutea ere gustatzen zait; esate baterako, musika elektronikoa. 

Horretaz gain, baduzu bestelako zaletasunik?

Ez. Ikasketek, ingeleseko eskola partikularrek... ez didate denborarik uzten beste zaletasun bati denbora eskaintzeko, musikaz gain, noski.

Etorkizunean ikasketak musikarekin bateratzea pentsatu duzu?

Gustatuko litzaidake, duda barik, eta asmoa dut. Arkitektura gradu bat egitea, betiere, ikasketek onartzen badute. Erabaki hau hartu aurretik, bai, pentsatu nuen musikara bideratzea ikasketak, pianora, hain zuzen ere, baina, azkenean, benetan gehien gustatzen zaidana ikastea erabaki dut: Arkitektura, hain zuzen ere.

Orduan, etorkizunean zer asmo duzu musikarekin lotuta?

Ba, etorkizunean ez dut uste musikari profesional izateko aukera handirik izango dudanik. Baina gustatuko litzaidake zaletasun modura mantentzea musika. Izan ere, orain arte ikasi dudan guztia galtzea pena izango litzateke.

----------

Pertsonala:

Musika estilo gogokoena: Musika elektronikoa. 

Amets bat: Gabonak New Yorken pasatzea, adibidez.  

Zaletasun bat: Musika. 

Liburu bat: Perdona si te llamo amor, (Federico Moccia, 2008).  

Leku gustukoena: Punta Cana (Dominikar Errepublika). 

Musika tresna gustukoena: Pianoa. 

Bizitzeko toki bat: Ameriketako Estatu Batuetako tokiren bat.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak