Jone Uriarte: "Mendi lasterketak amaitzearekin konformatzen naiz, disfrutatzea da kontua"

Imanol Beloki Unamuno 2014ko abe. 15a, 11:08
Jone Uriarte, lasterketan.

Jone Uriarte Iñurrategi (1997) gazte eskoriatzarrak mendian ibiltzea du zaletasun. Izan ere, hainbat korrika-lasterketa egin ditu, eta, gaztea izan arren, balio duela erakutsi du.

Noiz hasi zinen mendi lasterketetan?

Betidanik gustatu izan zait mendia, baina txapelketetan 15 urte nituela hasi nintzen. Arizmendi Kirol Taldea sortu zen, eta Iñaki Uribetxeberria entrenatzaile eta laguna zenez, hark gomendatuta hasi nintzen. 

Iñaki Uribetxeberriaren gidaritzapean lasterketa batzuetan parte hartzeko entrenamenduak egiten hasi ginen taldekide nituen Iñaki Astiazaranekin, Asier Urtzelairekin eta Aitor Arroiaberekin, eta gogo handiz hasi nintzen, nahiz eta gaur egun pixka bat utzita dudan lehiaketa.

Zer da beharrezkoa mendi lasterketa batean?

Txapelketa batera lehiatzera joateko, ondo entrenatuta egon behar da. Ni neu lasterketak amaitzearekin konformatzen naiz; disfrutatzen badut, pozik geratzen naiz. Astean behin edo bi aldiz dezenteko bidexka egitea komeni izaten da. Edozelan ere, gogoz egonez gero, eta entrenatuta, egin daitekeela uste dut, ez da beste ezer behar.

Hasi zinenetik zenbat txapelketatan hartu duzu parte?

Entrenatzen hasi eta gutxira hasi nintzen lehiatzen. Orain arte, hiru txapelketatan bakarrik izan  naiz, egia esan. 

Lehenengoa junior mailako Zegama-Aizkorri izan zen, 16 urte nituela. Emakumezkoetan azkena izan nintzen, baina lasterketa amaitzearekin oso pozik geratu nintzen. Izan ere, nahiz eta maila horretako lasterketa ez den Aizkorriraino heltzen, oso gogorra da eta paisaia ikusgarriaz disfruta daiteke hango inguruetan. Gainera, nire lehenengo lasterketa izanda, bukatzea besterik ez nuen buruan… [barrez]

Ondoren, Eskoriatzan, Gabez Takarraran lasterketan bi aldiz hartu dut parte eta bietan irabazi nuen nire kategorian. Hori bai, neska bakarra nintzen gazteen mailan, eta, hala, normala irabaztea. [barrez]

Gauez eta mendian ibiltzea arriskutsua izango da...

Egia esan, adi ibili behar da, baina gauez egiteak xarma berezia du. Bakarrik, ilunetan, frontalak ematen duen argi txikiarekin… baina egoten den giroa izugarria izaten da. Gure kategorian, Asentziora joan-etorria egiten dugu, eta, beharrezko entrenamenduarekin eta bidea ezagututa, ez dago zertan ezer gertatu.

Mendiko lasterketak, gauez eginikoak… egin dituzu, baina ibili zara asfaltoan?

Iaz, Behobia-Donostia lasterketa mitikoan izan nintzen eta oso gogorra iruditu zitzaidan. Luzea egin zitzaidan bidea, eta, mendian ohituta egon arren, asfaltoan korrika egitea oso desberdina da, gogorragoa. Niri,  gogorragoa egin zitzaidan. Edozelan ere, bukatu egin nuen, eta pozik nago horregatik, baina nik neuk mendia dut gustuko.

Jarraitzen duzu Arizmendi taldearekin entrenatzen ?

Ez, taldea desagertuta dago. Nor bere kabuz entrenatzen da, eta, oso gustura ibiltzen ginen arren, beste zeregin batzuk ditugu guztiok. Denbora luzeagoa izan nahiko nuke, baina… Mendi lasterketak egitea zaletasuna da, baina nahiko nuke zaletasun honekin jarraitu eta, ahal badut, lehiatzen jarraitu.

Gaur egun badaukazu lasterketaren bat buruan?

Ikasketak direla-eta ez dut astirik. Gainera, eguraldiak ez  du laguntzen eta zaila izaten zait korrika egitera joateko denbora hartzea. Noizean behin, joaten naiz entrenatzera, baina ez dut lasterketarik buruan. Ea Zegama-Aizkorriko lasterketa nire kategorian egiteko beste aukera bat dudan. Izan ere, laster nagusien kategoriara pasatuko naiz, eta egun hori heldu aurretik berriz egin nahiko nuke. Nire lehen lasterketa izan zen, eta berezia da niretzat. 

Egin dituzun lasterketez gain, nora joango zinateke korrika egitera?

Katalunia aldera joango nintzateke korrika egitera, han paisaia ederrak daude eta lasterketa politak antolatzen dituzte. Anbotoko eta Aloña Mendiko igoerak ere gustura asko egingo nituzke. Izan ere, ez nago seguru, ez dakit nire mailakoek Aloñako igoeran parte har dezaketen; bestela, urte batzuk pasatu ondoren, ikusiko dugu…

 (Jone Uriarte, Asier Urtzelai, Iñaki Uribetxeberria eta Aitor Arroiabe mendi lasterkariak)

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak