Gaizka Zubizarreta: "Hegan egiteko, meteorologiako kontzeptu minimo batzuk behar dira"

Imanol Beloki Unamuno 2014ko abe. 9a, 12:00

Gaizka Zubizarreta, Alpeetan, hegaldia egin eta gero.

Gaizka Zubizarreta (1977) eskoriatzarra kirolzale sutsua da. Bizikletan eta korrikan asko ibiltzen da eta, batez ere, mendira igotzea du gustukoen. Orain dela bost urte inguru, beste zaletasun bat aurkitu zuen; harrigarria badirudi ere, mendira igo beharrean, puntatik behera hegan jaistea izan zen. Hori bai, parapentearekin.

Nolatan hasi zinen parapentean?

Lagun batekin hitz egin nuen parapentean ibiltzeko ideiaz, eta, hala, sei hilabete inguruko kurtsoa egiteko deitu genuen Urduñara. Deitu, eta egunean bertan hasteko esan ziguten, eta hala hasi nintzen. Han nengoela, lehenengo egunetan praktikak egin genituen zelaian, eta gero, kontzeptu batzuk ikasi; aireratzea, lurreratzea… hegan hasi ginen, gaur arte.

Nolakoa izan zen lehen hegaldia?

Kurtsoan ari ginela, bi lagunentzako parapente baten izan zen, irakasten zebilen batekin. 70 metroko desnibeleko jauzia izan zen, eta, besteak gidatu arren, agintea eramaten uzten zidan. Sentsazio ederra izan zen niretzat. Gainera, zerutik, paisaiaz asko disfrutatzen da. Beste batekin salto egin eta gutxira, egunean bertan, Sopelan bakarrik egin nuen salto. Izan ere, kostaldean dauden baldintzak hobeak dira eta seguruagoa da.

Txapelketetan parte hartzen duzu ala zaletasun hutsa da?

Ez, zaletasuna da. Niri, jende gutxi ibiltzen den lekuak gustatzen zaizkit, aglomerazio barik. Batez ere, Kurtzebarritik salto egitea gustatzen zait, ez da jende askorik ibiltzen inguruan eta kostaldea baino gehiago gustatzen zait.

Zer behar da kirol hori praktikatzeko?

Batez ere, gogoa izan behar da eta oinarrizko meteorologia kontzeptu batzuk ikasi behar dira. Haizea nola dabilen jakin behar da eta hegan egiteko arriskutsua izan daitekeen edo ez kontrolatu. Baldintza fisiko minimo batzuk izatea ere beharrezkoa da. Parapentean ibiltzeko kurtsoa egin nuenean, 70 urte eta 100 kilo inguru zituen gizon bat ere ibili zen.Horrenbestez, nahi bada, egin daiteke.

Eta zein material erabili behar da?

Bela, arnesa, aulkia, GPSa, barometroa –nik, kasu horretan, biak batera eramaten ditut, bario-GPSa–, iparrorratza, besteekin komunikatzeko irratia, botak, kaskoa, larrialdietarako jausgailua –hori aulki azpian eramaten da, eta ez da ia inoiz erabiltzen, batzuek bizitza osoan ere ez dute erabili beharrik izaten.

Kirol arriskutsua izan daiteke?

Parapenteak ematen duena baino inpresio handiagoa ematen du, baina, halere, arriskutsua izan daiteke. Haizearekin kontuz ibili behar da eta hodei-lainoekin ere argi ibili behar da. Gauzak ondo egiten badira, ez da zertan arriskutsua izan eta ez dago ezer gertatu beharrik.

Eguraldi baldintza jakin batzuk behar dira parapentean ibiltzeko, ezta? Meteorologiaz gehiago dakizu orain?

Bai, asko ikasten da orokorrean meteorologiaren gainean, batez ere haizearen ingurukoak, haize bortitza dagoen, gurutzatuta datorren… Hala, arriskuak ekiditeko beharrezkoa da. Haize tenperatura aldaketak dauden lekuetan burbuilak sortzen dira eta arriskutsuak izan daitezke. Horrez gain, lainoek ere arriskua izan dezakete eta horien aurrean zer egin jakin behar da. Beste askotan, ezin bada hegan egin, ez da egin behar, eta atzera botatzen jakin behar da, nahiz eta gogo handia izan.

Debagoienean badago zaletasunik?

Ba, ematen ez duen arren, Debagoieneko jende asko ibiltzen da parapentean, eta, hain zuzen ere, Amillena Aire Kirola izeneko talde bat dago Arrasaten. Parapentean ibiltzen garen asko taldean gaude bertan, eta askotan joaten gara Aloñara edo Kurtzebarrira hegan egitera. Beste askotan, kostaldera joan izan gara: Zumaia, Zarautz… eta estatuko hainbat lekutan ere ibili izan gara. Edozelan ere, nik nahigo ditut inguruko mendiak.

Nondik egin duzue salto orain arte? Eta zein da gehien gustatu zaizun paisaia?

Leku askotan ibili izan naiz. Urduña, adibidez, ikaragarria da, oso polita, baina hegaldi guztietatik ez nuke jakingo bat aukeratzen. Horrez gain, kurtsoa egin nuen taldearekin batera Alpeetan izan nintzen, Mont Blanc inguruan hegaldi bat egin genuen, eta paisaia ikusgarria dago han. Amillena Aire Taldekoekin batera behin Pirinioetara joan nintzen, eta han ibiltzea ere asko gustatu zitzaidan. Hori bai, Kurtzebarri, gure betiko mendia izanda, etxeko bistak ikustea baino hoberik ez dago.

Beldurrik ez dizu ematen?

Ez; ni ez naiz ausarta, baina ez du beldurrik ematen. Bertigorik ez badizu ematen, ez dago arazorik. Zubi-saltoak eta halakoak egiteak inpresio handiagoa ematen dit. 

Kontatzeko bitxikeriarik?

Nik, normalean, hegaldi motzak egiten ditut, baina lagun batek 118 kilometroko hegaldia egin zuen behin. Kurtzebarritik salto egin, eta Fiteroraino (Nafarroa) heldu zen. Amillena taldeko lagun batek, berriz, Andaluzia aldean 200 kilometro egin ditu aurten.

----------

(Zubizarreta, Aloñatik egindako hegaldi batean)

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak