Hain zuzen, Auzokoren proposamena Eskoriatzako aniztasunean elkarbizitza euskaraz sortzea da. Elkarren arteko harremanak egoteko guneak sortzea eta elkarbizitza hori euskaraz izatea. Izan ere, geroz eta jatorri gehiagotako eskoriatzarrak daude eta elkar ezagutu eta ulertzeko eta elkarren arteko komunikazioa euskaraz egiteko beharrezkoa da.
Elkar ezagutuz, jatorri askotariko herritarren artean guztien arteko kohesio eta komunikazio hizkuntza euskara izatea da erronka nagusia. Hala, hori oinarri izanik, hiru helburu nagusi batzen ditu egitasmoak: euskaratik urrun daudenak euskarara hurbiltzea, herritarrak herriko hizkuntza aniztasunaz konturatzea eta euskara komunikazio eta kohesio hizkuntza gisa auzokideei proposatzea eta frogatzea.
Astero bi taldetan batzen dira, kultur etxean, jatorri eta inguru askotariko 25 bat pertsona. Gaur egun, bi talde daude Auzokon: eguen goizetan, 11:00etan, emakume talde bat biltzen da eta egubakoitzetan, 17:00etan, talde misto bat. Biak kultur etxeko lehen solairuan ordu eta erdiz egoten dira; hainbat dinamika, antzerki eta jolasen bitartez euskara ikasi eta hitz egiteko. Beste batzuetan, hainbat lurraldetako jakiak prestatzen eta probatzen ere izaten dira. Hala, auzotarrak –egunerokoan euskaraz aritzen diren herritarrak– eta auzokideak –euskaraz ez dakiten herritarrak– batuz, bizipenak kontatu, kultura partekatu, gastronomiaz gozatu eta lagunak egiteko aukera izaten dute.
Eskoriatzan 25 hizkuntza baino gehiago hitz egiten dira. Hala, parte hartzen dutenen artean jatorri askotariko lurraldeetako pertsonak daude: Euskal Herria, Leon, Extremadura, Sahara, Maroko, Pakistan, Bangladesh, eta abar.
Aurkezpen jaia
Auzoko egitasmoaren aurkezpen jaia urriaren 9an izan zen Eskoriatzako plazan. Hala, jai harekin, egitasmoa ezagutzera eman eta eskoriatzarrak informatu zituzten. Izan ere, harremanetarako zailtasunak izaten dira askotan; bada, eskoriatzar batzuek begiratu bakarrik egin zuten eta beste batzuek, berriz, jakiak probatu zituzten.
Auzokon parte hartzen dutenek munduko askotariko janariak banatu zituzten plazan zeuden herritarren artean. Mahaiak jarri zituzten, eta, besteak beste, Saharako kuskusa eta Pakistango te beltza eta pakorak jateko aukera izan zen. Baita hemengo produktuak ere; esaterako, ardi gazta.
Gura duenak parte har dezake
Izena emateko, auzoko.eskoriatza@gmail.com helbidera idatzi edo 661 74 63 76 telefonora deitu behar da. Eskoriatzako elkarbizitzan interesa dutenek eta euskaraz dakitenek nahiz euskarazko oinarrizko maila hartu nahi dutenek eman dezakete izena. Edo, beste barik, egubakoitzero egiten dituzten saioetara joan daiteke nahi duena.
MIRIAM ISASMENDI
AUZOKO EGITASMOA
"Auzotarrek' eta 'auzokideek' euskarara hurbiltzea dute helburu"
Miriam Isasmendi (Eskoriatza, 1990eko abuztua) Auzoko egitasmoko koordinatzailea da.
Nola sortu zen Auzoko?
Egitasmoaren lehen pausoak 2008an eman ziren, herri euskaldunetara etorri berriei hizkuntza harrera egiteko beharra ikusita. Urte hauetan sendotu egin da egitasmoa, erreferente bihurtu den arte.
Nolako esperientzia izaten ari da zuretako?
Benetan oso esperientzia polita da. Jende pila bat ezagutu dut, bestela sekula ezagutuko ez nuena. Auzokon nabilenetik lagunak ere egin ditut… esperientzia paregabea da.
Euskara ikasteko gogoz joaten dira parte hartzaileak?
Orokorrean bai, baina ez bakarrik euskaraz ikasteko; jende ezberdina ezagutzeko gogoz ere etortzen dira.
Herritarren inplikaziorik badago?
Egia esan, inplikazio handirik ez dago. Auzokok funtzionatzeko beharrezkoa litzateke auzotar gehiago hurbiltzea.
Proiektu osatuagoa egiteko eskoriatzarren laguntza beharrezkoa da?
Bai. Badira pare bat lagun oso inplikatuta egitasmoan, eta guztiz beharrezkoa da lagun gehiago hurbiltzea helburuak betetzeko, harremanak saretzeko…
Mananha Braihm | 'AUZOKIDEA'
"Euskara hobetzeko eta jendea ezagutzeko balio du"
Dorleta Lezeta | 'AUZOTARRA'
"Uste dut ona dela denon arteko integrazioa egotea"