Andoni Toston: "Etorkizunean, ikasketak ibilgailuen mundura bideratu gurako nituzke, oso gustuko ditut-eta"

Andoni Muxika 2014ko aza. 23a, 00:00

Andoni Toston, goitik behera konpondu zuen ibilgailuarekin.

Andoni Toston ezin da geldirik egon. Eskoriatzako gazte horrek automobilak ditu gogoko. Hortik datorkio auto abandonatu bat hartu eta guztiz konpontzearen kontua. Gainera, horretaz gain, goitibeheretan ere aditua da; izan ere, aurtengo Gipuzkoa Challenge txapelketa irabazi du, berak egindako ibilgailu arin batekin. Beraz, gazte ekintzaile horrek gauza asko ditu esateko. 

Nola erabaki zenuen automobil abandonatu bat konpontzea zure eskuekin?

Egia esan, apustu baten ondorioz izan zen. Lagun batek ezingo nuela konpondu esan zidan, eta hori nahikoa izan zen hasteko. Beraz, oso gaizki zegoen auto bat hartu nuen; IAT (ITV) pasa gabe, 3 urte ukitu barik, barrutik guztiz herdoilduta... eta 4 hilabetez buru-belarri aritu nintzen hura konpontzen. Bukatu eta gero, emaitza asko gustatu zitzaidanez, autoarekin gelditu nintzen. 

Berdina egin zenuen motor batekin, ezta? 

Bai. Motor batekin ere antzerako zerbait egin nuen: erdi abandonatuta zegoen motor bat erosi eta konpontzeko beharrezko piezak lortu. Horrela, eta pazientzia handiarekin, motor on bihurtu nuen. Eta askoz merkeago, noski. 

Zer ikasi duzu ibilgailuez horrenbeste jakiteko?

Ezer ez. Honi buruz, behintzat, ez dut ezer ikasi. Egia esatearren, hainbat ziklo egin ditut, baina, oraingoz, ez ditut nire ikasketak honetara bideratu. Lehendabiziko aldiz, autoa garajean sartu nuen eta pixkanaka-pixkanaka konpontzen joan nintzen; ez nekiena egiten Interneten begiratzen nuen, edo, bestela, galdetu egiten nuen. 

Nolatan ez duzu batzen hori zure ikasketekin? 

Arraroa da, bai. Elektrizitate ziklo bat egin nuen, ondoren mendi gidaritza, eta orain, goi mailako ziklo bat nabil ikasten: Automatizazio eta Robotika Industriala, Bergaran. Beraz, oraingoz, ez dut ezer ikasi ibilgailuekin lotura zuzena duenik, baina, etorkizunean, ikasketak ibilgailuen mundura bideratu gurako nituzke.

Nondik datorkizu afizio hau?

Txikitatik asko gustatzen zait mundu hau. Uste dut, nolabait, aitak asko erakutsi zidala. Izan ere, hark ere gustuko ditu ibilgailuak. Eta, oraingoz, asko disfrutatzen dut honekin.

Zerk erakartzen zaitu gehien, abiadurak? Teknologiak? 

Denak erakartzen nau. Abiadura ere bai, noski. Baina ez da azkar ibiltzeko, azken finean, ibilgailu kurioso bat izateko baizik. Izan ere, autoan gero eta estra gehiago sartzea oso interesgarri ikusten dut. Nire ibilgailuan, adibidez, motorra guztiz aldatuta dago; Berria erosi eta guztiz desmuntatu nuen, horrela nire gustuen arabera jartzeko.  

Ematen du zurekin bat datorrela mundu hau. Izan ere, goitibeheretan ere aritzen zara, aurten, Gipuzkoa Challenge irabazita, ezta?

Hori ere apustu baten ondorioz izan zen. Berriro ere lagun batekin apustu egin nuen Eskoriatzako goitibeheretan parte hartuko nuela, eta hala izan zen. Arratsalde batean Gasteizera joan eta goitibehera egiteko beharrezko materiala erosi nuen; Guztira, ez nituen 40 euro ere gastatu. Eta ondoren, arratsalde berean, gravity bike bat eraiki nuen, goitibehera arin bat. Hori guztia Eskoriatzako lasterketa baino bi egun lehenago izan zen. Oraingoz, aurten bakarrik aritu naiz eta dagoeneko Gipuzkoa Challenge irabazi eta Euskadiko Txapelketan bigarren postuan geratu naiz. 

Etorkizunean, ze ogibide izan gurako zenuke? 

Autoekin lotutako zerbait. Adibidez, mekanikari izatea. Baina ez hori bakarrik; gaur egun telebistan ematen dituzten mekanikarien saioekin lotutakoak, edo halako zerbait, auto zaharrak erreparatzen dituztenak. Horrela, lanean erronkak sortzen dira eta aberasgarriago bilakatzen da lan esperientzia. 

----------

Pertsonala

Amets bat: Amets asko ditut, ezin dut bat bakarrik aipatu. 

Ibilgailu gustukoena: Autoa, esango nuke. 

Goitibehera txapelketako jaitsiera gustukoena: Eskoriatzako jaitsiera. 

Bizi izateko toki bat: Eskoriatza. 

Kirol gustukoena: Mendian ibiltzea asko gustatzen zait. 

Pelikula gustukoena: 127 hours (Danny Boyle, 2010). 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak