Eskoriatzarrek ere garbituko dute erreka bihar, auzolanean

Mirari Altube Arrese 2014ko urr. 17a, 09:06

Plazan elkartuko dira, 10:00etan, eta handik garbitze-tokira joko dute.

Uraren eta Errekaren Astearekin bat egin du Eskoriatzako Udalak ere, eta hainbat ekitaldi antolatu ditu. Martitzenean, esaterako, bisita gidatua egin zuen errekara zortzi bat laguneko taldetxoak Ura agentziako plangintza hidrologikoko teknikari Victor Peñasek gidatuta. Bisita baino lehen dokumental bat ikusi zuten, Ura eta erreka Deba ibarrean, eta ondoren, hainbat azalpen eman zizkien hark; besteak beste, erreka ekosistema bizia dela esan zien eta uraren kalitatea hobea izan arren inguruko basoak oraindik egoera eskasean daudela.
Dokumental labur hori gaur ere emango dute Ibarraundi museoan, 18:00etan. Eta museoan bertan errekaren eta uraren gaineko argazki zaharren erakusketa ere badago; gaur itxiko dute, 19:00etan.

Oinetako egokiekin

Bihar, ostera, Debagoieneko hainbat herritan legez, Deba ibaiaren zati bat garbituko dute eskoriatzarrek ere auzolanean. 10:00etan elkartuko dira, plazan, lanerako gogoz dauden guztiak, eta handik joko dute garbitze-lekura; ordu pare batean jardungo dute horretan. Antolatzaileek gomendatu dute oinetako egokiak eramateko errekan ibiltzeko (katiuskak edo oinetako zaharrak), baita eskularruak ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak