Alex Regaño: "Estilo minoritarioko taldea izan arren, kontzertuak emateko erraztasuna dugu"

Imanol Beloki Unamuno 2014ko urr. 11a, 00:00
Alex Regaño, lokalera bidean dauden eskaileretan kaxa eta baketekin.

Alex Regaño (Eskoriatza, 1991 maiatza) Diseinu Industriala ikasten ari da Mondragon Goi Eskola Politeknikoan. Denbora librean, berriz, musika egitea du pasio, eta bateria jotzen urte asko daramatza.

Duela urte batzuk Drop! taldean hasi zen eta proiektu honi gogor eutsi diote gaur egun arte. Egiten duten musika estiloa Basque Country hardcorea da, ez oso ohikoa bailaran. Ezberdintasun horrekin taularatzeak harrera ona izan du Debagoienean, eta Debagoienetik kanpo ere bai.

Duela zenbat urte hasi zinen bateria jotzen?

10 urte inguru nituela hasi nintzen. Anaiak bi taldetan gitarra jotzen zuen eta lokalera eramaten ninduen entseguak ikustera. Hala, biok batera jotzen hasi ginen. Horrez gainera, solfeoan ere ibilitakoa naiz zortzi urtez eta saxofoia jotzen bederatzi urte daramatzat. Bateria jotzen, berriz, nire kabuz ikasi dut.

Nondik datorkizu afizioa?

Nire etxean beti izan gara musikazaleak. Aitaitak eta anaiak gitarra jotzen dute; hala, anaiak uzten zizkidan diskoak entzunez hasi nintzen…

Zer behar da bateria-jotzaile ona izateko?

Ez naiz profesionala, baina ordu asko sartzeak, musika ezberdin asko entzuteak eta solfeoa izateak asko laguntzen du.

Zein musika estilo duzu gustukoen?

Hardcore metala gustatzen zait. Punk-rocka entzuten hasi nintzen, baina film batean Slipknot taldearen abesti bat entzun nuenean, estiloak liluratu egin ninduen.

Zenbat musika taldetan jo duzu?

Drop! eta Lukas Prest taldeetan ari naiz gaur egun. Hasi berria nintzenean, lagun talde batekin Brigada Social izeneko proiektu bat jarri genuen martxan; behin entsegu bat egin eta hor geratu zen. Gaur egun, garai hartaz barre egiten dugu…

Gaur egun, Drop! taldean ari zara; nolako taldea da?

Bost lagunek osatzen dugu taldea: hiru arrasatearrek, Aretxabaletako batek eta bostok. Denoi estilo berdintsua gustatzen zaigu, eta bateratu egin ginen. Esan beharra dago bertsioak ateratzeko borrokan ibiltzen garela, baina ondo konpontzen gara.

Kontzertu asko jotzen dituzue?

Hiru urtean, hilero bi kontzertu egiten saiatzen gara. Gipuzkoan eta Araban asko jo dugu; Bizkaian, aldiz, bakarra. Baina, batez ere, Debagoienean jotzen dugu. Gaur egun, Euskal Herritik zabaltzeko apustua egin dugu. Aurreko aste bukaeran  Burgosen izan ginen, aste bukaera honetan, berriz, Madrilera goaz…

Nola bilatzen dira kontzertuak emateko lekuak?

Kontaktuak izatea da garrantzitsuena. Gure musika entzun dutelako ere izan daiteke askotan. Bada, gure kasuan, estilo minoritarioko taldea izan arren, kontzertuak emateko erraztasuna dugula uste dut.

Dagoeneko zenbat disko atera dituzue?

Bakarra dugu; 2013ko amaieran atera genuen. Salmentak oso ondo joan dira eta jendea guregana etorri da zorionak ematera.

Proiektu berririk martxan?

Abesti berriak ateratzen ari gara eta ahal bezain laster beste disko bat grabatzea espero dugu. Abesti pilatxoa egiten dugunean grabatzen hasiko gara. Baina ez dugu datarik jarri, lasai ari gara.

Talde handiekin batera kontzertu asko eskaini dituzue? Zeinekin jo duzue gusturen?

Agian, askorentzat ezezagunak izango dira talde hauek, baina hardcorearen munduan ezagunak dira. The Great Divide talde frantsesa, Twenty Fighters talde galiziarra, My Silence talde katalana… Ezin dut bat aukeratu; orain arte, guztiekin esperientzia ona izan dugu eta lagun asko egin ditugu.

Zein talderekin jotzea gustatuko litzaizuke ?

Talde asko ditut gustuko, ez dakit bat esaten, baina NOFX taldearekin jotzea asko gustatuko litzaidake.

----------

Pertsonala

Zure herriko txoko maiteena: Entsegu lokala. 

Gosari gustukoena: Cola Caoa eta ogi txigortua gurinarekin.  

Kantu gustukoena: No turning backen, Take your Guilt.

Bidaia gustukoena: AEBetara. 

Musika talde gustukoena: Terror. 

Amets bat: Musika munduan jarraitzea maila hobea lortuta. 

Ikusiko zenukeen kontzertu bat: Parkway Drive.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak