Lander Mediavilla: "Segurtasun neurriak ondo betez gero, ez da arazorik izaten"

Imanol Beloki Unamuno 2014ko ira. 29a, 23:00

Lander Mediavilla pneumatika kategoriako goitibehera beltzarekin garajeko ate aurreko aldapan.

Lander Mediavilla (Eskoriatza, 1999ko urria) goitibehera lasterketetan ibiltzen da. Azkenaldian Debagoienean indarra hartzen ari den kirola da, eta, hain zuzen ere, orain dela urtebete lasterketetan hasi zenetik gaur arte Euskal Herriko lasterketa guztietan hartu du parte.

Nolatan hasi zinen goitibeheretan ibiltzen?

Orain dela urte gutxi, herrian zehar goitibehera asko ikusten hasi nintzen. Hala, aitaren laguntzaz goitibehera bat egin nuen. Kategoria librean ibiltzeko ibilgailu bat prestatu genuen lehenik, eta gero, pneumatika kategorian ibiltzeko goitibehera hobea. Goitibeherekiko zaletasuna motor eta autoetatik datorkit, eta, agian, kirol horietatik etorriko zait goitibeherekiko zaletasuna. Hasi nintzenetik gaur arte Euskal Herriko lasterketa guztietara joan naiz, batez ere Gipuzkoa eta Bizkai aldera.

Nolakoa da zure goitibehera?

Nire goitibehera oso-osorik burdinaz eginikoa da, gainetik karkasa beltz bat duena. Aurrealde guztia bizikleta batena da, manilarra, frenoak… Atzealdea, berriz, mini-motor baten gurpilekin eginikoa da.

Zein modalitatetan ibiltzen zara?

Pneumatika, arinak, drift-trikeak, gravity bikeak, skeletonak, errodamendukoak, librekoak… modalitate askoko goitibeherak daude. Drift-trikeak asko gustatzen zaizkit, gurpiletan hobiak dituztenak, horiek oso jostagarriak dira zeharka joateko. Kategoria libreko modalitatean ere ibili izan naiz. Baina niri gehien gustatzen zaizkidanak pneumatikakoak dira, gaur egun pneumatikako sailean sartzen den goitibehera daukat eta sail horretan lehiatzen naiz.

Euskadiko txapelketan lasterketarik irabazi duzu?

Goitibehera lasterketetan sail bakoitzeko goitibeherak daudenez, modalitatearen arabera dira sailkapenak. Modalitate bakoitzean hiru garaile daude eta askotan geratu izan naiz bigarren edo hirugarren postuan; iaz, esaterako, Eskoriatzako lasterketan, nirea ez den beste modalitate batean irabazi nuen, kategoria librean; sail horretan ez dago araurik, nahi duzun moduan egina egon daiteke goitibehera. Gaur egun, aldiz, pneumatikako sailean bakarrik ibiltzen naiz.

Aspaldikoa da Debagoienean goitibeherekiko dagoen afizioa; zer dela eta?

Ez dakit zergatik den, baina geroz eta jende gehiago ibiltzen da goitibeheretan. Eskoriatzan sei edo zazpi pilotu gaude Euskal Herriko lasterketa guztietara joaten garenak, eta Oñatin eta Bergaran ere zaletasun handia dago. Ez lehiatu arren, jende asko ibiltzen da, lasterketa baten edo bestean, nahiz eta denetan parte ez hartu. Modan dagoela esan dezaket.

Zer da garrantzitsua goitibehera lasterketa batean?

Beldurrik ez izatea, frenoari gutxi sakatzea eta bihurguneak ondo trazatzea da beharrezkoa. Hala ere, goitibehera zein materialekin egina dagoen garrantzitsua da, eta, batez ere, freno onak izatea.

Arriskuak ditu kirol hori praktikatzeak?

Goitibehera ondo eraikita egotea, arnesa, kaskoa… izanda ez dago arriskurik. Bere arriskuak izan ditzake, baina, segurtasun neurriak betez gero, ez da arazorik izaten. Beti gerta daiteke deskuiduan zerbait, baina antolatzaileek ere segurtasuna ondo zaintzen dute.

Ikusi al duzu istripu gogorren bat noizbait?

Lasterketa guztietan izaten dira kolpeak. Gurpilak edo lasto fardoak izaten dira bidearen alboetan. Haien aurka kolpeak izaten dira, baina ez oso larriak. Behin emakume bat nola harrapatzen zuten ikusi nuen lasterketa batean, baina ez zitzaion ezer gertatu, eskerrak…

Herriko pilotu asko zaudete goitibeheretan parte hartzen; badago lehiarik zuen artean?

Beti dago lehia modalitate berean parte hartzen dugunen artean. Batez ere, denborekin, beti komentatzen dugu batak edo besteak ze denbora egin duen… baina pike sanoa da. Ondo pasatzera joaten gara, nahiz eta irabaztea beti den pozgarria.

Oraindik gaztea zara; etorkizunari begira planik bai?

Autoak eta motorrak asko gustatzen zaizkit. Autoetan lehiatzea gustatuko litzaidake, baina motorretan afizio handiagoa dut. Mendiko motor bat dut eta nire kontura ibiltzen naiz, ez dut inoiz txapelketetan parte hartu. Etorkizunari begira gustatuko litzaidake…

Orain dela gutxi, irailaren 20an, Eskoriatzako II. goitibehera lasterketa jokatu zen; zer moduz joan zen?

Goitibeheren Challenge Gipuzkoa txapelketako azken lasterketa izan zen. 67 goitibehera elkartu ginen bertan, horietatik 21 Eskoriatzarrak izan ginen. Euskadiko txapelketako lasterketa politena dela uste dut nik, dituen bihurgune eta ibilbide politagatik. Apotzaga auzotik Intxaurtxuetaraino, kilometro eta 400 metroko bidea dago, eta ondo ezagutzen dugun ibilbidea da. Gainera, etxean lehiatzeak xarma berezia du. Aurten, nire kategorian, hemeretzigarren postuan geratu naiz (01:36.921), eta egun ederra izan zen. Ea datorren urtean denbora hobea egiten dudan…

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak