Adingabeen transexualitatea: identitate sexuala ez da nagusien kontua bakarrik

Miren Arregi Amasorrain 2014ko ira. 26a, 14:00

Shaila Ignacio 7 urteko eskoriatzarra da. 3 urte zituenean aldarrikatu zuen lehenengoz bere benetako izatea; orduan hasi zen bere identitate sexuala agertzen. Jaio zenean gizonezkotzat eman zuen medikuak. Medikuak eta jendarteak; ohikoa den moduan, genitalek markatutako sexua eman zitzaion. Eneko izan zen Shaila, 4 urte bete zituen arte.

Etxera mugatzen zen hasieran dena. Etxera sartu eta neska izena ipintzen zion bere buruari Enekok. Neska moduan tratatzeko eskatzen zien amari eta anaia zaharrenari eta ahalik eta takoidun zapata eta soineko nabarmenenak ipintzen zituen. Joko bat zela uste izan zuten haren etxean. Lehengusinak imitatu gura zituela: "Beti zegoen lehengusinekin jolasean eta haiek ziren bere erreferente. Haiek imitatu gura zituela pentsatzen nuen nik", dio Montse Ignaciok, Shaila Ignacioren amak. Denbora aurrera zihoan eta haren "jokoa" hori baino gehiago zela ohartu zen ama: "Oso neskatila burugogorra da eta ez luke besterik onartuko". Alabaren sentitzeko moduak errespetatu eta onartu behar zituela jakin zuen Montse Ignaciok urtebeteren buruan: "4 urte eta bi hilabete bete zituenean erabaki nuen aldaketa egitea. Hura tratatzeko modua, harekin aritzekoa, harengana femeninoan zuzentzea, janzteko modua aldatzea... Dena horretara egokitzea". 

Dolua, pasatu beharrekoa 

Erabaki zaila hartu behar izan zuen txikiaren amak, baina badaki zuzena izan zela. "Zoriontsua da eta hori da inportanteena. Horrenbestez, prozesu honetan guztian pasatu behar izan duguna ahaztu egiten da; gogorrena bera den bezala onartu arteko fasea izaten da", dio Montse Ignacio eskoriatzarrak. 

Egokitze fasea etorri zen gero. Enekori agur esan eta Shailarekin bizi izaten ikastea. Dolua da adituen esanetan eta dolua da amaren sentitzeko moduan: "Ume transexualak ditugun guraso guztiok bat egiten dugu horretan.  Nire kasuan, mutiko bat izan nuen. Mutiko batekin bizitzen ikasi nuen, horrela tratatzen, eta bat-batean hori dena aldatu behar izan nuen. Umeari berba egiteko modua... Nire pentsatzeko modua ere erabat aldatu da", dio Montse Ignaciok. 

Shaila Ignacioren familian ez zuten aurrez transexualitatea gertutik ezagutu: "Telebistan ikusita bai, baina ez nuen horrelako kasurik ezagutzen. Gertatu den guztiak errealitatea ikusteko modua aldatu dit. Nire pentsatzeko modua, dena aldatu da".

Erabaki ausarta

Umearekin urtebete etengabeko eztabaidetan aritu ostean pediatrarengana jo zuen Montse Ignaciok; hark bere babes osoa erakutsi zion hasieratik: "Seguru asko, babes bila joan nintzen; izan ere, ordurako hartuta neukan erabakia. Gertatzen dena da norbaitek ondo ari zarela esatea garrantzitsua dela. Pedriatrak esan zidan berak ezingo ninduela bide horretan lagundu, ez zekiela zer egin, baina bere babes osoa nuela", dio Shaila Ignacioren amak. 

Izan ere, umearendako garrantzi handia zeukan kalean sentitzen zuen modu horretan agertzeak. "Bera neska da eta besteek ere hala ikustea gura zuen". Ondo gogoratzen du Montse Ignaciok aldaketaren eguna: "Aurretik ere irteten ginen kalera neskatilen arropekin, baina gutxi batzuetan. Lehenengo aldiz, bere lehengusinaren soineko batekin atera zen", dio Montse Ignaciok. Egun hartan Eskoriatzan esamesa eta zurrumurruak entzun behar izan zituzten, baina "gutxika jendea ohitzen" joan da. "Egia esan, Shaila ez da inoiz ukatua izan. Ez du diskriminaziorik jasan, baina inpaktua eragin zuen", dio. Eta gaineratu du: "Askok uste zuten, gainera, nire kontua zela. Umearen kapritxoei men egiten niela"

Neskatila baten ahalegina

Hasieran, aurkitzen zituen arroparik nabarmenenak eta ikusgarrienak ipintzen zituen Shaila Ignaciok. Apaingarririk bitxienak, soinekorik arrosenak. Jendartea ohartarazi gura zuen bere benetako izateaz. Ordura arte jendeak ikusi zuen hori benetakoa ez zela ohartarazi gura zituen guztiak. Izan ere, hark beti jakin izan du zein den bere benetako sexua. 

Hiru urteen bueltan agertzen da identitatea eta gehienak orduan ohartzen dira transexualitateaz.  Neskak eta mutilak bereizten dituen elementu biologiko eta kulturalak daudela ohartzen dira umeak. Identitatea eta genitalak bat datozenean ohikoa da prozesua. Bi elementu horiek bat ez datozenean, zaildu egiten da dena.

Prozesu guztia pasatu ondoren transexual helduekin berba egiteko aukera izan du Montse Ignaciok: "Beti galdetzen nien ea noiz jakin zuten transexualak zirela eta erantzuna beti izan da 'betidanik'. Euren haurtzaroaz galdetu izan diedanean, guztiek erantzun didate oso tristea izan dela. Inolaz ere ez nuen gura halakorik nire alabarendako".  

Etxekoen erantzuna

Garrantzitsua neskatoaren zoriontasuna zen eta haren sentipenak errespetatzetik etorriko zen hori. Bide horretan, familiaren babesa izan du Montse Ignaciok. Izeba eta aitaita-amamen babesa eta seme zaharrenarena. "Nire seme zaharrenak ongi zekien zein zen bere arreba. Harendako ere oso arrunta izan da dena". 

Ikastetxea eredugarri

Montse Ignaciok harrotasunez berba egiten du bere alabaren ikastetxeaz, eta ez da gutxiagorako; izan ere, gaiaren aurrean erantzun eredugarria eman du eta ematen dihardu: "Irakasleek hasieratik erakutsi digute euren babesa. Bide honetan gurekin egon dira eta ahal izan duten guztian lagundu digute". Hain zuzen ere, Luis Ezeiza ikastetxeko irakasleak izan ziren zentroko umeen guraso guztiak jakinaren gainean ipini zituztenak. "Informatu eta errespetua eskatu zuten". Gerora, transexualitatearen gaia naturalki tratatua izan da eskoletan ere. 

Ez hori bakarrik, haren ikaskide eta lagunek ere naturaltasun osoz hartu dute beti gaia: "Berak oso ondo darama. Zortea du; izan ere, lagun guztiek errespetu handiz tratatzen dute. Ez dakit berak nortasun handia duelako den edo zergatik den, baina beti errespetatu izan dute eta onartu dute den bezala. Oso maitatua eta babestua sentitzen da bera". 

Sentsibilizazioa, helburu bat

Shaila Ignacioren kasua eredugarri bada ere, ez da horrela transexualen kasu guztietan, ezta gutxiago ere. Komunikabideetan eta jendartean transexualitatea geroz eta ikusgarriago egitea eta sentsibilizazioa lantzea lehentasunezkotzat du Montse Ignaciok. Duela urtebetetik, gainera, Chrysallis adingabeko transexualen gurasoen elkarteko kide da eskoriatzarra. Zortzi bat familia elkartzen dira hileko azken igandeetan. Honela dio Ignaciok elkartearen helburuen gainean galdetuta: "Gure lehentasunak sentsibilizazioa eta transexualitatea ikusgarri egitea dira, baina baita jendeak gaia naturaltasun osoz ikusi eta tratatzea lortzea. Zerbait naturala izan dadin lortzea".

Kirurgia, etorkizuneko gaia

Umeak 7 urte ditu eta oraindik ez da etxean kirurgiaren edo blokeadore hormonalen gainean berba egin: "Egoerak sortzen doazen heinean joango gara erantzunak topatzen. Oraingoz, ez dugu horretan pentsatzen", dio Ignaciok. Izan ere, badaki etorkizunean halako eta bestelako egoerak sor daitezkeela: "Orain, esaterako, neska-mutiko guztiak aldatzen dira aldagela berean, joaten dira komun beretara... Etorkizunean hor gatazka bat sortzen bada, emango diogu irtenbidea", gehitu du.

Burokrazia, aldatuz

Dokumentazioko sexua aldatzeko aldaketa genitala egin behar zen orain dela gutxira arte. Legeak, gutxika, aldatuz doaz eta gaur egun bi urteko tratamendua nahikoa da papereko sexua aldatzeko. Hori bai, 16 urtetik gorakoak izan behar dute. Horregatik, tramite legalen egokitzapena ere bada transexualen eta adingabeko transexualen gurasoen aldarrikapena.

Ateak irekiz

Bere alabaren sentitzeko modua errespetatu eta hark jendartean agertu gura zuen moduari ateak ireki zizkion Montse Ignaciok duela hiru urte. Umeak sentitzen zuena ez zuen jendarteak ikusten eta hori aldatu beharra zegoen. Hankartean pitilina izan arren, Shaila Ignacio neskatoa baita. 

----------

Miren Navarro (sexologoa):  "Batez ere, familiari egoera ulertzeko baliabideak eskaintzea da nire lana"

Eskoriatzarra da Miren Navarro sexologoa eta ondo ezagutzen ditu Shaila eta Montse Ignacio ama-alabak. Bide honetan amaren ondoan izan da Navarro, behar zuen horretan laguntzen. 

Ondo ezagutzen dituzu Shaila Ignacio eta haren familia? Montse nire ahizparen laguna da eta ahizpak ipini ninduen jakinaren gainean. Behin, kalean, nire laguntza eskaini nion, sexologo naizen aldetik gura zuen guztian laguntzeko gertu nengoela.

Zein motatako laguntza eman daiteke sexologiatik horrelako kasu baten? Nire lana gertatzen ari dena ulertzen laguntzeko baliabideak eskaintzea da. Zerbaitegatik sufritzen dugunean, askotan zerbait hori ulertzen ez dugulako da eta informazioa edukitzea garrantzitsua da. Gainera, horrelako kasuetan ondo egiten ari zarela eta animoak ematea ere oso garrantzitsua da. 

Zer-nolako baliabideak? Egoera bera bizi izan duen mutiko baten esperientzia kontatzen duen ikus-entzunezko bat eskaini nion, identitatearen eta sexuaren gaineko materiala, gizakiaren formazio biologikoaren gainekoak... Azken finean, nire lana hor egotea izan da. Edozein zalantza argitzeko, eta abar. 

Ez bakarrik familiarekin, neskatoaren irakasleekin ere lan egin izan duzu. Nik Sexologia ikasi nuen eskolan ikastaro bat eskaini zuten, on line egiteko ikastaro bat. Montseri eta neskatoaren irakasleei egin nien proposamena eta egin egin zuten. Horrek ere asko lagundu zien gauzak ulertzeko orduan eta batez ere gaia nola landu jakiteko orduan.

Izan ere, ez dakigu nola egin aurre horrelako egoera bati. Ezjakintasunagatik da. Eskolak egin duen lana, baina, eredugarria izan da. Asko inplikatu da, jolasen bidez  -eta asko landu dute sexuaren eta identitatearen gaia.

Umearekin lanik egin duzu? Sexologiatik ez dugu ikusten umearekin lan egiteko inolako beharrik. Gainera, zenbat eta profesional gehiago egon haren inguruan, umeari orduan eta arazo gehiago sortzeko arriskua ere badago. Umeak berak, gainera, ez du arazo bat duenik sentitzen. Berak bere identitatea du beste edozein neska-mutikok moduan. Arazoa ez du berak, ingurukoek baizik, ez baitute ulertzen gertatzen ari dena. Ingurua landu behar da: familia, eskola, kalea...

Adingabeak zerbaitetan bereizten ditu adineko transexualengandik? Beti egon izan dira adingabeko transexualak, kontua da tapatu egiten zela. Ia ezinezkoa zen duela urte batzuk ume batek transexuala zela esatea. Ume horiek nagusi egin direnean eman dute euren identitatearen berri; baina heldu horiek ume izan dira eta oraingo umeen berdin bizi izan dute. Oraingo umeek bezala desberdintasun handi batekin: ezin zutela publiko egin. Gertatzen dena da pixkanaka gizartea aldatzen doala eta badirela Montse bezalako ama ausart eta eredugarriak, umearen zoriontasuna guztiaren gainetik ipintzen dutenak. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak