Energia-eraginkortasuna hobetzeko eta hainbat ekimen aurrera eroateko inbertsioak onartu dituzte

Mirari Altube Arrese 2014ko ira. 25a, 16:56

Hainbat inbertsio egitea datozen hilabeteotan onartu du Eskoriatzako udalbatzak. Martitzenean, hilaren 23an, egin zuen osoko bilkura eta guztira 130.000 euro pasatxoko inbertsioak izango dira, besteak beste energia-eraginkortasuna hobetzeko eta hainbat arlotako ekimenak aurrera eroateko.

Hainbat kreditu aldaketa onartu zituen martitzenean egindako ohiko osoko bilkuran. Irailarekin batera diru aurreikuspenak zelan dauden begiratu du, eta soberakina dagoela jakinik hainbat inbertsio egingo ditu datozen hilabeteotan.

Inbertsio horietako bat izango da energia-eraginkortasuna hobetzeko; 36.000 euro pasatxo. Horrekin egingo dituzte: bidegorriko argiztapena aldatu; liburutegitik San Pedro auzoraino doazen farolak berritu eta ledak jarri; baita plaza inguruko argiak aldatu ere. Horretarako, gainera, diru-laguntza jaso dute Aldunditik.
"Horrez gain beste ekimen batzuk ere jarri gura ditugu abian; euskara arloan, kirolean, turismoan…", argitu zuen Beñat Herce alkateak. Manuel Muñoz kiroldegiko obretan lan gehigarriak ere egin behar izan dira, eta 42.500 euro bideratu dituzte horretara. Guztira 130.300 euro inguruko inbertsioak onartu zituzten.

Gainera, Toponimiaren gainean egin duten lana onartu zuten behin behinean. Orain dela bi urte hasi zuten lan hori; lehenengo dokumentu zaharrak aztertu zituzten eta gero auzoz auzo ibili galdezka. Maiatzean erakusketa egin zuten, eta orain, behin behinekoz onartuta proposamen edo iradokizunak egiteko epea egongo da zabalik.

Euskararen erabilera sustatzeko diru-laguntzak ere onartu zituzten osoko bilkuran, herritarren euskara ikastaroak laguntzeko eta merkatarien errotuluak euskaratzeko, besteak beste. Era berean euskarako errefortzu eskolek ere jasoko dute laguntza.

Zinegotzi falta

Elizateetako zinegotzia izan den Iñaki Madinabeitiaren ordezkoa izendatzeko oraindik ez dagoela hautagairik jakinarazi zuten. Kargua utzi zuen horrek eta zerrendako hurrengo hautagaiak bete behar du horren lekua. Zerrendako bostek, baina, uko egin diote, eta orain hurrengoen erabakiaren zain dago Udal idazkaria.

Bi mozio onartuta

Mozio bi ere onartu zituzten. Bata Ezker Anitzak aurkeztu zuen, alkateak demokratikoki aukeratzearen gainekoa. Alkateak eta zinegotziak aukeratzeko prozesuan PPk egin gura dituen erreformen guztiz aurka azaldu zen, eta udalbatzako gainerako kideek babestu egin zuten.

Bigarren mozioa, Kutxaren gainekoa, Bilduk aurkeztu zuen. "Oso larria da Kutxabankekin gertatzen dabilena. Gipuzkoako Aldundiak proposamena egin du Kutxaren akzioak Gipuzkoako administrazioetan gera daitezen, udaletan edo Aldundiarengan esaterako, eta horrela kontrol soziala eta publikoa mantendu", azaldu zuen alkateak. Elizateetako zinegotziak eta Ezker Anitzakoak babesa eman zioten, eta EAJkoa aurka azaldu zen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak