Jabi Corbal: "Ez dut mugarik, liburu batekin hasten naizenean ez dut uzten amaitu arte"

Mirian Biteri 2014ko ira. 15a, 12:00

Jabi Corbal, Eskoriatza Kirol Elkartearen bulegoan, Gabez Takarraran-en jasotako oroigarria eskuetan duela.

Eskoriatza Kirol Elkarteko presidentea da Jabi Corbal.  Agian, elkarte horretan egiten duen lanagatik da ezaguna Corbal. Baina kargu horren atzean, urrian 41 urte beteko dituen "eskoriatzar petoa" dago. Datozen lerroetan, geratzen zaion denbora libre gutxian dituen zaletasunak azaltzen ditu, besteak beste.

Nor da Jabi Corbal?

Eskoriatzar bat, beste edozein bezala. Kasu konetan, Eskoriatza Kirol Elkartean zaletasunez sartuta dagoen herritarra naiz; besterik ez.  

Eskoriatza Kirol Elkartean zaletasunez zabiltzala diozu; baina lan asko emango duen zaletasuna izango da, ezta?

Bai, hala da. Zaletasuna da, baina presidente kargua hartu nuenetik, lana ere bada, noski. Nire zaletasuna saskibaloi entrenatzailea da; eta kirol elkarteko presidente kargua lan moduan definituko nuke.

Gogoan duzu zelan sartu zinen elkartean?

Zehatz-mehatz zenbat urte diren ezin dizut esan, baina orain dela 20 bat urte izango zen. Saskibaloi entrenatzaile moduan sartu nintzen, kadete mailako neskena. Handik bi urtera, gazte mailako mutilekin hasi nintzen; eta horren ondotik, emakumeak entrenatzeari ekin nion ostera. 

Ez dago zalantzarik, saskibaloia duzu gustuko.

Hala da. Oso gustuko dudan kirol jarduera da, eta gaur egun, gutxiago bada ere, jarraitzen dut. ACB ligako partiduak ikustea gustuko dut; baina gura baino gutxiago ikusten ditut azkenaldian. NBA ere jarraitzen dut, eta baita beheko kategoriak ere, jakina. Hain justu, horixe da dibertigarriena niretako: beheko kategorietan kolaboratzea.

Elkarteko presidente kargura itzuliz, ez da samurra izango Manolo Muñoz zenaren ondotik horrelako kargu bat betetzea, ezta?

Manolok lan egiteko sistema erakutsi zigun; lan asko egitea funtsezkoa dela irakatsi zigun; eta  baita elkartea familia moduan maitatzea ere. Pertsona eta profesional paregabea zen. Guk ahal duguna egiten dugu.  

Oraingo zuzendaritzak ere ondo gidatzen du elkartea, 50 urte bete dituzue-eta aurten...

Bai. Dena dela, helburua ez da urteak betetzea, herrian kirola sustatzea baizik. Egia da 50 urte ez direla urtero betetzen, baina osasun ona daukagu, eta baita lantalde ona ere. Esan beharra dago ni naizela elkartearen aurpegi ezaguna, baina atzean 40 lagunez osatutako talde ezin hobea dagoela. Herria eta elkartea maite dugu, eta horrek aurrera jarraitzea ahalbidetzen du.  

Kirol elkarteaz gain, izango duzu bestelako zaletasunik...

Denbora librea familiarekin egoteko aprobetxatzen dut. Lehen, horrez gain, kirola ere praktikatzen nuen: mendira joaten nintzen eta urrian astebete gordetzen nuen Pirinioetara joateko edo, besterik gabe, bidaiatzeko. Orain, hori guztia ezinezkoa da. Hori bai, saskibaloiko Kopa Txapelketa ikustera noa urtero; aurten Malagan izan naiz, eta dagoeneko badauzkat hartuta datorren urteko txartelak ere. Kanarietara noa datorren urtean. 

Irakurtzea gustuko duzula ere badakit...

Izugarri. Denbora nuenean asko irakurtzen nuen, baina orain, uda partean, gehienez, bizpahiru liburu irakurtzen ditut. Ez dut mugarik, liburu batekin hasten naizenean ez dut uzten amaitu arte; eta emaztea, batzuetan, haserretu egiten da.

Eskoriatzaz ere egingo dugu berba. Zelan ikusten duzu herria?

Oso ondo. Bestalde, kanpotik datorren jendea harrituta geratzen da antolatzen diren ekintzekin, bereziki uda partean. Astebururo dago zerbait, eta ez naiz kirol jarduerez bakarrik ari; Amuska eta Aitzorrotz elkarteek edo unibertsitateak, esaterako, askotariko ekintzak gertatzen dituzte. Dena dela, esan beharra dago, Debagoieneko gainerako herrietan bezala, jendeak alde egiteko ohitura duela asteburuetan, eta, agian, zerbait egin beharko genuke hori ekiditeko. 

Amaitu aurretik, beste norabait joango zinateke bizi izatera? Herriko txoko gustukoena?

Ezta pentsatu ere. Eskoriatzar petoa naiz, ez nuke Eskoriatza utziko. Herri txikia da, eta denok ezagutzen dugu elkar. Eta txoko kutunena: Atxorrotz, zalantza barik. Berezia da niretako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak