Egubakoitza, gaueko 22:00ak. Eskoriatza zerura begira, zalantzan, atzamarrak gurutzatuta eta aterkia eskura, errezoek funtzionatu ezean. Gora begira zeuden begi horietako batzuk Anje Duhalderenak, temati, publikoak hodeien mehatxuak jasango ote zituen galdezka. Badaezpada, 22:00ak puntuan oholtza gainera igo eta jendea girotzen hasi zen Arrangoitzekoa, euri lanbro leunaren konpainian. Publikoan zabaldu zen aterki lotsati bat edo beste, baina ez zuten denbora askorik egin.
Duhalderen doinu eta konpasek lehortu zituzten ur tantak Errekan Goran, eta giroa poliki-poliki epeltzen. Azkoaga Enea jendez lepo, eta Anje bere gitarraren konpainia soilean etorri zen arren, kanturako lagunik ez zitzaion falta izan. Publikoak gogotsu abestu zituen honen kanturik ezagunenak: Eperrak, Ama Euskal Herria... Eta baita normalean bandarekin abestu ohi dituen beste kantu mordoxka bat ere.
Abisatu zuen Duhaldek, eta ondo abisatu ere, kontzertu akustikoek sortzen dutela nolabaiteko lotura berezi bat publikoarekin. Aurreratu zuen kantariak, "etxean egiten duena" eskainiko zuela Eskoriatzan, eta ez zen gezurretan ari. Oholtzaren eta publikoaren arteko distantzia desagertu zen, bazkalosteko lagunarteko kantaldi bat bailitzan. Eskoriatzarrek, horren ohikoak ez diren kantuak ere eskatu zizkioten, konfiantzan. Orduan, irribarretsu, "eurek eskatu zutelako bakarrik", oparitu zizkien "zazpi lore" moduko pare bat altxor ezkutu bere lagunei, bere publikoari.
Bi ordu eta hogei minutu inguruko errezitaldiaren ostean, pozik geratu zen Eskoriatza. Pozik Anje Duhalde, pozik publikoa, eta euri tantarik ez "errekan gora".