Sor Ambrosia izango dute gogoan etzi, Maringo jaietan

Mirian Biteri 2014ko uzt. 18a, 17:00

Madalena jaiak ospatuko dituzte asteburuan Marinen, eta etzi, domeka, eguerdian egingo duten mezan Sor Ambrosia izango dute gogoan. Bere bizitza gogoraraziko dute elizkizunean, behartsuen alde egindako lana nabarmenduta. Baina nor zen, zehazki, Ambrosia Orobengoa Gallastegi?

Maringo Lukaran baserrian jaio zen, 1881eko uztailaren 1ean, eta elizate bereko Santa Maria Madalena parrokian bataiatua izan zen. Jorge zen aita, eta Leona ama. Aitaren gurasoak aramaioarrak ziren; eta amaren aldetik, Domingo de Gallastegi Arantzabal Elgetakoa eta Teresa Uribe Agirregabiria Maringoa,

Agarre baserriko ondorengoa.

Agarrekoak Lukaran baserriko ugazabak ziren; eta, hain zuzen, XVIII. edo XIX. mendean eraikitako baserri hartan jaio zen Sor Ambrosia. Bigarren mailako baserria zela uste da, eta ez zituzten urte asko eman han, Lukarango ondorengoak Agarrera itzuli ziren eta. Egun, horma-hondarrak baino ez dira geratzen.
19 urte zituela, Mesedetako kongregazioan sartu zen Ambrosia; hain justu ere, 1900. urtean; lehenago, dena dela, Aretxabaletako etxe batean jardun zuen, baserriko lanak egiten.

Lojara, Granadara

Juan Nepomuceno Zegri apaizak sortu zuen Mesedetako kongregazioa, 1978an; txiro, gaixo eta marjinatuen alde lan egitea zuen helburu. Ordena hori hainbat elizbarrutitan hedatu zen, bere karisma zela eta. Horren harira, honako hau esaten zuen Zegrik berak: "Lana ez da bukatuko min bakarra sendatu gabe gelditzen bada, ezbehar bakarra kontsolatu gabe edo mindutako bihotzetan esperantza tantaka isuri gabe". Giro horretan sartu zen Sor Ambrosia, eta 1913an, Granadako Lojako ospitalera bidali zuten.

Ospitale zibil hori, gaur egun Mesedeetako Ama nagusien egoitza, San Frantzisko auzoan dago. Garai hartan, behartsuak ziren auzo hartako biztanleak; orduan ez zegoen gizarte segurantzarik eta ez zuten dirurik osasun arloko gastuak eta laguntza-zerbitzuak ordaintzeko. Hortaz, beharrak ase nahian, Mesedetako ahizpengana jotzen zuten, arreta eta maitasuna jasotzeko. Moja guztien artean, Sor Ambrosia berezitu zen. Eskoriatzarra hil zenetik 79 urte pasa badira ere, 1935eko otsailaren 1ean hil zen Lojako ospitalean, 54 urte zituela, gogoan dute oraindik bizirik daudenek.

Beti laguntzeko gertu

"Santa" moduan aurkezten dute, beti laguntzeko gertu zegoen emakumea, eta egindako mesedeak kontatzen hasten dira. Hil zenean bere gauzak ere eskatu zituzten askok, gordetzeko. Granadako San Gabriel parrokiak heriotza-agiriak ere "jainkozale eredugarritzat" jotzen du, eta behartsuen alde egindako lanak Lojan "idolo" izatea eragin zuela dio agiriak, "santa" bezala beneratua izan zela. Haren hiletan, herri guztia, Udaleko eta elizako ordezkariak barne, batu zela jasotzen da.

Garai hartako El ideal egunkarian ere aipatu zen Sor Ambrosiaren heriotza; eta Lojako udalbatzak ezohiko osoko bilkura egin zuen, hori dela eta. Udalbatza haren hileta ordaintzeko gertu azaldu zen, baina San Gabriel parrokia aurreratu zen. Azkenean, eliza horretako abadeen gelan lurperatu zuten, eta plaka eta guzti jarri zuten.

Aitor Antxia aretxabaletarra arduratu da Sor Ambrosiari buruzko bizitza biltzeaz.

Maringo jaiak bihartik

Bihar, zapatua, emango diete hasiera Maringo festei, 18:00etan. Etxafuegoen jaurtiketarekin batera, kanpai festa izango da Arientzako kanpai-jotzaile eskolakoen eskutik. Ilunkeran, 21:00etan, auzo afaria egingo dute; 40 bat lagun elkartuko dira mahaiaren bueltan arrain-zopa, entsaladilla, solomilloa eta etxean egindako tarta dastatzeko. Hori dena jaisteko, 23:00etan, Jainaga eta Narbaiza trikitilariekin dantza egiteko aukera izango da. Eguna behar bezala amaitzeko, txokolate beroa banatuko dute. Domekan, meza dago 12:00etan, eta hori amaitzean, luntxa egingo dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak