Anje Duhalde: "Etxean egiten dudana eskainiko dut Eskoriatzan"

Garazi Aiesta 2014ko uzt. 18a, 09:53

Anje Duhalde musikaria

Errekan Gora jaialdiaren barruan kontzertu akustikoa emango du musikariak egubakoitzean Eskoriatzako Azkoaga Enea hotelean. Anje Duhaldek urteak daramatza gurean oholtzatik oholtzara, eta Eskoriatzakoa kontzertu akustikoa izango dela aipatu du, atzoko eta gaurko kantuak gogora ekarriko dituena.

 

 

Zer topatuko du publikoak egubakoitzeko emanaldian?
Anje Duhalde eta gitarra bat. Puntu. Funtsean, etxean egiten dudana eskainiko dut. Neu izango naiz, erdaraz esaten den moduan "a pelo". Antolatzaileek esan zidaten akustikorako toki berezia zela, eta beraz, aurrera.
Baina makina bat aldiz taldean ere jotakoa zara. Nola sentitzen zara erosoen?
Bietan, ezingo nuke aukeratu. Taldean jotzea ezberdina da, eszenatokia handiagoa da... Akustikoetan, baina, publikoarekiko daukazun gertutasunak oso gauza bereziak, intimoak, sortzen ditu.
Zure publikoa hetereogenoa bada behintzat. Belaunaldien artean zubi lana egitea aitortzen dizute askok...
Hori ohore handia da niretzat, askotan neurtu ezin dudan ohore bat. Behin neskato batek autografo bat eskatu zidan eta izena galdetu nionean, amarentzat zela esan zidan.  Eta orduan pentsatu nuen:"amonarentzat eskatzen didaten egunean, nireak egin du". Ez, oso gauza polita da.
Hamaika zuzeneko eman dituzu. Zer dira zuzenekoak zuretzat?
Niretzat zuzenekoak ematea kantari baten eginbeharra da. Publiko baten aurrean kantatzen ez duen kantaria, esango didazu zer kantari mota den. Ingeniari bat edo laborategiko langile bat, agian, baina ez kantari bat.
Beraz zu ez zara playback-aren aldekoa izango.
Ez gero! Tokatu zait telebistarako egin beharra, eta guztiz gorroto dut. Oso txarra naiz, asko nabaritzen zait. Badaude ondo egiten duten batzuk, eta bejondeiela. Nik ez dut gustuko.
Zuzenekoekin murgilduta  zaudenean ere, konposatzen jarraitzen duzu?
Noski, kantuak asmatzea eguneroko kezka bat da. Sortzen hasi naizen azken kanta amaitu gabe daukat oraindik, pentsa. Kontzertuak ematen egon edo ez, sorkuntza beti dago hor.
Eta publikorik ez dagoenean ere kantatzen duen horietakoa zara?
Ohituta zaudenean horrela ibiltzera ezin duzu edozein astakeria egin. Badakizu, fisikoki ahots kordek ez dizute barkatzen. Baina, tira, egin izan ditut astakeriak ere: kontzertu ostean goizeko zazpiak arte kantuan egotea, edo bazkalostean bi orduz... Hori bai, ezetz esaten badut lagunartean errieta dezente jasotakoa ere banaiz. Baina tira, nire inguruan kantuan dakien jende ugari dago, eta beraz dena amaitzen da kantuz.Baina bai, neurtuta daukadan zerbait da.
Beraz etorkizunera begira, kantu berriekin osatutako beste bilduma bat daukazu buruan?
Nork daki... agian hurrengo urtean zerbait berriarekin nator. Euskarriak ere aldatzen ari dira, eta hori beste kontu bat da, baina badut zerbait berria egiteko gogoa.
Zeintzuk dira etorkizunera begirako erronkak?
Hurbilean, uda hau ondo amaitzea. Nahikotxo kontzertu dauzkat. Irailean Quebec-era noa kantatzera eta gero ikusiko dugu negu parte hori nola joango den. Seguruasko gauzak prestatzea eta zehaztea izango da, batik bat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak