Urrian beharrean, zapatuan egingo dute Eskoriatzako mendi bizikleta martxa

Mirian Biteri 2014ko uzt. 9a, 12:18

Berrikuntzekin dator zilarrezko ezteiak betetzen dituen Eskoriatzako Mendi Bizikleta Martxa; tartean, data aldaketa dago. Orain arte urriaren erdialdean egin izan bada, edizio honetan uztailera aurreratzea erabaki dute; hain justu, zapatuan egingo dute proba.

Udal Kirol aholkulari Rosa Lasagabasterrek jakinarazi du hiru arrazoi daudela data aldaketa horren atzean: alde batetik, mendian ahalik eta eragin gutxien izan dezan, uda omen dela sasoi onena horrelako probak egiteko; bigarrenik, urrian mota horretako martxa "larregi" daudela, eta bailarako gehienak ere hilabete horretan direla; eta hirugarrenik, udazken partean, ehiztariak dabiltzala menditik.

Egunean bertan eman ahalko da izena, 08:15etik, plazan. Hamabost euro ordaindu beharko dituzte azken orduko parte-hartzaile horiek.  XXV. Esko Xtrem izeneko martxa 09:00etan abiatuko da, plazatik.

Izena ematearekin batera, honako zerbitzuak izango dituzte txirrindulariek: asegurua, anoa, aldagelak eta dutxak, bizikleta garbitzeko tokia. Horrekin batera, Lasagabasterrek gogorarazi du derrigorrezkoa dela kaskoa, eta zulatuen aurkako gurpilak eroatea ere gomendatzen dela.

Helduendako bi ibilaldi

Baina dataz gain, berrikuntza gehiago daude; esaterako, ibilbideak ere berriak dira. Aurten ere bi ibilaldia egongo dira aukeran, baina biak helduei zuzenduta; iazko probarekin alderatuta, aurtengo ediziokoan ez dute umeendako zirkuiturik antolatu.

Azken horren bueltan, Kirol aholkulariak gaineratu du Zikloturistak eta Areka BTT taldeetako kideek zailtasun tekniko eta fisiko altuko ibilaldiak gertatu dituztela: distantziari dagokionez, motza dena, 21 kilometrokoa eta 1.100 metroko desnibel positiboa du; eta luzea, 37 kilometrotakoa da eta 1.700 metroko desnibela du.

Bidezidorretatik

Probaren gogortasunari dagokionez, bata gogorra dela esan daiteke eta bestea Extrem delakoa. Lasagabasterrek nabarmendu du oso ibilbide "gorabeheratsuak" direla eta fisikoki "oso exigenteak". Horrez gain, zailtasun teknikoa dutela azpimarratu du; horren harira, azaldu du orain arteko martxak bide zabaletatik joan direla bereziki, eta aurten, aldiz, ibilbidearen %45a bidezidorretatik doala.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak