Denok batera 'herrixa' elkartuz

Mirian Biteri 2014ko eka. 26a, 11:48

Iazko ikuskizunean 75 bat laguneak hartu zuten parte.

Joan den urteotako ikuskizunek izandako arrakasta ikusita, aurten ere eskoriatzarrek sortutako emanaldia ikusteko aukera izango da festetan. San Pedro egunean izango da hori, domekan, 22:30ean, Eduardo Gorosarri plazan.

Hirugarren aldia da horrelako zerbait egiten dela. Orain dela bi urteko festetan, Herri taupadak izeneko ikuskizuna egin zuten plazan; batukadarekin batera, hainbat herritarrek parte hartu zuten abesten eta askotariko musika tresnak jotzen. Joan den urtean, Marijo Pagaldaik hartu zuen saio hori koordinatzeko lana, eta horren ondorio izan zen Herrixa munduan eta mundua herrixan. Kontakizun modukoa aurkeztu zuten orduan; beste herrialdeetatik etorritako eta kanpora joandako eskoriatzarren arteko keinu modukoa izan zen hori, askotariko kulturen hartu-emana eta ongietorria.


Askotariko fusioak

Aurten, Herrixa elkartuz ikuskizunarekin datoz. Horren gaineko hainbat xehetasun eman ditu Marijo Pagaldaik: "Fusioak dira: umeen eta nagusien arteko fusioa, kantu lirikoen eta rockeroen artekoa, folklore andaluziarraren eta euskaldunaren artekoa, eta baita kultura galegoaren eta bertsolarien artekoa ere. Arizmendi Ikastolaren eta Luis Ezeiza herri eskolakoen arteko fusioa ere izango da ikuskizunean. Askotariko arloetako gauzak elkartzean datza saioa. Horren bueltan, ikuskizuna laburbiltzen duen esaldiarekin amaitzen da emanaldia: "Zatoz laguna, goazen denok batera dauzkagun loturak askatzera, zatoz laguna, goazen denok batera, Eskoriatza besarkatzera".   


Ehun lagun inguru

Bestalde, ikuskizun herrikoi horretako partaidetza urtetik urtera handituz doala aipatu du Pagaldaik. Iaz, 75 eskoriatzarrek parte hartu zuten eta aurten, 100 inguruk. Askotariko adinetakoak daude, eta aurtengo edizioak ume gehiago izango ditu. Horren harira, honakoa gaineratu du eskoriatzarrak: "Aurten ume asko daude. Kontuan hartu behar da bi ikastetxeen bateratzea gertatzen dela emanaldian".
Ikuskizuna, esan bezala, San Pedro egunean aurkeztuko dute. Bada, eskoriatzarrek hilabeteak daramatzate entseguekin; izan ere, urte hasieran hasi ziren aurtengo ikuskizunaren nondik norakoak zehazten, eta otsail eta martxo aldean hasi ziren entseguekin; azken horren harira, azkenaldian, astero dabiltza elkartzen. Dena dela, Pagaldaik jakinarazi du taldearen araberakoa dela hori, nor bere aldetik dabilelako lan egiten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak