Jinko Vilova: "Mugimendu txiki bat sortzen ari da psikodeliaren bueltan azkenaldian"

Jagoba Domingo 2014ko eka. 24a, 00:00

Jinko Vilova hirukotearen promozio argazkia.

Jinko Vilova hirukoteak Bartzelonan dauka egoitza; hala ere, euren artean eskoriatzar bat dago, Lander Besa baxu-jotzailea. Ez da Besak izan duen lehenengo taldea. Jinko Vilovarekin, baina, psikodeliak beste estilo batzuei ematen die eskua, eta diskoan zein zuzenean, batez ere zuzenean, bukle konstantean harrapatzen dute entzulea eta burmuineko leku ilunetara eramaten dute; bidaia bertan hasten da.

Noiz sortu zen Jinko Vilova?

Duela lau bat urte sortu genuen taldea Carles bateria-jotzaileak, Ander gitarristak eta hirurok. Beste talde batzuetan jotzen genuen, baina talde normalen egituraz aspertuta geunden. Kantuak sortzeko orduan ez dute zertan egitura edo patroi jakin bat jarraitu; horretatik alde egiteko sortu genuen Jinko Vilova. Nolabait, barrenak husteko bide bezala hasi ginen hirurok jotzen; inolako aurreikuspen barik kantuak sortzeko, nolabait inprobisazioan oinarrituta. Hasieratik askatasun osoz jotzea erabaki genuen, ideiak sortu eta horien gainean lan eginez egin ditugu abestiak.

Psikodelia, kraut, progresiboa... zer egiten du Jinko Vilovak?

Horren guztiorren eta beste batzuen nahasketa bat. Hasieratik, Carles eta biok elkartu ginenean, proiektuak psikodelia karga garrantzitsu bat izango zuela nahiko argi genuen. Konposatzeko orduan, lan egiteko erak abestian zerikusi zuzena duela uste dugu. Konpositoreak kantua etxean egiten badu eta gero lokalean aurkezten badu, abestiak seguruenik egitura jakin bat izango du, egitura arrazionalagoa. Gure kasuan, ordea, kantuek beste bide bat egiten dute. Jotzen dugun guztia grabatzen dugu eta ostean grabazio horiek entzuten ditugu kantuak sortzeko.

Orduan, dena grabatzen duzue?

Bai, dena grabatzerakoan, hasierako ideiak eboluzio handia izan ohi du. Entsegu guztiak grabatzen ditugu eta ondoren entzun egiten ditugu; zirriborrotik gauzak argitzen saiatzen gara, gitarraren melodiak, baxuaren linea...

Nolakoa da orduan Jinko Vilovaren entsegu bat? 

Hainbat entsegu mota daude, ez da berdina kontzertu baterako zerrenda entseatzea edo kantuak egiteko prozesua. Kontzertu baterako kantuak jotzen ditugu; hala ere, aurretik hogei bat minutu erabiltzen ditugu berotzeko. Hau da, inprobisatzeko. Ostean, beste ordu erdi bat ematen dugu aurretik sortutako ideia bat lantzeko edo berria den zerbait sortzen saiatzeko. Konposatzeko entseguak badira, jo ostean asko hitz egiten dugu. Adibidez, hamabost minutuz kantu bat jotzen egon ostean, hamar minutu ematen ditugu hitz egiten. Kontua da guztion sentsazioak kontuan hartzea, kantuak zer esaten digun aztertzea. Oso garrantzitsua da beto-eskubidea ere; hiru taldekideok kantuetan sinistu behar dugu, eroso sentitu behar dugu gure abestiak interpretatzean. Beraz, gutako edonori erritmo bat ez baldin bazaio gustatzen, beto-eskubidea dauka. Ez da demokrazia bat, bi pertsonak ezin dute bakarraren iritzia baliogabetu. 

Cru! diskoa da zuen lehenengoa.

Bai; duela bi urte grabatu genuen Wheel Sound Studioan. Tomasito Records zigilua sortu genuen diskoa kaleratzeko, eta, egia esan, harrera nahiko ona izan du. Azkenaldian psikodeliaren inguruan eszena edo mugimendu txiki bat sortu da. Besteak beste, Barcelona Psychedelic Underground kolektiboa sortu genuen, gure artean ezagutu eta gauzak errazago antolatzeko.

Psikodelia bai, baina hippyak ez.

Esan bezala, psikodelia ardatz dugun arren, ez da ohiko psikodelia. Askotan, psikodelia hitza erabiltzerakoan jendeari maitasuna, bakea eta ideia horiek etortzen zaizkio burura. Gure musikak ez du zerikusirik horrekin, agresiboagoa eta bortitzagoa da; kraut-rock, rock progresiboa edo punka ere bertatik dago; nire kasuan esaterako, Eskorbuto beti izango dut iparrean. Erreferente bezala, Can, Neu, Television edo James Brown ditugula esan genezake, hura da buklearen erregea!

Zuek ere bidean zoazte.

Orain disko berria osatuko duten kantuetan lanean gabiltza, eta egia esan lan handia dugu aurretik. Material asko daukagu grabatuta eta guzti horren garbiketa egiteko prozesuan sartzeko prest gaude. Jinko Vilovaren hurrengo pausoa izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak