Karmele Agirregabiria: "Gustuko ditut sukalde kontuak eta arrozari ondo hartzen diot puntua"

Mirari Altube Arrese 2014ko eka. 4a, 00:00
Internet bidez euskaraz ikasteko fitxa baten aurrean Agirregabiria.
Eskoriatzarra da Karmele Agirregabiria (Eskoriatza, 1964), lan kontuengatik Aretxabaletan egoten da batez ere, eta Bergarako Ubera auzoan bizi da. Urte mordoa daramatza euskaraz irakasten Leintz Udal euskaltegian (Eskoriatza eta Aretxabaleta), eta bertako zuzendaria ere bada.

Zein da Karmele Agirregabiria, zelakoa da?

Langilea da eta lagunen laguna. Eta kontuak ahazten ez dituena, gainera.

Zelako harreman daukazu sukaldearekin?

Beti gustatu izan zaizkit sukalde kontuak. Egia da astean zehar senarrak jarduten duela sukaldean, baina oso gustuko dut.

Zein da zure espezialitatea?

Arroza, puntua oso ondo hartzen diot.

Zertara gonbidatuko zenuke lagunik onena?

Aste bukaera pasa spa batera.

Eta etsairik handiena?

Hori ere spa batera, berriketan egiteko harekin.

Zeinekin gustatuko litzaizuke mahaiaren bueltan eseri?

Bernardo Atxagarekin.

Zergatik euskara irakasle?

Bizitzak honetara ekarri nau… Irakasle-ikasketak egin eta nerabeekin egin nuen urtebete. Baina konturatu nintzen ez zela hori nire mundua. Gero euskaltegietako lan poltsarako deialdira aurkeztu nintzen eta geroztik hemen nabil. Helduen mundua gustatu egin zitzaidan eta euskara orduantxe deskubritu nuen.

Euskaraz erakustea, poztasuna da edo frustrazioa?

Poztasuna, euskaraz ez dakienari erakutsi eta gero kalean euskaraz entzutea poztasun handia da. 

Zer gurago euskaraz hala moduz egiten duen euskaldun berria edo tarteka bakarrik egiten duen euskaldun zaharra?

Euskaldun berria. Denbora guztian euskaraz jardungo duten euskaldun zaharrak behar dituzte berriek hobeto moldatzeko.

Zerk ematen dizu belarriko mina? Gaztetxoek dioten: eske, yaque, porque, si, tipo… Belarriko eta bihotzeko mina ematen didate.

Irakasle lanean ez duzu gustuko…

Azterketak. Ikasle askok dutelako gaitasuna baina azterketa garaian blokeatu egiten direlako.

Non gusturago ikasleen aurrean edo komunikabideen aurrean?

Ikasleen aurrean.

Eskoriatzako euskara edo Bergarakoa?

Eskoriatzakoa, zalantza barik.

Eta Bergarako Pazkoak edo Eskoriatzako San Pedro jaiak?

Sanpedroak, nahiz eta Pazkoetan denbora gehiago egin.

Iratxoek hiru desio betetzeko aukera eman dizute.

Autodeterminaziorako eskubidea; Euskal Herrian bizi garen guztiok euskararen menpe izatea; eta independentzia.

Zure bizitzako anekdota bat.

Ikasle bat ezkondu egin zen ikasturte bukaeran eta hurrengoaren hasieran oso gizen ikusi nuenez zoriondu egin nuen haurdun zegoelakoan. Zelan zoriondu gainera! Gainerako ikasleen aurrean oihuka iragarri, muxuak eman… Eta ezetz, ez zegoela haurdun erantzun zidan. Ia hilabete pasatu nuen barkamen eske…

Euskara irakasle lanbidean zer da ezinbestekoa?

Euskara maitatzea eta hori transmititzen jakitea.

Damu zara…

Zientzia zehatzak ikasi ez izanaz.

Zer errepikatuko zenuke?

Euskaltegian egindako ibilbidea.

Zerk beldurtzen zaitu?

Nire alaben sufrimenduak.

Lanetik etxera iritsi berri, sofan eseri eta…

Azken deskubrimendua puntua izan da. Eta bestela irakurri.

Nora ospa egingo zenuke gustura?

Nafarroara.

Ze esaldi konpartituko zenuke? 

Amak asko esaten duen esaera: Zopatsu eta saldatsu, ezin da!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak