Josu Elberdinek konposatutako 'Jostailugilea' ipuina kantuz kontatu zuten Beheko Errotako ikasleek

Amaia Txintxurreta Guridi 2014ko mai. 31a, 13:12

Ibarraundi museoa musika areto bihurtu zuten atzo, egubakoitza, Beheko Errota musika eskolakoek. Taularen gainean ziren: 20 lagunek osatutako abesbatza, musika tailerreko ikasleak aktore lanetan, Irati Unanue narratzaile papelean eta Mentxu Pierruges irakaslea pianoan; horiek guztiak, Cristina Cubillo irakasleak zuzenduta. 120 ikusle batu ziren, horien artean, protagonisten senideak eta lagunak.

Normalean beste batzuendako jostailuak egiten duen jostailugileak, horrelako baten, tximeleta bat jaso du opari, baina haren zoritxarrerako, apurtu egin zaio eta konpondu ahal izateko, besteak beste, sorgin, druida eta pailazoengana joko du, laguntza eske. Horixe da Josu Elberdinek konposatu eta atzo, egubakoitza, Beheko Errota musika eskolako ikasleek kantuz kontatutako istorioaren abiapuntua.

"Aspadi nuen horrelako ekitaldi bat egiteko gogoa. Oñatiko Ganbara Txiki abesbatzekoek egindakoa ikusi nuenean, asko gustatu zitzaidan eta aproposa iruditu zitzaidan gure ikasleekin ere egiteko. Musika tailerrekoek oso gazteak dira eta apenas izaten dute jendaurrean eskolan ikasitakoa erakusteko aukerarik. Aktore lanak egitea proposatu nien orduan eta ikaragarria izan da hasieratik erakutsi duten prestutasuna eta ilusioa" kontatu du Cristina Cubillo irakasleak.

Apirilean hasi zen, bada, txikienekin ipuina prestatzen, ordurako hasita zegoen Cubillo abesbatzakoekin kantuak ikasten. "11-12 urteko gazteek osatzen dute abesbatza, aurtengo taldea, bereziki ona da eta proposamena egin orduko gogoz egin dute lan". Gustura da, bada, Cubillo emaitzarekin eta ez du alboratzen, datozen hilabeteetan beste emanaldiren bat egitea. "Oso gustura ikusi zituen ikasleak Ibarraundin, bakoitza bere papelean guztiz sartuta eta gustura sumatu nituen, era berean, ikusleak. Garantzitsua da eskolako ekintzak heritarrei zabaltzea" gaineratu du Cubillok.

Ikasturtea bukatu aurretik ekintza gehiago

Askotariko musika tresnen erakustaldiak eta kontzertua, horiek guztiak egingo dituzte Beheko Errotakoek oporrak hartu aurretik. Urtean zehar ikasitakoa, baina, heritarrekin gura dute konpartitu; hori horrela, ekainaren 20an, herriko plazan kontzertua egingo dutela iragarri du Cubillok.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak