Gorka Urrutia: "Goitibeheretatik ezin da bizi; beraz, autoekin lotutako lan batean ibiltzea gustatuko litzaidake"

Jon Moñux 2014ko mai. 25a, 00:00

Gorka Urrutia, goitibehera zaharrarekin eta goitibehera berriaren karkasarekin.
Gorka Urrutiak 18 urte ditu eta eskoriatzarra da. Mantenu ikasketak egiten dihardu Oñatin. Orain dela urtebete inguru, gurasoei ezer esan barik, goitibeheretan lehiatzen hasi zen. Gaur egun, baina, bere afiziorik handienetakoa bilakatu den goitibehera txapelketetan parte hartzen jarraitzen du. Baserri ondoko zirkuituan entrenatzen da.

Nola hasi zinen goitibeheretan?

Gurasoei ezer esan gabe hasi nintzen, ez zidatela utziko pentsatzen nuelako. Lagunek animatu ninduten. Nik, egia esan, gauza gutxi nekien goitibeheren inguruan. Halako batean, Oñatin goitibehera lasterketa bat zegoela jakin nuen, eta nik egindako goitibehera batekin animatu nintzen bertan parte hartzera. Hain gustura ibili nintzen, hurrengo egunean Bergaran zegoen beste jaitsiera batera ere joan nintzen.

Noiz kontatu zenien gurasoei?

Aurretik aipatutako jaitsiera hauek egin ondoren kontatu nien gurasoei. Orduan, ganorazko goitibehera bat egin nuen aitarekin, aurrerantzeko jaitsieretan parte hartzeko. Orain ere aitak asko laguntzen dit. Amari, berriz, beldurra ematen dio eta poliki ibiltzeko esaten dit.

Zenbat jaitsieratan hartu duzu parte?

Debagoienean jokatzen diren txapelketez gain, Euskal Herriko txapelketa guztietan hartu dut parte. Eskoriatzako jaitsieran, gainera, lehenengo postua lortu nuen herritarren artean. Hori dela eta, txapela eta kopa eraman nituen.

Zuk egiten dituzu, gainera, zure goitibehera guztiak.

Bai, hala da. Aitaren laguntzarekin egiten ditut, eta lagunek ere asko laguntzen didate. Goitibeherak egiteko erabiltzen dudan materiala burdina da, eta autoaren pieza batzuk ere erabiltzen ditut. Motorraren piezak ere erabili ohi ditut.

Zenbat goitibehera izan dituzu?

Lau izan ditut, guztira. Lehenengo biak oso sinpleak ziren. Beste bietan, berriz, ordu asko sartu ditugu eta lan asko egin dugu. Geroz eta hobeak egiten ditugu. Orain daukadan goitibeherarekin arazo batzuk izan ditut, eta aldaketa batzuk egiten ari naiz.

Arriskutsuak dira goitibeherak?

Material ona erabiliz gero eta segurtasun neurri egokiak jarrita, ez dira arriskutsuak. Hori dela eta, entrenatu eta autoa ondo muntatu beharra dago.

Badago zaletasunik Euskal Herrian?

Nik baietz esango nuke. Eskoriatzan, adibidez, afizio handia dago eta edonork hartzen du parte jaitsieretan; bai gazteek, eta baita helduek ere. Hala ere, eskaera badagoen arren, eskaintza ez da oso handia gure bailaran, Eskoriatzan, Bergaran eta Oñatin bakarrik izaten baitira horrelako txapelketak.

Auto lasterketak ere gustatzen zaizkizu.

Asko gustatzen zaizkit. Bai autoak, eta baita auto lasterketak ere. Zirkuiturako auto bat daukat, gainera. Edozelan ere, ez dut auto karreretan parte hartzen, baina, inguruan lasterketa bat egonez gero, beti joaten naiz ikustera.

Nondik datorkizu kotxeekiko zaletasuna?

Txikitatik gustatu izan zaizkit autoak eta motorrak. Aitari ere asko gustatzen zaizkio; beraz, mundu hori txikitatik bizi izan dut etxean.

Gertu dago Bergarako jaietako goitibehera txapelketa. Parte hartuko duzu bertan?

Bai; esan bezala, inguruko jaitsiera guztietara joaten naiz. Beraz, Bergarakoan ere hartuko dut parte. Hala ere, aurretik Oñatin beste txapelketa bat dago, eta hara joango naiz lehenago. Orain, presaka nabil goitibehera berria prestatzen.

Etorkizunerako zer plan?

Ez dakit zer egingo dudan etorkizunean. Goitibeheretatik ezin da bizi; beraz, autoekin lotutako lan batean ibiltzea gustatuko litzaidake.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak