DJ lanetan aritzeak kostu ekonomiko handia eskatzen du?
Ekipamendua oso garestia da. Aparailuak garatzen joan dira. Garai batean, agian, nahiko zen bi plater izatea, baina gaur egun beste mota bateko ekipamendua erabiltzen da.
Tabernetan DJ saioak gorakada izan duela uste duzu?
Tabernak leku ona dira normalean heltzen ez zaren horiengana heltzeko. Ni neu Arrasateko taberna batean ibili naiz asteburuetan urte eta erdi inguru. Arazoak izan ditugu bezeroekin, musikaren bolumen altuagatik. Tabernan aritzearen desabantailetako bat da hori.
Musika elektronikoa ezagutzen ez dutenek musika mota hau nahiko baloratzen dutelakoan zaude?
Musika mota hau inguratzen duenarekiko ikuspuntu txarra nahiko zabalduta dago, zoritxarrez. Festa eta drogarekin erlazionatu ohi da. Mundua ezagutzen duzunean, ordea, bertan mugitzen den gehiengoa musika horrekiko duen pasioarengatik dago hor.
Egiten duzunaz gain, beste musika estilo batzuk ere gogoko dituzu?
DJ aritzeaz gain, bateria ere jotzen dut aspalditik. Aurrez, heavy talde bat izan nuen, eta bluesa eta jazza ere gustuko ditut. Horrek erakusten duen moduan, estilo desberdinetara oso zabalik nago, ez dut ezer baztertzen
Zein izan da eskaini duzun DJ saiorik gogoangarriena?
Eskoriatzako Zarauztarra tabernan egindakoa izan da orain arteko onena. Herriko festetan, sanpedroetan, izan zen eta primeran atera zen. Taberna gaueko 10etatik goizeko 10etara beteta egon zen. Nik eta bertan egon ginen gainontzeko DJek ez dugu gau hura erraz ahaztuko.
Nolakoa izaten da zure sorkuntza prozesua?
Interneteko Beatport programa erabiltzen dut etxean. Mundu osoan ateratzen den musika berria entzun daiteke bertan. Egunean bizpahiru ordu inguru ematen ditut besteek egindako musika entzun eta deskargatzen. Ostiraletan egiten dut, normalean, bildutako musika guztiaren nahasketa, eta hortik ateratzen dut gero jendaurrean erabiliko dudan musika.
Diskoekin ere ibiltzen zara?
Egia esan, bi aldiz bakarrik ukitu ditut diskoak musika jartzeko orduan. DJ onak diskoekin ibili behar duela dio esanak, ordenagailuarekin jendearen aurrean egotean ez baita ikusten benetan egiten ari zarena. Gainera, badirudi berriz ere biniloa modan jartzen ari dela. Nik gutxi ezagutzen dudan arren, orain arte probatutakoarekin, diskoekin pintxatzea beste sentsazio bat dela esan dezaket, egia da beste xarma bat daukala.
Musika elektronikoa oso bizirik dagoen leku bat da Eivissa (Ibiza). Egunen batean bertan aritu nahiko zenuke aukerarik izanez gero?
Argi dago Eivissan aritzea izugarria izango litzatekeela. Mundu honetan dabilenarentzat gailurra da, baina ez daukat hori buruan. Nire helburua ez da hori lortzea. Euskal Herrian ere badira leku interesgarriak; Txitxarro eta New Guass diskotekak, esaterako. Horietan sartzeko aukerarekin nabil eta horrekin konformatzen naiz. Eivissara iristeko izen ona lortu eta goi mailako DJ-en mundu horretan egon beharra dago.
Epe laburrera begira zein proiektutan murgilduta zaude?
Pixkanaka produkzioak egiten ari gara. Bien bitartean, beste lagun batekin ere hasi naiz musika jartzen. Beste proiektu batean ere sartuta nago. Azken honetan, orain arte egin gabeko zerbait egingo dugu, perkusioa ere erabiliko baitugu. Musika elektronikoaz gain, inprobisazioa ere sartu nahi dugu.