Askotariko arloak landu gura izan dituzte aurten, eskoriatzarron parte-hartzea lagun izan dutela. Horren harira, honakoa azaldu du: "Ariketa fisiko eta elikadurarekin batera, arlo psikologikoa ere jorratu gura izan dugu; azken horren bueltan, barreterapia tailerra gertatu dugu. Jendea pozik bizi behar da. Osasuna da kontziente izatea ondo elikatu behar naizela eta ariketa fisikoa egin behar dudala, baina sufritu barik. Garrantzia eman behar diogu psikologikoki ondo egoteari".
Desfibriladoreak erabili
Lasagabasterrek gogorarazi du etzi, domeka, Garapenerako eta Bakerako Kirolaren Nazioarteko Eguna dela eta astelehenean, Osasunaren Nazioarteko Eguna. Hori abiapuntu hartuta, askotariko ekintzak gertatu dituzte. Domekan kirolarekin lotutakoak egingo dituzte, hala nola mendi eta bizikleta irteerak eta hainbat jarduera praktikatzeko aukera.
Hortik aurrerakoek osasunarekin lotura zuzenagoa dute. Besteak beste, aste osoko afariak gertatzeko tailerra, lehen sorospenei buruzko ikastaroak eta desfibriladorea erabiltzeko ikastaroa; kirol elkarteei eta kirolariei dago zuzenduta azken hori. Eskoriatzan kiroldegian eta kultura etxean dituzte desfibriladoreak, eta Kirol aholkulariaren esanetan, garrantzitsua da "herrian ditugun tresnak" erabiltzen jakitea.
Izen-ematea aurretik
DYA elkartekoek eskainiko duten euskarazko ikastaro horretan parte hartu gura dutenek aurretik eman behar dute izena honako bideak erabiliz: kiroldegira joanda, kirolak@eskoriatza.net postara idatzita edo 943 71 53 28 telefono zenbakira deituta. Ikastaro horretan ez ezik, aste osoko afariak gertatzeko tailerrerako plazak ere mugatuak dira, eta hortaz, interesatuek martitzena, hilak 8, baino lehen eman behar izena toki berean. Lehen sorospenei buruzko ikastaro praktikorako, ostera, kirolak.huhezi@mondragon.edu posta elektronikora bidali behar da mezua.
Bestalde, kalean jarritako karteletako programazioaz gain, bestelako ekintzak ere egingo dira. Gaur, esaterako, kiroldegiko bazkideei, udal langileei eta Huheziko langile eta ikasleei gutuna bidaliko zaie Osasun Astearen aurkezpena eginez. Apirilaren 7tik 11ra bitartean, gainera, mezua jasoko dute egunero aholku bat azpimarratzen. Horrez gain, aste osoan, Zer moduz? leloa duen kartela zintzilikatuko dute udaletxeko balkoitik.
Risoterapia zaharren egoitzan
Bestalde, eguaztenean, hilak 9, bisita berezia jasoko dute zaharren egoitzan bizi direnek. Hain justu, Risoterapia tailerra emango dutenak handik pasako dira aurretik. Azkenik, kartelak ere jarriko dituzte udaletxean, ikastetxeetan, liburutegian, Huhezin eta kiroldegian herritarren ohiturei buruzko datuak jasotzeko. Kartel horiekin batera gometxa batzuk egongo dira, norberaren ohiturak adierazteko.
Egitaraua:
Zapatua, apirilak 5:
- 10:00 Kale-defentsari buruzko tailerra, pilotalekuan. Gaztelaniaz da Rafa Carrieten saioa.
Domeka, apirilak 6:
- 09:00 BTT irteera plazatik. Ibilbidea: Eskoriatza, Apotzaga, Murumendiko buelta, Asensiomendi, Apotzaga, Eskoriatza. 14 urtetik gorakoendako.
- 09:30 Nordic Walking Luis Ezeizatik. Eskoriatza, Aretxabaleta, Urkulu, Mendiola, Lete eta Eskoriatza. 12 urtetik gorakoendako
- Kiroldegian adin guztiendako: 16:30 Badmintona; 17:30 Dantza modernoak; 17:30 Slacklinea.
Astelehena, apirilak 7:
- 19:00 Dantza modernoak Huhezin. Sarrera librea.
Martitzena, apirilak 8:
- 18:00 Desfibriladorea erabiltzeko ikastaroa, kultura etxean.
- 18:45 Hitzaldia. David Spine Concept, bizkarreko minak ekiditeko metodologia berritzailea, Huhezin.
Eguaztena, apirilak 9:
- 18:30 Risoterapia tailerra, Huhezin.
Eguena, apirilak 10:
- 11:30-13:00 Lehen sorospenei buruzko ikastaro teorikoa (librea).
- 14:00-16:00 Lehen sorospenei buruzko ikastaro praktikoa. Euskaraz dira Huhezin egingo diren saioak.
- 18:30 Merienda osasungarria plazan.(librea).
- 19:00 Tailerra eta afaria: Zelan antolatu asteko afarien menuak ikuspegi natural eta energetikotik? Erretiratuen sukaldean eskainiko du Jesus Romerok tailerra. 15 euro.
Egubakoitza, apirilak 11:
- 09:00-13:00 Azokan mahai informatiboa: Goazen merkatura. Sasoiko erosketa orekatuak, erosketa zerrendaren garrantzia, zuzenean ortutik etxera. Amaia Diaz de Monasterioren eta Jakionen eskutik.