EAJren bozeramaileak errepideen kudeaketari buruzko hausnarketa egiten hasi zuen hitzaldia. Horiek horrela, honakoa salatu zuen: "Bilduk erabaki bat hartzen du, erabaki hori garatzen du eta presio kanpaina bat egiten du aurkari politikoa erasotzeko eta, horrela, hartutako erabakia justifikatzen du. Baina aitzitik, politika horrek ez dio ezertarako balio izan, izan ere, Bilduk berak hartutako erabaki populistak izan dira Bidegi kolokan jarri dutenak, eta ez beste batzuk".
Horren harira esan zuen Bilduk ez duela Etxegaraten eta Deskargan bidesaririk jarriko –eta, beraz, ez duela kontuan hartuko errepideak finantzatzeko batzorde txostengileak adostu eta Batzar Nagusien gehiengoak onartu zuena– eta, gainera, Arkupe bidesari-sistema inposatu nahi izan duela. Eta "erabaki horiek Bidegi sozietate publikoaren egoera larrituko dute", Olanoren hitzetan.
"Gipuzkoarrak haserre, hondakinen kudeaketarekin"
Era berean, Gipuzkoan egiten ari diren hondakinen kudeaketari buruz, Markel Olanok segidakoa azpimarratu zuen: "Gipuzkoarrak oso haserre daude Bilduren kudeatzeko moduarekin. Ezker abertzaleak helburu bakarra zuen: errausketa-instalazioa gelditzea. Horretarako atez ateko bilketa-sistema inposatzen ari dira gipuzkoarren borondatearen kontra eta, ondorioz, dagoeneko, gipuzkoarrek iritzia aldatu dute: Bilduk hondakinen kudeaketan bere alde oldarkorrena erakutsi du eta hori oso bestelakoa da 2011n erakutsi zituen tolerantzia, irekitzea eta elkarrizketa jarrerekiko".
"Alde guztiek bake prozesuan parte hartzeko lanean"
Olanok, halaber, bake prozesuaren gaineko azkeneko gertakarien hausnarketa egin zuen: "Bake prozesu batek ezin du aurrera egin eragile guztiak ordezkatuta ez badaude. Eta hori da, hain zuzen ere, EAJ egiten ari dena: eginahalak egiten ari da, alde guztiek bake prozesuan parte hartzeko. Baina aitzitik, azkeneko asteotan, alderdikeriek eta Europako Parlamenturako hauteskundeetarako lehiak, hasitako bide positiboa gelditu dute, eta hori onartezina da".
"Egoera ekonomiko larria, batez ere Debagoienean"
Azkenik, Markel Olanok ekonomiaren egoerari buruzko hausnarketa egin zuen: "Egoerak larria izaten jarraitzen du, bereziki Debagoienan. Fagor enpresan gertatutakoa kolpe latza izan da bai eskualdearentzat, bai kooperatibentzat, bai Gipuzkoarentzat".
Izan ere, "ezin dugu ahaztu enpresak direla Gipuzkoaren ekonomiaren eragileak", eta "Bilduren kudeaketa eskasak ez du laguntzen egoera hobetzen", Olanoren hitzetan: "Bilduk enpresak dirua-biltzeko tresnatzat ditu eta, ondorioz, ez du ekonomia sustatzen eta ez du enpresekin hitz egiten. Gainera, gogoratu behar ditugu Martin Garitano diputatu nagusiaren segidako hitzak: 'Ez ditut krisiari aurre egiteko planak egingo, ez dutelako ezertarako balio'. Herritarrek hitz horiek zigortu zituzten iazko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan. Orain, akats horiek zuzentzen saiatzen ari da Bildu, eta, horretarako, eskualdeetako garapen agentziez baliatzen ari da. Baina, berriro ere, Bildu berandu dabil eta oker kudeatzen ari da".