Iñaki Uribe-Etxebarria: "Lagunekin Gabez Takarraran proba gertatzen hasi, probatu, eta adios!"

Mirari Altube Arrese 2014ko mar. 20a, 12:00

Iñaki Uribe-Etxebarria mendian korrikan (argazkia: Aritz Gordo).
Informatikaria da Iñaki Uribe-Etxebarria (Eskoriatza, 1987) baina gehienek mendi lasterkaria delako ezagutzen dute. Gernikako taldean dabil eta orain euskal selekzioko hautatzaile ardura ere badu: euskal korrikalari onenak hautatu, txapelketetara joan eurekin, babesleak bilatu… Makinatxo bat lan du aurrez aurre.

Zelakoa da Iñaki Uribe-Etxebarria?

Saltseroa eta etxean egotea gustatzen ez zaiona; etxean, jan eta lo. 

Zein harreman daukazu sukaldearekin?

Sarri sartzen naiz sukaldean baina amak gertatutakoa jateko.

Zein da zure espezialitatea?

Ez daukat. Neuretako zerbait gertatu behar dudanean entsaladaren bat jartzen dut, bizkor eta samur egiten den zerbait.

Zertara gonbidatuko zenuke lagunik onena? 

Bokadilo bat hartu eta mendian edozein bazterretara jatera. Jan beharrekoa baino garrantzitsuagoa dela lekua uste dut.

Eta etsairik handiena? 

Ilar platerkada batera.

Zeinekin gustatuko litzaizuke mahaiaren bueltan eseri?

Neure antzera berriketazaleak direnekin, neurekin saltsan gustura egongo direnekin.

Zergatik mendi lasterkari?

Orain urte batzuk lagunak Gabez Takarraran proba gertatzen hasi, laguntzeko eskatu, eta ordutik adios! Hura egin nuen probatzearren, bete-betean harrapatu eta orain barruraino sartuta nago.

Hortaz, gazte-gaztetako afizioa ez da?

Ez; mendian ibili bai, zeharkaldiko eskia egin ere bai, baina lasterketarik ez.

Zergatik mendian?

Asfaltoa aspergarriagoa iruditzen zait eta kaltegarriagoa ere bai. 

Euskal Herriko mendirik gustukoena korrikan egiteko?

Deguria ingurua. 

Eta kanpoko mendi bat?

Zermatt ingurua, Suitzan; abuztuan egon nintzen eta paraje zoragarriak ditu.

Mendi lasterkarien artean miresten duzun inor?

Lasterketetan egin dudan edozein lagun. Izan ere, horixe da onena, halakoetan egiten diren lagunak eta ezagutzen diren parajeak. Giro benetan polita sortzen da eta lagun onak egin.

Lasterkaria ez bazina…

Zeharkaldiko eskian jardungo nukeela uste dut.

Zer ematen dizu mendian korrikan jarduteak?

Belaunetako mina! Eta egunerokotasunetik deskonektatzeko aukera.

Korrikan egiteko zer gurago, uda edo negua?

Uda, duda barik. Aurtengo neguan gutxi egin dut korrikan; euriarekin sufritu egiten dut eta sufritzeko ez noa.

Iratxoek hiru desio betetzeko aukera eman dizute.

Adiskidetasuna, askatasuna eta orain arte bezala jarraitzea. 

Zure bizitzako anekdota bat.

Behin Izabaraino joan nintzen lasterketa nuelako, San Pedro jaiak galduta, gainera. Oherakoan, arropak gertatzen hastekotan nintzela, zer eta maleta etxean ahaztu! Aita eta biok etxera itzuli, maleta hartu eta Izabara bueltatu ginen goizeko ordu txikitan. Sanpedroak galdu nituen baina lasterketa behintzat egin nuen. 

Mendi lasterkarien bizimodu horretan zer da ezinbestekoa?

Gustura egitea.

Damu zara…

Honetan lehenago ez hasi izana.

Zer errepikatuko zenuke?

Orain arte egindako guztia.

Zerk beldurtzen zaitu?

Min hartu eta lasterketarik gehiago ezin egin ahal izatea. Baina hori ere iritsiko da noizbait. 

Lanetik etxera iritsi berri, sofan eseri eta…

Zapatilak jantzi eta takarran egitera.

Nora ospa egingo zenuke gustura?

Islandiara.

Ze esaldi konpartituko zenuke? 

Ametsak bete behar dira betetzeko daudelako. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak