Zein da zure ogibidea?
Fabrikan egiten dut lan. Soraluzeko langilea naiz, baina Ordizian egiten dut lan. Mantentze ikasketak egin nituen eta hori dut ogibide. Abeltzaintzako sektorea nire zaletasuna da soilik, baina ez da nire lanbidea. Lan honetatik bizi izatea zaila da; intentsiboago lan eginda, errendimendu handiagoko arrazekin… agian bizi daiteke. Araban, adibidez, lur-eremu asko dituen pertsona asko dago sektore honetatik bizi dena.
Gaztea zara, eta denbora librean abeltzaina, ez da ohiko irudia…
Nork bere zaletasunak ditu. Nik neuk ganadua zaintzea dut gustukoen. Gainera, ganaduzale asko dago herrian, gazteak ez izan arren.
Zein lan egiten ditu ganaduzale batek? Lan gogorra da?
Ganadua gobernatu, lursaila pixka bat garbitu, jaten eman, txahalak gizentzean harategira eraman… Ez da lan gogorra, baina ordu asko kentzen ditu. Gustura egiten den lana ez da gogorra izaten.
Zein abere mota eta zenbat dituzu?
Gehien gustatzen zaidan behi mota behi terreina edo bertako behia da. Mota honetako zazpi behi ditut eta mestizoak, aldiz, bederatzi. Betizu motako behiak ere asko gustatzen zaizkit, baina hauek lan handiagoa ematen dute. Nik ditudanak mendirako onak dira, eta okela ateratzeko zaintzen ditut normalean. Esnea ematen duten behiak ez zaizkit gustatzen, lan handia ematen dute.
Zer da lanbidearen onena?
Udaberria da lanbidearen onena. Behiak sekulako distiraz egoten dira eta mendian garai horretan egotea asko gustatzen zait. Ganadutik ez dut etekin ekonomiko handirik ateratzen, baina lan honek ematen didan lasaitasunak ez du preziorik.
Zer diote zure lagunek zure afizio honetaz?
Ba, ez dakit zer esan… [Barre] Ganadier deitzen didate adarra jotzeko, baina ez didate besterik esaten. Txahala noiz jan behar dugun ari dira beti galdezka.
Krisia dela-eta eragin handia izan du sektore honek?
Pentsua igo egin da eta okelaren prezioa ez da igo. Behi asko dituztenak lehia daitezke merkatuan, baina bi edo hiru behi dituenak ezin du ezer egin. Askotan, txahalak gizendu eta salduta dirua galtzen irteten gara; parra eginda, pozik gelditu behar...
Herrian harakin izan zinelako ezagutzen zaituzte askok; zer moduzko lana da?
Lan polita da, baina ordu asko sartu behar dira negozioa ondo joateko. 10 urte harategian egon ondoren, duela hiru urte utzi nuen lana. Pena eman zidan lan hura uzteak, baina asko ikasi nuela esan dezaket.Bezeroak haragi ona estimatzen du, bertakoa, eta, orokorrean, ondo jaten dute herritarrek. Hori bai, aste guztiak ez dira berdinak izaten eta batzuetan okela hobea ateratzen da beste batzuetan baino.
Ganadu-ferietara joaten zara sektoreaz gehiago ikasteko eta kontaktuak edukitzeko?
Beharrezkoa da ganadu-ferietara joatea, baina gutxi joaten naiz. Normalean, Arrasateko feriara eta Orozkokora bakarrik joaten naiz. Eraman izan ditut behiak, baina erakustera bakarrik. Behiak ez ditut inoiz saldu, ezta erosi ere ferietan.
Abereez gain, zein beste zaletasun dituzu?
Musika entzutea, lagunekin irtetea, lagun arteko afariak egitea eta, batez ere, bertsoak egitea. Azken hau ikustea ez zait askorik gustatzen, baina bertsoak egiten ikastea gustuko dut.
Istorio kuriosoren bat?
Asko ditut kontatzeko. Behin, behiekin ari nintzen Leteko inguruetan. Orduan, behi batek ihes egin zidan eta txakurrarekin atzetik joan nintzen. Behia galdu eta mendi aldera joan zela pentsatu nuen. Eguerdian, bazkaltzera jaitsi nintzenean behia herrian ari zela esan zidaten. Herriko plazatik pasatu eta behia pilotaleku ondoan harrapatu zuten herritar batzuek.