Hondakinen galdeketan 419 boto jaso dituzte Eskoriatzan, ia denak bosgarren edukiontziaren alde

Txomin Madina Milikua 2014ko ots. 23a, 22:08

Botoa eman dutenen %97,9ak bosgarren edukiontziaren alde egin du. Antolatzaileek parte hartze handiagoa espero zuten arren, pozik agertu dira emaitzekin.

Eskoriatza Garbia plataformakoek osatutako 1.056 pertsonako zerrendatik 419k, hau da, %39,7ak hartu du parte gaur Eskoriatzan hondakinen bilketa sistemaren inguruan egindako galdeketan. Botoa eman dutenek atez atekoaren eta bosgarren edukiontziaren artean aukeratu behar izan dute, eta gehiengoak bosgarren edukiontziaren alde egin du: 410 boto denera, jasotakoen %97,9. Bederatzi pertsonak egin dute atez atekoaren alde.

"Esan behar dugu parte-hartze handiagoa espero genuela, baina horri baino garrantzia gehiago ematen diogu etorri den jendeari" esan du botoen zenbaketa amaitu ostean Eskoriatza Garbia plataformako kide Josu Ezkurdiak. Emaitzekin baina, gustura daude: "Oso pozik gaude, ia guztiak guk esaten genuenaren alde agertu dira".

Gorabeherarik ez

Azken hilabeteetan proba pilotu moduan hondakinen bilketa sistema mistoa erabili duten San Pedroko eta Intxaurtxuetako auzotarrek eta Gaztañadui kaleko 27-29 atarietako bizilagunek izan dute botoa emateko aukera. "Bi sistemak ezagutu dituen jendearen iritzia jaso gura genuen, eta emaitzek argi uzten dute ez daudela atez atekoaren alde, bosgarren edukiontziaren alde baizik" adierazi du Ezkurdiak.

Eskoriatza Garbiako kidearen esanetan, eguna aparteko gora behera gabe igaro da: "Oso ondo joan da dena. Ez da arazorik egon: Ertzaintza zaintzen egon da egun guztian, baina ez da iskanbilarik egon. Zentzu horretan, herri osoari eskertu gura diogu egon den lasaitasuna".

Zenbaketa notario baten presentzian egin zela azpimarratu zuen Ezkurdiak, eta gauzak garbi egiten saiatu direla gaineratu: "Egon da jendea NAN barik etorri dena, eta haren bila etxera joateko eskatu diegu. 29 pertsonak gainera, ezin izan dute botoa eman, gure zerrendan ez zeuden-eta".

Behin emaitzak eskuetan, alkatearekin hitz egin eta osoko bilkuran datuak aurkezteko asmoa dutela azaldu du Josu Ezkurdiak: "Zinegotziei eskatu nahi diegu aintzat hartzeko jendeak benetan zer pentsatzen duen; eta herri osoan jarri gura duten atez ateko sistema atzera botatzeko".

Botoak, lehen minututik

10:00etan puntuan zabaldu zituzten Intxaurtxueta 20ko EPAn jarritako hauteslekuak, eta ireki ahalaz bat hasi dira gerturatzen boto-emaileak.

Botoa eman dutenen artean goiztiarrenetakoa izan da  San Pedro auzoko Lucia: "Bosgarren edukiontziaren alde egin dut. Praktikoagoa ikusten dut, etxean ez zaizkit kubo guztiak sartzen". Auzo bereko Jose Ramonek ere bosgarren edukiontziaren alde eman du botoa: "Bilketa  egiten duten kamioiak etxeko sarreran geratzen dira, eta ezin izaten dut pasatu. Atez atekoa beste era batera eginez gero ikusiko nuke, baina momentuz eragozpenak besterik ez dizkiot ikusten". Intxaurtxuetako Luisak, bere aldetik, ez du jakitera eman gura izan zein izan den bere botoa, baina galdeketaren beharra zegoela adierazi du: "Ez digute kasurik egiten, eta zerbait gehiago egin beharko da".

Baloraziorik ez

Eskoriatzako Udal Gobernuarekin harremanetan jarrita, ez dute galdeketaren inguruko baloraziorik egin gura izan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak