1.000 eskoriatzar pasa deitu ditu Eskoriatza Garbiak hondakinen gaineko galdeketara, domekan

Ubane Madera 2014ko ots. 21a, 11:00
Hondakinak batzeko atez atekoa edo bosgarren edukiontzia, zer nahiago duten galdetuko diete domekan Eskoriatzako San Pedroko eta Intxaurtxuetako auzotarrei eta Gaztanadui kaleko 27-29 atarietako bizilagunei. Antolatzaileak Eskoriatza Garbia Herri Plataformak jakinarazitakoaren arabera, 1.053 bizilagun inguruk izango dute bozkatzeko aukera. Domekan, 10:00-18:00etara da hitzordua, EPAn (Eroski ondoan).

"Eskoriatzar gehiengoak argi eta garbi erakutsi du Udalak zaborrak biltzeko atez ateko sistema ezartzeko hartutako erabakiaren aurka dagoela. Jasotako 1.240 sinadurak, manifestaldi ugari eta zabor poltsez atonduriko Eskoriatzako balkoi eta leihoak protesta moduan ikusi ondoren, ematen duenez ez dira nahikoa izan Udalak bere erabakia birplanteatzeko. Guzti horrengatik, herri kontsulta hau aurrera eramatea erabaki dugu".

16 boluntario

Hori abiapuntu egin dute domekarako hitzordua Eskoriatza Garbia plataformakoek. 10:00etarako gertu izango dituzte galdeketarako hautesontziak Intxaurtxueta 20ko EPAn (Eroski ondoan). "Bi hautestontzi izango dira. Lehen orduan zigilatu egingo ditu notarioak. Eta gero 16 herritar boluntario egongo dira bozketa zaintzen, 18:00ak arte, bi txandatan banatuta. Ez da egongo Eskoriatza Garbiako kide bat bera ere", esplikatu du Rafael Salidok, Eskoriatza Garbia Herri Plataformako ordezkariak.

Auzotarren zerrenda

"1053 inguruk izango dute bozkatzeko aukera. Auzotarren zerrenda dugu, 18 urtetik gorakoena. Ezin izan dugu errolda erabili, datuen babeserako legerik ez urratzeko. Botoak, berriz, etxez etxe banatu ditugu: bina gutun-azal, eta bina boto, azalpenak ematen dituen gutun batekin", Salidok esandakoaren arabera.

"Erabakia errespetatzearen aldekoak"

Domekan, 18:00ak arte izango da botoa emateko aukera. Ordu horretan notarioak botoak balioztatuko ditu, eta Eskoriatza Garbiakoek 19:00etan jakinaraziko dute emaitza. Gero, osoko bilkura batean aurkeztuko dituzte.  "Hiru hilabetetan proba pilotua egin dutenen iritzia jakin gura dugu. Gu herritarren iritzia eta erabakia errespetatzearen aldekoak gara, Igeldon egiten diharduten modura. Eskoriatzan erakutsi gura duguna da ez dela errespetatu behar herritarren iritzirik", azpimarratu du Eskoriatza Garbiako ordezkariak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak