Aitor Agiriano: "Oso pozik gaude Poltsikoko Antzerkiko Sorkuntza sariarekin"

Leire Kortabarria 2014ko urt. 31a, 00:00

Aitor Agiriano –beheko ilaran, eskuman– eta bere taldekideak.
Poltsiko Antzerki Sorkuntza programaren aurtengo irabazleak TAEko Antzerki Eskolako ikasleen taldea izan da, tartean Aitor Agiriano eskoriatzarra, 'Markesa Loucost' obrarekin. Bere esanetan, "ahoz aho dabilen krisia eta zaborren birziklapenean oinarritutako istorioa da, eta publikoak parte-hartze handia du".

Poltsiko Antzerkiko Sorkuntza programan saria irabazi duzue. Pozik, ezta?
Oso pozik! Egia esan, ez genuen saria irabaziko genuenik uste. Markesa Loucost antzezlana elkarrekin egiten dugun lehen lana da, nahiz eta taldea osatzen dugun aktoreok, telebistan, antzerkian… esperientziadunak izan. Antzerki munduan ezagutu genuen elkar eta proiektu bat egiteko gogotsu geunden aspaldidanik. Halako batean, Poltsiko Antzerkiko Sorkuntza deialdia gure eskuetara iritsi eta hauxe esan genuen, zergatik ez? Eta begira, orain sariaren irabazle!

Zenbatek osatzen duzue taldea?
Taldea bederatzi pertsonak osatzen dugu. Aktore lanak egiteaz gain, bakoitzak barruan dituen dohainak atera eta eszenografia, musika, argiztapena, jantziak… dena, hasieratik bukaerara, bederatziok sortutako proiektu freskoa burutu dugu.

Zer kontatzen da Markesa Loucost-en?
Krisi momentu okerrenean dagoen markesa handiuste baten berri emango dio obrak ikusleari. Gaur egun ahoz aho dauden krisi eta zaborraren birziklapenean oinarritutako istorio bat da eta publikoak parte-hartze handia izango du antzezlanean.

Bertan, markesa sosik gabe dago, jauregia hutsik dago eta beste inora joan ezin izan duten giltzaria, etxezaina eta jauregiko koru bitxiaz bizi da. Hori horrela, ezustean, Farington lord-aren etorreraren berri izango du markesak eta lord-aren harrera festa prestatzen hasiko da. Baina nola liteke hori posible dekadentziaren hurrenean dagoen jauregi batean? Nola mantendu markesa irudia? Nola mantendu harrotasuna harrokeriatik?

Bere aginte lekutik, markesak han eta hemen bilatuko ditu beharrezko pertsona guztiak: erretratugilea, zerbitzariak, dantzariak, gonbidatuak, baina, bat-batean, historioari buelta emango dion dei misteriotsu bat emango da.

Zure papera zein da?
Farington lord-a izango naiz. Pertsona arduratsua, jende aurrean agintzailea, jenio txarrekoa, perfekzionista eta itxura oso garrantzitsutzat duen gizon handinahiaren papera antzeztuko dut.

Zer egingo duzue irabazi duzuen diruarekin?
Saria ez da nolanahikoa, ez; 4000euroko saria eskuratu dugu eta proektua gauzatzeko erabiliko dugu. Antzezlana aurrera eramateko eta burutzeko beharrezko zaizkigun material eta baliabideak eskuratzeko, jantziak, argiztapena, musika… Etorkizunera begira ere aurrera jarraitzea gustatuko litzaiguke talde bezala proiektu honekin, eta horretan inbertituko dugu.

Orain lau emanaldi dituzue programatuta, ezta? Debagoienean egingo duzue antzezpenik?
Bai, lau emanaldi dauzkagu Donostian. Beste emanaldi batzuk ere zehazten gabiltza baina oraindik ez daukagu data zehatzik. Printzipioz Debagoienean ez daukagu antzepenik, baina, V. Poltsiko Antzerki jaialdia igaro eta gero, bira txiki bat egiteko asmoarekin gabiltza eta niretzat plazer bat izango litzateke, bira horren barruan, Markesa Loucost-ek Debagoieneko herriak ezagutzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak