Eskoriatza Garbiak gogor salatu du Udalak boikota egiten dutenei helarazitako gutunak

Mirian Biteri 2014ko urt. 23a, 11:13
Eskoriatza Garbia plataforma ez dago ados hondakinen proba pilotuaren bigarren hilabetearen bueltan Udal Gobernuak egindako balorazio positiboarekin; ez eta horri boikota egiten duten herritarrei gutunak helaraztearekin.

Plataformaren esanetan, hondakinen gaikako jasotzearen datu partzialak sortutako zabor kopuru guztia izango balitz moduan aurkeztea "adarjotzea" da. Honakoa salatu dute: "Zelan esan daiteke jasotzea %92koa izan dela ontziak jaso dituzten herritarren kopurua %82koa denean eta horietako batzuek ontziak bueltatu dituztenean?". 

Plataformak erabilitako datuak Udalak emandakoak direla diote; hain justu, Mankomunitateko teknikariek emandakoak. Horien arabera, 2011. urtean, eskoriatzar bakoitzeko 313 kilo zabor jaso ziren. Plataformak eskainitako datuen arabera, proba pilotuarekin, azaroan, 504 familia eta sistema berrian parte hartzen ari diren komertzioen artean 7.444 kilo jaso ziren. Horren harira, honakoa salatu du Eskoriatza Garbiak: "Askoz jota, familia bakoitzeko, urtero, 177 kilo dira. Hau da, zaborraren %43 desagertu da". Desagerpen horretarako erantzuna badauka plataformak: "Falta diren 136 kilo horiek herriko gainerako edukiontzietan daude; herritar arduratsuek esfortzu handiz utzi duten zaborra da hori; horien gizalegezko kontzientzia agerian geratzen da horrekin".   

Lehengo edukiontziak

Eskoriatza Garbiaren esanetan, Intxaurtxueta, Gaztañadui eta San Pedroko eskoriatzarrak birziklatzearen alde daude eta zaborra gaika banatu gura dute, baina edukiontzi marroia erabiliz. Plataformak honakoa gaineratu du: "Abenduan egindako batzarrean alkateari hori esaten saiatu ziren, baina ezin, alkateak ihes egin zuelako. Marroiarekin batera, lehengo edukiontziak jar ditzatela gura dute".  

Gutunak

Udal Gobernuak bidalitako gutunen gainean ere egin dute berba. Joan den astean Udalak iragarri zuen Mankomunitateko ordenantza aplikatzen hasiko zela; eta identifikatutako arau-hausleei jokabide ez egokiekin jarraitzen baldin bazuten zigorra jasoko dutela ohartarazten zuen gutuna bidaliko ziela esan zuen. Lehenengo gutunak heldu omen zaizkie plataformako kidei eta herritarrei ere.

"Inposizioaren lengoaia"

Eskoriatza Garbiaren esanetan, Udalak "inposizioaren lengoaia" baino ez du ulertzen, eta hori argudiatzeko nabarmendu du atez atekoaren kontra 1.495 sinadura jasotzearekin batera, herriko 500 balkoitan zabor poltsak eskegi direla eta proba pilotuaren kontrako boikota eta manifestazioak ere egin direla.

Azkenik, plataformakoek honakoa ohartarazi dute: "Herria ez da geratuko bere iritzia kontuan hartua izan dadin arte, eta ez du betikoen inposiziorik onartuko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak