Santa Agedarako gutxi falta da. Zer da zuretako egun hori?
Ohitura bat, betidanik ezagutu duguna Eskoriatzan. Txikitan Santa Ageda noiz iritsiko zain egoten ginen, urte hartan abesten zuten gazteak entzuteko eta plazan dantza zelan egiten zuten ikusteko. Gorde egin behar den ohitura da.
Ohitura hori mantentzeko lan egiten duzu urtero, kintoei dantzak eta kantua irakasten. Aurten dagoeneko hasi dituzte entseguak?
Bai. Gabonen aurretik batzarra egin genuen kintoekin; plangintza zehaztu genuen bertan. Astero bi entsegu egitekotan geratu ginen, martitzenetan eta eguaztenetan. Orain dela bi aste hasi ginen, eta aurten samurragoa izango dela iruditzen zait, txikitatik dantzan ibilitako neska-mutilak daudelako taldean. Entsegu horietan igartzen dudana da gaur egungo gazteek ez dutela Santa Ageda bizi guk bizi genuen moduan. Gogoa badute, baina festan pentsatzen dute bereziki egungoek. Guk, dena dela, Santa Agedari buruzko informazioa ematen diegu urtero.
Dantzaria eta dantza irakaslea izandakoa zara... zer dute dantzek?
Txikitan guztiak ginen dantzariak, eta helduek uzten zutenean, gazteagoak ginenok hartzen genuen irakasteko lekukoa. Bere garaian, dantzaria izatea modu ezin hobea zen jendearekin egoteko eta kanpora irteteko. Aspaldi utzi nion, baina, dantza egiteari. Gaur egun, plaza beteta egoten denean irteten naiz bakarrik dantza egitera, gustatzen zaidalako.
Dantzatzeaz gain, abestea ere gustuko omen duzu...
Hala da. Gorosarri abesbatzan hasi nintzen abesten, 21 urte inguru nituela. Jarduna amaitu arte jarraitu nuen, eta gero, Arrasatekoekin egon nintzen. Eta gero zarzuelan, hasi zenetik nago abesbatzan.
Zarzuelarekin jarraituz, orain arte antzeztutako obra guztietatik, zein da gehien gustatu zaizuna?
Guztiak egindako momentuak oso politak izan direla iruditzen zait. Baina, bat aukeratzekotan, La tabernera del puerto aukerartuko nuke. Aurten errepikatu egin dugu, eta oso obra polita da; koruak ez dauka horrenbesteko garrantzirik, baina musika eta bakarlarien kantuak asko gustatzen zaizkit. La leyenda del beso ere gogoan dut, Oñatiko baserri batzuetara joan ginelako bideoa grabatzera eta oso ondo pasa genuelako. Baina, orokorrean, guztiek zerbait dutela esango nuke.
Bestalde, Elorretakoa zara zu. Errotakoa, hain justu. Toki berezia izango da...
Bai. Bizitza guztia eman dut Elorretan, hemen jaio nintzen eta gaur egun ere bertan bizi naiz. Toki berezia da. Txikitako oroitzapen asko dauzkat, bereziki errotari lotutakoak. Denbora laburrean, baina martxan ezagutu nuen. Orduan, egunerokoa zen, eta ez genion ematen garrantzirik. Baina bai, gogoan dut zarata, errota zabaltzen zutenean, ura sartzen zenean eta baita mugitzen hasten zenean ere. 7 bat urte izango nituen.
Errota berritua ikusteko aukera izan duzu?
Bai, egonda nago, eskoriatzarrendako bisita gidatuak antolatu izan dituztenean. Oso polita geratu dela iruditzen zait, lehengo antzera.
Amaitu aurretik, nola ikusten duzu gaur egungo Eskoriatza?
Asko aldatu da azken urteotan; Elorreta auzoa, esaterako, ez dauka zerikusirik nik txikitan ezagutu nuenarekin. Eskoriatzari dagokionez, herri lasaia dela uste dut, askotan lasaiegia. Eta aldaketa fisiko asko egon dira nire txikitako Eskoriatzatik hona. Esaterako, AP-1 autobideak eta saihesbideak daude herri inguruan, eta herri barruan ere egon dira aldaketak. Bestalde, gainerako herrietan bezala, sorpresaz betetako kutxa ere bada Eskoriatza; izan ere, inoiz ez duzu jakiten zer-nolako erantzuna izango duten antolatzen diren ekimenek.