Omenaldi polita jaso berri duzu...
Ez nuen horrelakorik espero. Hogei bat egun lehenago deitu zidaten udaletxetik zerbait egin gura zutela esanez, eta nire onespena behar zutela. Arrazoi batengatik eman nuen baietza; hain zuzen ere, Udaletik inoiz ez didatelako ez niri eta ez beste inori, kirol arloari dagokionez, omenaldirik egin, eta herrian zer lan egiten den erakusteko balioko zuela iruditu zitzaidan. Nire familiak bazekien zer egin behar zuten, baina nik ez, sekretua mantendu zuten. Hunkigarria izan zen, benetan, eta oso eskertuta nago.
Udal Pilotalekuari zure izena ipini diote, gainera.
Hori agian larregikoa izan da, eta oraindik ez dut guztiz sinesten! [Barre]
Nola hasi zinen pilotan?
Arantzazun ikasi nuen, eta hotzetik ihes egiteko bide bakarra geneukan eta pilotan jokatzen genuen, alpargatak jantzita. Gainera, Oñatiko pilotariak-eta bertara joaten ziren, batzuetan entrenatzera, partiduak jokatzera bestetan... Giro hartan zaletu nintzen.
Eta jokatzen jarraitu zenuen.
Bai; Arantzazukoa amaituta, herrira etorri eta pilota partidu bat ikustera joan nintzen; Eskoriatzak galdu egin zuen Bergararen kontra. Iñaki Kortazarrek –hura ni baino gazteagoa da– jokatu zuen, eta honela esan zidan: "Praka zuriak oparitzen dizkizut, hemendik aurrera jokatu gura baduzu!". Hurrengo asterako eginda neukan fitxa. 24-25 urte nituen orduan eta federatuta 33 urte nituenera arte aritu nintzen, istripua eduki nuenera arte, eta gero beste lau bat urte beteranoetan.
Ez zen hor amaitu pilotarekiko harremana, ezta?
Ez, urte dezente egin ditut delegatu moduan. 1980ko hamarkadan hasi nintzen beste bizpahiru lagunekin batera, tartean Isidro Garaterekin. Elkarrekin urtebete arituta, besteek utzi eta nire ardurapean geratu zen guztia. Egia esan, oso gustura aritzen naiz mutikoen artean jokatzen-eta, baina orain ezin dut erritmoa jarraitu.
Baina hartu dizute erreleboa.
Bai, eskerrak! Gazteren batzuk sartzea gura nuen eta Apotzagako Zubizarreta anaiek hartu dute. Esan nien pilotan aurrera jarraitu gura baldin bazuten txikiagoei lagundu beharko lieketela. Orain ez naiz tartean askorik ibiliko; zale gisa, ostera, bai.
Urte hauetan, herrian pilotarekiko afizioa aldatu al da?
Izugarri. Mundu horretan dabiltzanek badaukate, baina, bestela, ez askorik. Eta pena ematen dit. Lehen, domeka eguerdietan frontoian egiten ziren partiduak ikustera joaten zen jendea, edo kontzejupean orduak igarotzen genituen jokatzen eta tabernetan-eta horri buruz egiten zen berba eta apustuak-eta ere ez ziren falta. Bestalde, telebistan ere pilota asko ematen dute, eta, agian, jendea nekatu egin da; eta lehen baino kirol eskaintza zabalagoa ere badago... Pilota zaletasuna frontoian geratu da.