Sagredok azaldu digu aurten ere elementu "oso garrantzitsuak" topatu dituztela, eta horiei esker, agerian geratu dela Atxorrotzeko gunea Erdi Aroan baino askoz lehenago hasi zirela erabiltzen. Horren harira, honakoa azaldu du: "Uste genuena baino askoz zaharragoa da Atxorrotz, ingurune horren erabilerari dagokionez. Erromatar eta Burdin Aroan ere bizitza zegoen han. Esaterako, zeltar garaiko krisketa antzekoa topatu dugu aurten; horrek agerian utzi du Atxorrotz erabiltzen zela Kristo Aurreko 500 urte inguruan. Ez dakiguna da zertarako". Berbaldian aurten aurkitutako hainbat elementu ere erakutsiko dituzte, eta auzolanean ibili direnen lana ere txalotuko dute.
Baina, esan bezala, Atxorrotz ezagutarazteko beharra ikusten dute, eta biharko hitzaldian, "etekin turistikoa" ateratzeko aukeraz egingo dute berba. Sagredok gogorarazi du gaur egun Atxorrotzera joateko bideak ez daudela behar bezala seinaleztatuta, eta hortaz, eskoriatzarrak ez direnendako ez dela samurra haraino igotzea. Buelta eman nahi zaio horri.
Datozen bi urteotan ere indusketak
Honakoa aipatu du historialariak: "Orain arte indusketetan egin dugu lan, eta datozen bi urteotan ere, horrelaxe jarraituko dugu, hitzartuta daukagulako. Baina, horrez gain, etekin turistikoa ateratzeko lan egin behar dugu, eta biharko hitzaldian, herritarren ideiak entzun nahi ditugu, askariaz disfrutatzen dugun bitartean".