Eskoriatzako hondakinen bilketa sistema mistoaren proba pilotuak hilabete bete du eta aurreko astean hondakinen mahaiko kideak, herritar nahiz merkatari batzuen parte hartzearekin lehen balorazio bat egin zuten. Atzo aldiz, lehen bilera horretako emaitzak jakitera emateko, eta lan ildo berriak zehazteko herritarrekin bilera deitu zuten.
Udalak aurkeztutako datuen arabera azaroan 4700 kilo organiko jaso dira, 1260 kilo paper, 880 kilo ontzi arin eta 600 kilo errefus. Gauzak honela, fardelak aparte, %91,94a era selektibo batean jaso zuten.
Jasotakoaren kalitateari dagokionez, lehen astetan organikoan inpropio asko jaso zen eta biltzaileek lan handia egin behar izan zuten. Bilketa hobetzeko asmoarekin herritarrei argibide eskutitz bat bidali zitzaien, edukiontzira bota behar denaren inguruko informazioarekin, horrekin batera, edukiontzietan ere kartelak jarri ziren. Guztiz honen ostean, organikoaren kalitatea asko hobetu zen. Udalak, prentsa ohar bidez zehaztu duen moduan, "kalitatea ez bada hobetzen, sistema ez da balioztatuko eta indibidualizatuago batera joko da 2014ko martxoa".
Bilera bertan behera
Datuak aurkeztu eta ekarpenak jasotzeko bilerak baina ez zuen aurrera egin. Herritar talde batek zintzilikarioen inguruan poltsak utzi eta gero, zalaparta eta oihu artean Ibarraundi museora sartu ziren. Bertan, aurrez jasotako kuboak bueltatu eta aurkezpena gelditzea lortu zuten. Herritar batzuk, aulkitik jaiki eta hizlariak eteteaz gain, hauen datuak zalantzan jarri zituzten. Oihu artean bosgarren edukiontziaren alde egin zuten eta sistema mistoa "inposatu izana" egotzi zieten udal ordezkariei. Aurkezpeneko hainbat daturi kontra egiteko, eurak ateratako hainbat argazki ere eroan zituzten.
Igor Ezpeleta zinegotziak eta Beñat Herce alkateak bilerarekin jarraitzea ezinezkoa zela ikusi eta gero, bilera informatiboa bertan behera lagatzea erabaki zuten. Hala ere, informazio guztia herritarrei idatziz helaraziko zaie.