Merkataritza sustatzeko Axtrokiak sortuko dituzte Eskoriatzan

Mirian Biteri 2013ko aza. 14a, 13:14

Eskoriatzako merkataritza sustatze aldera, herriko Axtroki merkatarien elkarteak bere lehenengo ekimena jarriko du martxan datorren urtean; orain arte beste inon abian jarri ez den ekimena da hori. Axtroki izeneko billeteak egingo dituzte, eta eskoriatzarren eskura jarri, bertako negozioetan erabil ditzaten.

Axtroki merkatarien elkartea eratu ostean, aurrera atera daitezkeen ekimenak aztertzen hasi dira Eskoriatzako merkatariek eta Udalak elkarlanean duten eztabaidagunean. Lehenengo elkarteko kide direla irudikatuko dute horren parte diren negozioek, eta bigarrenik, tokiko garapena bultzatzera bideratutako diru-laguntzak aterako dituzte. Baina, diru-laguntza horiek badute berezitasuna: hain justu ere, Eskoriatzarako sortuko den moneta lokalarekin emango direla; Axtroki izena izango duten billeteen bidez. Horiek bertako negozioetan trukatu ahal izango dira.

Beñat Herce alkateak horrela azaldu ditu laguntza horiek: "Orain arte Udalak ematen zituen hobari batzuk diru-laguntzetan bilakatzen ditugu, tokiko garapena bultzatzera joango direnak, bat gizarte garapena sustatzera bideratuta egongo dena, eta bestea garapen jasangarrira". Esandako laguntzak urriko osoko bilkuran onartu ziren, eta orain jendaurrean daude. Behin betiko onartu ostean, proiektu berria herrian ezagutaraziko dute, honakoa zabalduz: "Hobariak diru-laguntzak izatera pasatuko direla, zein izango den moneta, nola erabili ahal izango den eta gainerako informazio guztia zabalduko dugu". 

Datorren urtean hiru deialdi

Jarraian, laguntzak jaso ahal izateko deialdia egingo da. Horren harira, alkateak jakinarazi du urtean, hiru deialdi egitea aurreikusi dutela: apirilean, uztailean eta azaroan. Eta apirilean bertan ikusiko ditugu Axtrokiak herriko komertzioetan.

Diru-laguntza horietan jasotako baldintzak betetzen dituztenek aurkeztu ahal izango dira deialdi horietara. Esan bezala, bi programetan banatu dira baldintza horiek. Gizarte garapenera familia ugariak, langabeak, banatuta daudenak eta gurasobakarrak aurkeztu ahal izango dira. Hau da, zirkunstantzia pertsonalak direla-eta, Eskoriatzako Udalak uste duena zerga gutxiago ordaindu behar dituela. Bestetik, autokonposta edo auzokonposta egiten dutenek edo ingurumenarekin errespetagarriak diren ondasunak dituztenek eskatu ahal izango dituzte; hain justu, praktika jasangarriak dituztenek.

Bat, bost eta hamarrekoak

Funtzionamenduari dagokienez ere egin du berba alkateak: "Esaterako, familia ugari batek hobaria eskatzeko dagokion dokumentazioa aurkeztu beharko du, eta lehen zergan edo tasan deskontua egiten bazitzaien, aurrerantzean udaletxera etorri beharko dira eta bertan jaso baliokidetasun hori Axtrokietan". Billete fisikoak izango dira horiek, bat, bost eta hamar Axtrokikoak; eta Axtroki batek euro baten baliokidetasuna izango du. Billete horrekin herriko komertzioetara joan ahal izango dira, eta erosketak egiteko erabili.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak