12 liztor beltz harrapatu dituzte Eskoriatzako motorzaleek

Leire Kortabarria 2013ko aza. 13a, 01:00

Liztor beltza (Vespa velutina) Euskal Herriko ekosisteman sartu da eta urtero-urtero dago hark sortutako arazoen berri. Aurten, Gipuzkoan iaz baino askoz gutxiago igarri dute liztor hori; Gipuzkoako Erlezainen Elkartearen datuen arabera, udaberriko euriteek eta tenperatura freskoek liztor inbaditzaile horren populazioa txikitu zuten lurraldeko leku askotan: iaz baino % 90 gutxiago zebiltzala esan zuten elkarteko kideek.

Baina Debagoiena salbuespena izan da; hala, batez ere bailarako herri batzuetan, izurrite antzekoa izan dira aurten liztor beltzak. 

Hori lehen pertsonan bizi izan zuten Eskoriatzako lagun batzuek. GOIENAri kontatu diote euren abentura liztor beltzaren harira. 

Beso bat lokartuta 

Enduro motorrean ibiltzea gustatzen zaien lagun batzuk dira. Honela kontatu digute: "Orain dela hilabete-edo, zuhaizti batzuk zeuden inguru baten genbiltzala, gutariko bati lepotik zomorro bat sartu zitzaion eta bularraldera joan zitzaion. Beldurtu egin zen eta ezkerreko eskua jaregin zuen zomorroa harrapatzeko. Orduan, bularraren eskuinaldean ziztada handi bat igarri zuen". 

Erlezainek diotenez, liztor beltzaren ziztada "ehun erlerena modukoa" da, eta eskoriatzar horrek igarri zuen hala zela; izan ere, "segundo gutxi barru besoa lokartu zitzaion, leporaino". Orduan, motorretik jaitsi eta zomorroa harrapatzeko ahaleginetan hasi zen.

Halako baten harrapatu zuen, eta hara zer, eta liztor bat atera zuen. Eurek orduan ez zekiten zehazki ze zomorro zen hura, baina begi bistan zen handia zela, euro bateko txanpona baino handiagoa (ikus argazkia). 

Zomorroa harrapatuta, medikuarengana joan zen erasotutako gaztea, eta medikuak ez zuen zalantzarik izan: "Asiako liztorraren beste ziztada bat!"

Erasotutako gazte hori "zorionez ez zen alergikoa", diosku taldeko kide batek, eta pomada batekin, bi egunetan bere onera etorri zen. Baina kontua ez zen hor bukatu.

Ustekabe handia 

"Mendizaleak gara, ingurumena zaindu gura dugu, eta horregatik, liztor horren gainean informatu ginen, eta jakin genuen bertako erleak akabatzen dituela bere kumeei jaten emateko. Udan izurritea izan zuen herri bateko udalera deitu genuen eta han konfirmatu ziguten liztor beltza, asiatikoa zela hura. Orduan, ale gehiago harrapatzeko zer egin behar genuen enteratu ginen", kontatzen du motorzale taldeko batek.

Pentsatu eta egin. Informazioa eskuan, lau tranpa egin zituzten eta ziztada gertatu zen leku berean ipini zituzten. Astebetera, berriz hara joan ziren… "Eta hara non ustekabea! Beste 12 zeuden tranpetan harrapatuta!". Orduan, talde-argazkia atera zuten: "Endurozale eta mendizale izateaz harro gaudelako".

"Oraindik boladan gaude" 

Debagoieneko beste herri batzuetan ondo dakite zer den liztor beltzari aurre egitea. Arrasateko Udaltzaingoak joan den astean kendu zuen aurtengo 19. habia, eta denetara 29 liztor habia kendu dituzte. Udaltzainburuak, Jose Luis Etxeberriak, dioenez, "iaz baino gehiago" izan dira, baina horrek badauka bere irakurketa ona ere: "Kontzientziazio kanpaina egon da eta jendeak gehiago deitu du". 

Habia basoan baldin badago, Arrasateko udaltzainek utzi egiten dute, eta etxebizitzaren baten teilatupean, balkoian…baldin badago kentzen dute. Inoiz, eurek ezin kendu eta suhiltzaileen laguntza eskatu behar izan dute, baina, hala ere, habia batzuk ez dira kentzen errazak: "Deia jasotzen dugunean, bertara joan eta baloratu egiten dugu ea geuk egin dezakegun edo ez. Musakolan, urriaren 16an, eskailerekin ahalegindu ondoren, lau ehiztarik eskopetaz tiro eginez apurtu genuen habia", esaten du Jose Luis Etxeberriak.

Baina, behintzat, liztorrek ez diote jende askori heldu aurten. Abuztuan, alergia zeukan emakume bati heldu zioten, baina alergikoek edo umeek ez dute liztor horrekin topo egin, udaltzainek dakitenez. 

Udaltzainburuak ohar hau egiten du: "Oraindik liztor beltzaren boladan gaude. Izotza eta euri handia etorri arte, jendea adi egon dadila eta, ikusiz gero, dei diezagula".

Aramaion, Arabako lehena 

Aramaion ere jaso dute, aurten ere, liztor beltz beldurgarriaren bisita. Are gehiago, Aramaion antzeman zuten aurten liztor horren Arabako lehenengo habia. "Aurten, lau habia kendu ditugu. Foru Aldunditik liztorrendako tranpak bidali dizkigute eta horretan ibili gara", esan digu Aramaioko Uribarri auzoko erlezain Juan Mari Arriolabengoak. Habia gehienak basoan eta lahar artean agertu dira; bat izan ezik, hori Untzillako etxe baten teilatupean agertu zelako". Aldundiak emandako tranpez gain, Azti-Tecnaliako kideak ibili ziren inguruak fumigatzen, beste herrialde batzuetan erabiltzen diren produktuekin. Dena dela, habiak kentzeko zailak dira: "Normalean, nahiko gordeta egoten dira, zuhaitz edo lahar artean", dio. Horregatik, bereziki kontuz ibiltzeko eskatzen die nekazariei eta baso-lanak egiten dabiltzanei: "Traktorearekin sasiak kentzen zebilen gizon batek habia bat harrapatu zuen, konturatu gabe, eta liztorrak heldu zion; konorte barik eroan zuten Arrasatera, ospitalera". 

Arriolabengoak dioenez, Aramaioko eztigileek ez dute aurten ezti edo erlauntza askorik galdu, baina "datorren urtean ikusi egin behar", izan ere, liztor beltz populazioa "nahiko azkar handitzen" da: bere esanetan, "sasoi bakoitzean, kilometro bat zabaltzen da liztorraren eragina".

Espainiako legebiltzarrean 

Urte batean edo bestean egon daitezkeen gorabeherak baino garrantzitsuagoa eta larriagoa da beste hau: liztor beltza gure artean geratzeko etorri dela. Hala dio Gipuzkoako Erlezainen Elkarteko presidenteak, Julian Urkiolak: "Liztor horrek hemen jarraituko du eta ezin dugu horren aurrean ezer egin". 

Aurkitzen dituzten neurrian habiak kentzeaz edo apurtzeaz gain, ezer gutxi egin dezakete, eta erlezainek ikerkuntza egitea eskatzen dute, oraingoz erantzunik gabe: "Ikerkuntzan inbertitzeko eskatzen gabiltza lau urte, baina ez dago orain horretarako dirurik, ez eta gogorik ere", dio Urkiolak. 

Aurrerapauso gisa aipatzen du Espainiako Diputatuen Kongresuak, Ingurumen Batzordearen bidez, Gobernuari eskatu izana erle eztigilea liztor beltzaren erasoen aurka babes dezan. Kongresuko talde guztiek alde bozkatu zuten. Baina, Urkiolaren esanetan, "Europako arazoa da, herrialde askotan dagoelako. Zoritxarrez, arazo baten aurrean ez da ezer egiten oso larria den arte".

-----------------

"Ospe txarra ipini digute motorzaleoi"

Dozena bat liztor beltz harrapatu duen Eskoriatzako lagun talde horrek bi mezu bidali nahi ditu: batetik, liztor horren gaineko kezka eta ardura zabaltzea; eta, bestetik, mendian ibiltzen diren motorzaleen irudia errebindikatzea: "Guri ospe txarra emateko-edo, komunikabideetan motorzaleon gaineko artikulu txarrak kaleratzen dituzte, mendia apurtzen dugula-eta esaten. Hori ez da egia. Bai, gu ibiltzeak eragin eta inpaktu bat dauka, baina gure gaineko hain ikuspuntu negatiboak zabaltzea ez zaigu ondo iruditzen", esaten dute. Gaineratzen dutenez, "ondo dago gauzak esatea, baina behar den bezala, eta ez guri izen txarra emanez".

Zale horiek gogorarazten dute mendian motorrean ibiltzea ez dela gutxi batzuen kontua: "Debagoienean eta Debabarrenean, 200 eta 300 zale inguru izango gara. Tartean, oso kirolari onak, Euskadiko txapelketetan eta beste batzuetan nabarmendu direnak: adibidez, Xabi Abasolo", esaten dute Eskoriatzako motorzaleek. 

Ez hori bakarrik; orain urte batzuk, Endurozaleek eta mendiko motorzaleek ez zutela inongo ospe txarrik esaten dute eskoriatzarrek: "Motorzale beteranoekin ibiltzen gara eta, haiek esaten digutenez, lehen kontua ez zen horrelakoa, mendian motorrez ibiltzea ez zegoen hain zakar ikusita; alderantziz, lehen, mendizaleren batek min hartzen bazuen mendian edo antzeko zerbait gertatzen bazen, mendizaleek motorreroei laguntza eskatzen zieten, haren bila joateko, botikak eroateko… Orain ez dakigu zer dabilen pasatzen", esaten digute, penatuta.

-----------------

Julian Urkiola (Gipuzkoako erlezainak): "I+G-tik aurre egin beharko litzaioke liztorrari, baina ez da inbertitzen"

Gipuzkoako Erlezainen Elkarteko presidentea da Julian Urkiola. Bere esanetan, Gipuzkoako erlezainek aurten eztiaren laurdena bakarrik jasoko dute, liztor  beltzaren erasoa dela eta.

Irailean esan zenuen aurten gutxiago dabilela liztorra Gipuzkoan, baina lurralde osoan ez da hala izan, ezta? Ez, zonalde batzuetan beste batzuetan baino gehiago ibili da. Udaberrian oso eguraldi txarra egin zuenez, liztor asko hil egin ziren. Orain, badirudi berriz hasi direla. Hotza etortzen bada, baretuko da kontua.

Ze galera izan duzue erlezainok? Aurreikusten genuen eztiaren laurdena, batez beste, bakarrik jasoko dugu. Erleak neguan oso ahul izan ziren eta jaten ematen ibili ginen.  Erle gutxiago ditugu orain.

Erakundeen aldetik laguntzarik, baliabiderik… jaso duzue? Gipuzkoako Foru Aldundiak badauka protokolo bat. Horrez gain, aurten pertika batzuk eman dizkigu, hauts eta likido berezi batzuk aplikatzeko. Dena dela, bidea ez da hori, ez da eragingarria. Ikerkuntza eta garapenaren aldetik ikusten dugu bidea. Ikerketa gehiago egin beharko lirateke; baina ez da horretan inbertitzen; ez dago dirurik ez eta gogorik ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak