Astelehenetik martxan da Eskoriatzan hondakinak gaika batzeko proba pilotua

Mirian Biteri 2013ko aza. 7a, 13:20

Joan den astean hondakinen bilketa sistema berrirako materiala jaso ostean, astelehenean hasi ziren Eskoriatzako Intxaurtxueta eta San Pedro auzoko eta Gaztañadui kaleko 27 eta 29 atarietakoak proba pilotuan parte hartzen.  Udaletik jakinarazi dute lehen egunotan normaltasunez ari direla parte hartzen herritarrak.

Domeka gauean hasi ziren orain arte erabilitako edukiontzi berdeak, horiak eta urdinak kaleetatik kentzen. Beira jasotzeko iglu berdeak, oihalak eta olio batzeko edukiontziak orain arte bezala kalean egoten jarraituko dute.

Oztopoak

Udaletik azaldu dute badagoela proba martxan egotea oztopatzen saiatzen ari dena, bizilagunaren pegatinak kenduz edo zabor poltsak zintzilikarioetan jarriz, esaterako.

Baina, nabarmendu dute, orokorrean, aparteko arazorik ez dela egon lehen egun hauetan, eta herritarrak normaltasunez ari direla azpiegitura berriak erabiltzen. Hori dela-eta, Udalak eskoriatzarrak zoriondu gura izan ditu egunotan izaten ari duten jarreragatik, eta baita ontzi banaketan izandakoagatik ere.

%80ak jaso du materiala

Azken horren harira, Hondakinen bulegotik jakinarazi dute dagoeneko deitutako etxebizitzen %80ak jaso duela materiala. Komertzioei dagokionez, guztiek hartu dute materiala.

Formazio saioak

Bestalde, lehen egunak samurrak ez direla izaten ari badakite Hondakinen Bulegokoek, zaborrak gaika banatzerakoan zalantza asko sortzen direlako. Hori dela-eta, formakuntza saioak antolatu dituzte. Atzo, eguaztena, goizean egin zuten lehena Ibarraundi museoan. Bigarrena bihar, egubakoitza, izango da, 11:00etan; eta hirugarrena, azaroaren 12an, arratsaldeko seiretan.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak