Astelehenean hasiko dira hondakinen batzeko materiala banatzen

Mirian Biteri 2013ko urr. 24a, 13:11

Dena gertu dute Eskoriatzan hondakinak jasotzeko materiala banatzen hasteko. Astelehenean eta martitzenean herritarren txanda izango da, eta eguaztenean, herriko iparraldeko 23 komertzioena. Bestalde, zintzilikarioak ere hasi dira jartzen udal brigadako langileak.

Esan bezala, astelehenean hasiko dira materiala banatzen. Neurri ezberdinetako hiru ontzi emango dizkiete herritarrei: papera eta kartoiendako ontzi urdina, errefusarentzako grisa eta hondakin organikoarendako marroia. Horrez gain, sistemari buruzko gida, hiztegia eta egutegia emango zaizkie. Zabor organikoa botatzeko edukiontzietarako giltza ere jasoko dute; etxebizitza bakoitzeko bana.

Astelehena eta martitzena bitartean, Intxaurtxueta eta San Pedro auzoetan eta Gaztañadui kaleko 27. eta 29. atarteetan bizi diren eskoriatzarrek Ibarraundi museoko lehenengo solairura joan behar dute materiala jasotzera; denera, 601 etxebizitzari eragiten dio probak. Hondakinen informazio zerbitzuan lanean dabiltzanek esan digute ez dela hitzordurik eskatu behar; agertzearekin nahikoa dela. Dena dela, ilarak saiheste aldera, gomendatu dute, ahal dela, 13:00etan edo 17:30etik aurrera ez joatea. Honako ordutegian jaso ahal dira: astelehenean, 11:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 19:00etara; martitzenean, 10:00etan hasiko dira banaketarekin. 

Nortasun Agiriarekin

Nortasun agiria baino ez dute aurkeztu behar izango, eta harremanetarako telefonoa ere eskatuko diete. Norbait ezin bada bi egun horietan Ibarraundira joan, beste lagun bat bidal dezake, bere nortasun agiria eta telefono zenbakia aurkeztuta; eta telefonoz ere dei dezakete, 943 71 54 53 zenbakira.

Komertzioendako materiala beharren araberakoa

Eguaztenean, hilak 30, ostera, komertzioei emango diete dagokien materiala; denera, 23 komertziori. Horiekin batzarrak egin dira aurretik, eta bakoitzaren beharrak kontuan izan dira ontzi bat edo beste izateko. 

Bi aste zintzilikarioak eta edukiontzi marroiak jartzeko

Bestalde, dagoeneko hasi dira horiek jasotzeko zintzilikarioak jartzen. Udal brigadako langileak astelehenean hasi ziren gertaketa lanekin, eta denera, bi aste dituzte zintzilikario guztiak eta edukiontzi marroiak herritarrekin adostutako bilketa puntuetan jartzeko.  Azaroaren 4rako dena gertu behar dute izan, proba pilotua jarriko dute eta martxan egun horretan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak