Huhezitik Santa Mariñe arteko erreka zatia garbituko dute etzi Eskoriatzan

Mirian Biteri 2013ko urriaren 11

Debagoieneko Mankomunitateak antolatu duen Erreka Astearen bueltan, Eskoriatzan ere Deba erreka garbitzeko deialdi irekia egin dute. Etzi, domeka, elkartuko dira, 10:00etan, plazan.

Ibarraundi museotik jakinarazi dute plaza atzean utzi eta Huhezi unibertsitaterantz abiatuko direla, handik jaitsiko dira-eta errekara. Hain justu, bertatik Santa Mariñe plazarainoko tartea garbituko dute. Bi ordu inguru emango dituzte horretan, eta amaitutakoan, hamarretakoa egongo da parte-hartzaileendako. Ibarraunditik gaineratu dute errekatik ateratako zaborra Santa Mariñe plazan jarritako edukiontzietan utziko dela.

Araztegira bisita

Bestalde, erreka garbitzeaz gain, Epele araztegia ere bisitatu ahalko da hilaren 19an. Hitzordu bikoitza gertatu dute: 10:30ean euskarazko bisita gidatua hasiko da, eta 12:00etan, gaztelerazkoa. Antolakuntzatik garraio publikoa erabiltzea edo bizikletaz joatea (haraino bidegorria dago-eta) gomendatzen da.

Autobusean joan ezkero, Lurradebusen honako ordutegia kontuan izatea aholkatu da: euskarazko bisitarako 09:45eko autobusa hartzea, eta besterako, 11:15ekoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak