Joseba Bartol: "Baratzeko lanetan asko ikasi dut eta gauza berriak landatuz ikasten segitzea da nire helburua"

Imanol Beloki Unamuno 2013ko urr. 6a, 02:00

Joseba Bartol (Eskoriatza, 1986) sukaldaria da Arrasateko ospitalean. Oso gustura ari da, ospitalizatuta daudenei janaria prestatzen. Hainbat zaletasun ditu: ehiza, areto futbola… Areto futbolean atezain bezala aritu da urte askoan Eskoriatzako Kirol Elkartean. Gaur egun, aldiz, entrenatzaile lanetan ari da. 

Kirola oso gustuko izan arren, sukaldean jaki goxoak prestatzea da haren pasioa. Gasteizko Sukaldaritza Eskolan ikasi zuen eta gaur egun prestatzen diren platerez asko ikasi duen arren, plater tradizionalez gehiago ikasteko gogoa dauka. Hori dela eta, beti izan du gustuko nekazaritza eta gaur egun baratzean asko ibiltzen da, produktu propioak ekoitzi eta haiek prestatzen. Eskoriatzako hainbat gazterekin baratzeko produktuak landatzen, zaintzen eta jasotzen dabil, Eskoriatzako Udalak utzitako lur eremu batean. "Baratzeko lanetan asko ikasi dut eta gauza berriak landatuz ikasten joatea da nire helburua". 

Nolatan hasi zineten baratzean lan egiten?

Duela bi urte hasi zen proiektu hau. Eskoriatzako gazte batzuek euren baratze propioa izan nahi zuten eta Udalari eskaera egin zioten Eingeinke ekimenaren bitartez. Eskoriatzako Udalak lur eremu bat eman zien zaharren egoitza ondoan, bertako belar txarrak kendu eta ingurua pixka bat zaintzearren. Nik geroago izan nuen proiektu honen berri, eta bertara hurbildu nintzen. Gaur egun, hainbat kuadrillatako lau lagun gabiltza bertan lanean. Bakoitzak dakiena egiten du eta, gainera, gure lur eremu ondoan beste bi baratze daude, eta bertakoen laguntzaz eta haiei kopiatuz egin dugu gurea ere. Baratzea zaharren egoitza alboan izatea abantaila handia da, bertakoek truku asko erakutsi dizkigute eta gustura egoten dira haiek ere, baratzean lanean ikusten gaituztenean. Gauzak nola egin behar diren erakustea atsegin dute eta akats batzuk ere ateratzen dizkigute.

Zein produktu landatzen dituzue bertan?

Lau tomate mota ezberdin izan ditugu aurten; bitxienak, cherry tomate horiak. Horiez gain, letxugak, kalabazak, kalabazinak, patatak eta piperrak. Oraingoz, honekin nahikoa dugu. Gainera, guk erein eta zaindutako produktuen eta dendetan erosten ditugunen artean alde nabarmena dago. Elikagai batzuk ez zaizkigu behar bezala atera, baina eginez ikasten da eta gutxinaka-gutxinaka hobetuko dugu.

Nondik lortzen duzue bertan lan egiteko materiala?

Lanerako material gehiena utzi egin digute. Udalak aitzur batzuk utzi dizkigu eta zaharren egoitzakoek ere uzten dizkigute bertan dituzten lan-tresna batzuk. Bestalde, haziak, tomateei eusteko parrak… guk egin edo erosi ditugu.

Zenbat ari zarete bertan lanean?

Proiektu honekin lau lagun hasi ziren, ni geroago sartu nintzen, eta gaur egun hainbat kuadrillatako lau lagun ari gara bertan. Hori bai, bi lagun egoten gara, gehienbat, Xabier Arenatza eta biok. Izan ere, besteak kanpoan ikasten ari dira eta nagituta dabiltza.

Ezer egin duzue Eskoriatzako jendea bertaratzeko?

Ba, egia esan, bai. Xabier Arenatza egoten da nirekin baratzean, eta, hura gaztelekuan ari denez, gaztelekukoak ekarri izan ditu noiz edo noiz, etxean jaten dutena nondik datorren ikusteko.

Hainbat kuadrillatako jendea ari zarete bertan lanean; zure kuadrillakoak ez al dira animatzen?

Ez, nire kuadrillakoak beti daude afaltzeko prest, baina lanerako, ordea...

Hemendik aurrera proiektuarekin jarraitzeko asmorik baduzue?

Ba, ez dugu planik, baina gogotsu gaude baratzean produktu berriak erein eta probatzeko. Jende gehiago animatzen bada, hobe, baina, bestela, ere aurrera jarraituko dugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak