Hankamotx bertso-eskola sortzekotan dabiltza Eskoriatzan

Mirian Biteri 2013ko ira. 23a, 13:51

Bertso-eskola sortzeko asmoa dute Eskoriatzan: Hankamotz bertso-eskola. Izen-ematea dagoeneko zabalik dago; urriaren 7ra arte eman ahalko da herriko kultura etxean.

Badira bi urte herriko hainbat bertsozale Eingeinek mugimenduan abiapuntu izandako eskolan biltzen hasi zirela. Zaletasun hori zabaltzeko eta indartzeko asmoz bertso-eskola sortzea pentsatu dute orain. Besteak beste, Xabier Arenaza eta Aitor Aiastui dabiltza horrekin lanean.

Eskolak, adinaren araberakoak

Jakinarazi digute proiektu berriak bi ardatz izango dituela: eskolak eta ekintzak. Eskoletan Lehen Hezkuntzako 4. mailatik gorakoek, astean, ordubetez, aisialdian bertsozaletasuna eta ahozkotasuna lantzeko aukera izango dute. Horietan parte hartzeko nahikoa da eskoletara joatea. Taldeak adinaren arabera egingo dira. Batetik, 8 eta 16 urte bitarteko gaztetxoekin osatutako bertso-eskola egongo litzateke; Xabier Arenaza bera izango litzateke talde horren dinamizatzailea. Bestetik, helduen bertso-eskola sortzeko asmoa dute. Adin tarte zabalagoa izango du horrek, batxilergoan dabiltzan gazteetatik hasita. Horren harira, Arenazak azaldu du Bertsozale Elkarteko bertsolari bat ekartzea dela helburua, "itxura formalagoa" izan dezan. Eskola guztiak urriaren bigarren astean hasiko dira.

Aretxabaletarekin elkarlana

Eskolez gain, zaletasuna herrian zabaltzea ere gura du Hankamotxek, eta hortaz, bertso-eskoletako kideei "neurriko plaza erosoak" egiteko aukera eskainiko zaie. Horren harira, Arenazak aipatu du Eskoriatzakoak izaera propioa badu ere, Aretxabaletan sortu berri den Lekaixoka bertso eskolarekin elkarlanean aritzeko asmoa dutela. Aldi berean, Eskoriatzako kultura eragile den neurrian, bertso emanaldiak, berbaldiak eta bestelako ekintzak antolatzea ere aurreikusi dute. Azken horren harira, Aiastuik iragarri du zaharren egoitzako patronatuak antolatutako Garagardo festan emanaldia eskainiko dutela: hain justu, bertso musikatuen saioa egingo dute urriaren 11n.

Bestalde, Arenazak eta Aiastuik nabarmendu gura izan dute parte hartzeko ez dela eskatzen "inolako dohain berezirik" ezta "bertso mailarik ere". Horren harira, honakoa esan dute: "Nahi duen oro ongi etorria izango da; nahia da bertsozale izatea". Urte osoko matrikula 50 eurokoa da; eta bi zatitan ordaindu daiteke. Proiektuko bultzatzaileek azaldu dute lehen hilabetea debalde dela, ikasleek "inolako beldur gabe" proba dezaten.
Informazio gehiago nahi izanez gero, nahikoa da Eskoriatzako kultura etxera joatea edo hankamotx@gmail.com helbide elektronikora idaztea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak