Azaroan hasiko dute Eskoriatzan hondakinen bilketa sistema berriaren proba pilotua

Mirian Biteri 2013ko ira. 19a, 20:02

Atzo eta herenegun egin zituzten bilera informatiboak proba pilotuan parte hartuko duten bizilagun, dendari eta tabernariekin. Eskoriatzarren herenak baino gehiagok hartuko du parte bertan.

Udalak batzar irekiak egin ditu asteon hondakinen bilketa sistema berriari buruzko azalpenak emateko. Proba pilotua Luis Ezeiza ikastetxean, zaharren egoitzan, kiroldegian, San Pedro eta Intxaurtxueta auzoetan eta Gaztañadui 27. eta 29. atarietan egingo da, eta eremu horretan bizi eta komertzioak dituztenei egon dira zuzenduta bilkura horiek.

Udal ordezkariek azaldu zuten azaro hasieran gura dutela "orain arte beste inon martxan jarri ez duten" sistema probatzen hastea, eta eskoriatzarren heren bati eragingo diola. Hiru hilabeteko iraupena izango duela, eta horren bueltan, jarraipen batzordea osatuko dela ere adierazi zuten; sistema baloratzeko eta hobetzeko ardura izango du horrek. Probak emaitza onak ematen baditu, herri osora zabalduko litzateke, aurretik prozesu bera errepikatuz.

Atari bakoitzeko karpeta

Baina, baina batzar informatiboak antolatzeaz gain, eskoriatzarren parte-hartzea ere bilatzen da, eta hortaz, proba pilotua hasi aurretik, hainbat erabaki hartu beharko dituzte auzo horietako herritarrek. Atari bakoitzeko arduradunei karpeta bat banatu zaie: besteak beste, posteen kokapenarekin ados dauden edo ez eta papera banaka edo komunitarioki jasotzea gura duten zehaztu behar dute. Karpeta hori irailaren 27 baino lehen eroan beharko da Ibarraundi museora. Karpeta horietako informazioa aztertu eta jaso ostean, erakusketa jarriko da museoan bertan, probari buruzko behin betiko azalpenekin. Esaterako, posteen kokagunea zehaztuko da horretan.

Informazio bulegoa

Horrez gain, sor daitezkeen zalantza eta kezkei erantzuteko informazio bulegoa irekiko dute astelehenean, hilak 23, museoan. Arreta zerbitzuak honako ordutegia du: astelehenetik eguenera, 10:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 19:00etara; eta egubakoitzetan, goizez. 943 71 54 53 telefono zenbakia eta hondakinak.eskoriatza@debagoiena.com posta ere jarri dute herritarren eskura.

Bestalde, martitzenean, hilak 24, Gestion de residuos, objetivos, comparacion de modeloa izeneko hitzaldia eskainiko du Urnietako alkate ohi Mikel Izagirrek. Ibarraundin izango da, 19:00etan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak