Mugikortasun Astearen bueltan, goitibeherak, bizikleta martxa eta skate jaia daude datorren astean

Mirian Biteri 2013ko ira. 12a, 14:04

Berrikuntzekin dator irailaren 18tik 22ra bitartean egingo den Eskoriatzako Mugikortasun Astea. Esaterako, aurten, lehen aldiz, goitibehera lasterketa antolatu dute.

Hilaren 18an, eguaztena, bizikletak konpontzeko tailerra izango da Santa Mariñe plazan. Zikloturistak taldeko ordezkariek emango dituzte azalpenak 18:00etan hasiko den tailerrean.

Ibarraundi museoko teknikari Saioa Altzuak azaldu digu eguenean, ostera, goitibehera tailerra antolatu dutela. Ordu eta toki berean izango da Jose Angel Urrutia eskoriatzarrak eskainiko duen saioa. Hain justu, goitibehera zelan egiten den ikasi ahal izango dute tailer horretan parte hartzen dutenek; gainera, emaitza probatzeko aukera ere izango da zapatu egingo den goitibehera lasterketan.

Long board erakustaldia

Baina, lasterketa eguna baino lehen, egubakoitzean, hilak 20, skate jaialdia izango da tren geltoki zaharrean. Besteak beste, ume zein gazteei zuzendutako lehiaketak eta Longboard erakustaldia egingo dituzte han. Sariak ere banatuko dituzte.

Zapatuan, esan bezala, goitibehera lasterketa egingo dute. Apotzagako jaitsiera erabiliko dute horretarako. Ibarraunditik jakinarazi dute zabalik dagoela horretarako izen-ematea. Federatuak hilaren 18a baino lehen apuntatu behar dira federazioan, eta gainerakoak, Jose Angel Urrutiarekin egon behar dira 687 52 76 63 zenbakira deituta; 16 urtetik beherakoek, gainera, gurasoen baimena behar dute.

Aurtengo Mugikortasun Asteari amaiera borobila emateko, dagoneko egonkortuta dagoen ekintza egingo dute irailaren 22an, domeka: Eskoriatza-Arrasate-Eskoriatza bizikleta martxa. 10:00etan jarri dute hitzordua herriko plazan, eta handik Aretxabaletarantz abiatuko dira, eta hango txirrindulariak hartu ostean, Arrasatera joango dira.

Torrebasoko jolasparkea inauguratu

Bueltan Torrebason egingo dute geldiunea. Parte-hartzaileen artean hamarretakoa banatzearekin batera,  abentura jolasparke berria inauguratuko dute. 18 kilometro luzeko ibilaldian parte hartzenek kaskoa eroan beharko dute, eta 10 urtetik beherakoak lagunduta joan beharko dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak