Eskoriatzan hondakinen bilketari buruz adostutako sistema hasi da zeresana ematen

Mirian Biteri 2013ko uzt. 22a, 14:50

Eskoriatzako hondakinen sistema ezagutu ostean, herriko eragileak hasi dira horren gaineko lehen balorazioak egiten. Bildu, EAJ eta Ezker Anitza-IU alderdiek, Eskoriatza Garbia No al Puerta a Puerta plataformak eta Eskoitza Zero Zabor taldeak eman dute iritzia. Bilduk Ezker Anitza eta Zero Zaborren "laguntza" eskertu gura izan du, eta EAJ eta Eskoriatza Garbia plataformaren jarrera kritikatu. Jeltzaleek diote "onartezina" dela adostutakoa, eta horri eusten dioten bitartean, Hondakinen Mahaia uzten dutela iragarri dute. Plataformak nabarmendu du "Eskoriatzako herriak" bosgarren edukiontziaren alde egin duela. Ezker Anitza-IU taldeak azpimarratu du hondakinak uzteko ordutegirik ez izatea, baina kritikatu du proba pilotua herri guztian ez egitea. Eskoitza Zero Zaborrekoen arabera, zaborra bereiztuta biltzea eta bere ondorengo tratamendua da garrantzitsua, eta bilketa sistema "bigarren mailako gaia".

PSE-EE alderdiarekin ere harremanetan jarri bagara ere, ez dugu erantzunik jaso.

Orain arte jasotako taldeen balorazioak, hauek: 

Bildu:

"Bildu osatzen dugunok oso pozik gaude azken astetan ematen ari garen pausuekin; proposamen honekin, emaitzak politak lor daitezkeela uste baitugu. Halaber, Ezker Anitza eta Zero zaborren laguntza eskertu nahi genuke proposamena aurrera ateratzeko garaian. Ez ordea EAJ eta Eskoriatza Garbiaren jarrerarekin.

Ez dugu batere ulertzen EAJ-ren jarrera. Behin baino gehiagotan jarri du zalantzan gure akordiotarako borondatea eta asteak pasa ahala argi ikusi da zentzu honetan pausu bat bera ere eman ez duen alderdia zein den: Eskoriatzako EAJ-PNV. Inmobilismo honek geroz eta argiago uste du edozein delarik ere egiten dugun proposamena aurka bozkatuko duela, honen atzean arrazoi eta interes politikoak besterik ez daudelako.

Bestalde, Eskoriatza Garbiaren autoespultsioa eta plazaratu dituen iritziak ere ez ditugu batere ondo ikusten. Alde batetik, mahaian bueltan adostasunerako eseri garen agenteak, hau da, herriko zinegotzi eta plataformak “ninguneatu” dituelako eta bestalde, adostasun eta akordioetara hurbilpenik egitea ere planteatzen ez duelako.  Oso konfundituta daudela uste dugu, hondakinekin dugun arazoari denon artean irtenbide bat eman nahi badiogu, kontuan izan behar baita besteen iritzia, ados egon ala ez.

Guk, eskoriatzar guztientzat gobernatzen dugu eta ondorioz, eskoriatzarren onerako egiten dugu lan. Egia da, nahiago dugu lan diskretoa egin eta emaitzak lortu, azken finean hauek baitira balio dutenak. Eta konbentzituta gaude proposamen hau eskoriatzar gehienek eskatzen dutenari kasu egiten diola edo behintzat hortan ahaleginduko garela.

Beraz, lerro hauek ere balio dezatela proposamen hontan lan egiten jarraitzeko gainontzeko agenteei ere dei egiteko, Eskoriatzan bilketa datuak hobetu eta zero zabor norabidean jartzeko".

EAJ:

"Honako prentsa ohar honen bidez, Eskoriatzako EAJ-PNVk jakinarazi nahi die eskoriatzarrei Hondakinen Mahaia deiturikoan gertatutako gertaera berrien aurrean, Mahai hau uztea erabaki duela, alde guztientzat onargarria izango den akordio bat lortzea ezinezkoa izan delako.

Uztailaren 16an izandako bileran, joan zen uztailaren 9an BILDU, PSE-EE, Ezker Anitza-IU eta Zero Zabor Plataformak sinatu zuten Akordioaren gauzaketa antzeman ahal izan genuen: zaborrontzi marroiaren bidez jasoa izango den organikoa izan ezik, gainontzeko guztiak txintxilikario eta kuboen bitartez, froga gisa, hiru hilabetetan zehar San Pedro eta Intxaurtxueta auzoetan esperimentatuko den sistema batean zehazten zen. Hiru hilabeteko frogaren ondoren, emaitzak aztertu eta herri guztira zabalduko den sistema.   

Proposamen hau onartezina iruditzen zaigu, txintxilikarioak bere baitan hartzen dituen edozein sistema atez ateko hutsean baino ez baita bihurtzen. Agiri honek akordiorako borondate txikia azaltzen du eta adar jotze bat, iseka bat eta 5. Zaborrontziarekin existitzen den hondakin bilketa sistema zaborrontzi marroiarekin osatu dadin euren borondatea agertu duten eskoriatzar guztiekiko begirune falta bat irizten zaigu.

Proposamen hau ez dugu ez serioa eta ezta zehatza ere ikusten, ez baitator inongo txosten tekniko edo ekonomikotan oinarrituta, eta beti ere proposatzaileen hitzetan, gutxi gora behera 7500 euroko inbertsioa suposatuko baitu. Bilketa honek ekarriko duen  gainkostua gehitu beharko litzaizkieken 7500 euro. Ez eman eta ez aurreikusi ez den informazioa, eta gure ustetan, oinarrizkoa izan beharko litzatekena tamaina honetako erabaki bat hartzeko. Azken finean, kopuru hori edo zabor zergen igoera edo beste udal zerbitzu batzuen murrizketa baten eskutik etorri beharko baita. Udalerri bezala uste dugu ez gaudela esperimentuetarako, eta are gutxiago, aldarri bat denari jaramon egiten ez zaion esperimentu kapritxosoetarako. Zentzu honetan, eskoriatzarrei kontsulta egin dakien eskaera berresten dugu.  

Gainera, eskoriatzarren arteko ezberdintasunetan sakontzen duela uste dugu, atez atekoaren sistemak sortzen dituen ondorioak ikusiz, gure udalerriaren hiriguneko auzo ezberdinen artean, zaborraren turismoa deituriko fenomenoan bukatu ahal izango lukelako. Horrela, atez atekoarekin ezagertzen den zaborrarekin kudeatutako hondakin kopuru txikiagoak, bilketa selektiboaren ratioak artifizialki puztu daitezen ekarriko du, eta datu horiek proposamen honen atzean daudenen interesentzat gehien komeni den moduan aztertuak eta salduak izango dira.

Guzti horrengatik, eta Udal Gobernu Taldeak honi eusten dion bitartean, EAJ-PNVk Hondakinen Mahaia uzten du".


Eskoriatza Garbia No al Puerta a Puerta plataforma:

"Adostasunaren harira, uste dugu adostasuna desiragarria dela, baina adostasunaren borondateak ezin du herritarren gehiengoak aditzera emandakoaren borondatea ordezkatu. Iritzi asko daude, eta guztiak dira errespetagarriak, baina ez da onargarria zero zabor bezalako taldeen eta Eskoriatza Garbia plataformaren iritzia baldintza beretan jartzea. Zero zaborrekoek bere burua bakarrik ordezkatzen dute eta plataforma 1.500 sinadura eta 500 balkoi egiaztatzen dute.

Hondakinen Mahaiak proposatutako sistema mixtoaren bueltan, esan beharra dago Eskoriatzako herriak argi eta garbi esan duela bosgarren edukiontzia nahi duela. Administrazio publikoa herritarren zerbitzura dago, eta ez gure esku ez dauden eta baloratuko ez ditugun helburuak lortze aldera, haietaz baliatzeko. Helburu horiek ez datoz bat eskoriatzarron interesekin".

Ezker Anitza-IU:

"Interesgarria iruditzen zaigu hondakin organikoen edukiontziak erabiltzeko ordutegirik ez izatea, sarrera etengabea izatea. Modu horretan sukaldean usaina izatea ekidituko da. 

Herriko eragile ezberdinen iritzi guztiak jasotzen dituen sistema ezartzeko esfortzua egin dela uste dugu; eta sentitzen dugu zati garrantzitsu batek parte hartzeari uko egin izana.

Dena dela, ez gaude konforme proba Intxaurtxuetan eta San Pedron bakarrik egitearekin; guk nahiago dugu herri guztira zabaltzea. Arrazoi horregatik uste dugu emaitzak ez direla izango guk nahi ditugunak".

Eskoitza Zero Zabor:

"Eskoriatzako hondakinen bilketa sistema dela eta ezer baino lehen Zero zabor taldearen inguruan esan nahi genuke gure helburua bilketa selektiboa %80tik gora lortzea zela. Baina, akordioaren izenean eta herri osoaren onura bilatuz,  oso garbi daukagu ere ezarritako helburua babestu behar dugula. Beraz lortutako akordioaren inguruan azpimarratu nahi dugu helburua guztiontzat egokia dela eta herri osoa inplikatuta dagoela. Proposatzen den sistemaren inguruan esan beharra dago helburuak garbi jarrita baldin badaude, eta horrela iruditzen zaigu daudela, balorazio baikorra egiten dugu.  Zaborra bereiztuta biltzea eta bere ondorengo tratamendua da garrantzitsua. Zein bilketa sistema erabiltzen den horretarako bigarren mailako gaia litzateke eta horregatik proposatzen den sistemari gure baietza. Orain denon artean lana egin beharko dugu sistemak dituen ezaugarriak guztiek ezagutu ditzaten eta ahalik eta ondoen egin dezagun proposatzen den sistema bilketa. Horrek, alde batetik aldeko eta kontrako aspektuei buruz informazio zuzena emango digu eta inportanteagoa dena, esku artean izango ditugula Eskoriatzari dagozkion datuak. Horrela behin betiko erabakia errealagoa eta egokiagoa izateko posibilitate guztiak daude".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak