Orain dela 50 urteko ilusioa, krisia mendean hartzeko gakoa

Leire Kortabarria 2013ko abu. 8a, 02:00

Krisia ondo dabil zeharkatzen Fagor Ederlan kooperatiba, eta hori da bere 50. urteurrena ospatzeko modu onena. Hori are nabarmenagoa da automobilgintza sektorearen egoera kontuan hartzen badugu. Hala eta guztiz ere, Fagor Ederlan gaur egun liderra da powertrainetan eta txasisetan, eta munduko automobil-ekoizle nagusien partner ezinbestekoa da Eskoriatzan sortutako kooperatiba.

Iaz, 681 milioi euroko salmentak egin zituen, eta aurten 662 milioirekin bukatzea aurreikusten dute. Urterik urte langile eta bazkide gehiago dituzte –iaz 3.573 kide ziren, eta aurten 3.652 izango dira; horietatik 1.500 inguru bazkideak dira– eta inbertitzen jarraitzen dute: iaz 42 milioi euro, eta aurten, beste hainbeste. 

Globalizazioaren erronkari ere ondo eusten dabil Fagor Ederlan: Eslovakian, Brasilen eta Txinan lantegiak ditu eta AEBetan eta Korean aliantza produktiboak. Etxean eta inguruan ere hazi da Fagor Ederlan: Arrasaten eta Bergaran, Usurbilen eta Tafallan ditu adarrak.

Hori dena ikusita, are poziago ospatu zuten Fagor Ederlaneko langile eta bazkideek 50. urteurrena. 

1963ko ekainaren 28an sortu eta uztailaren 1ean jarri zuten martxan proiektu kooperatibo berria mutil gazte batzuek. Fundizio bat zen. Orduan zeukaten ilusioa, printzipio kooperatiboetan sinismena eta kooperatibarekiko grina oraindik igartzen zaie orduko sortzaileei. Sotero Olabe da horietako bat: "Ez ginen konturatzen garai gogorrak ziren edo ez; gazteak ginen. Poz handia daukat eta esker ona diot Ederlani; nik ekarriko nion pixka bat, baina berak niri ekarri dit", esaten du. Ramon Barrutia sortzailearen alargunak, Miren Zubizarretak, hau dio: "Bakarrik pentsaera bat zeukan hark: kooperatiba, lana, laguntasuna…" Leandro Hernandezek hauxe dio: "Enpresan egin nituen bizi osorako lagunak. Inoiz ez genuen pentsatu izango hainbeste haziko zela kooperatiba. Bailaran zeuden beste enpresa batzuen adinekoak izango ginela pentsatzen genuen, 200 langile inguru, beharbada. Ederlanen jardun duten guztien lana da hau, ez bakarrik gutxi batzuena".  

Orduko ilusio horrendako izena topatu dute Ederlaneko oraingo langile eta bazkideek: ederlantzea. Hori da Fagor Ederlaneko familiak egin duen bideokliparen eta bertako abestiaren izena. Fagor Ederlaneko Kontseilu Errektoreko kide Borja Garitaonandiaren esanetan, "ederlantzea da orain 50 urte egiten hasi ziren gauza bera egiten jarraitzea: balio kooperatiboak indartuz, inguruan eragin sozioekonomikoa daukan enpresa egitea". 

Txina ez da azkena izango 

Une txarretarako formula berezirik ez dagoela dio: "Fagor Taldean dauzkagun erremintak erabiltzea nahikoa izan da une txarrak gainditzeko. Taldeko elkartasunarekin, birkokapenekin eta langileen ahaleginarekin aurrera irten gara eta espero dugu aurrerantzean ere hala izatea". 

Garaietara ere ondo egokitu da Ederlan; azken urteetan, nazioartean zabaldu behar izan dute, bezeroei ondo erantzuteko, eta horretan ere erreflexu arinak izan dituzte: "Gure hasierako urteetan ikusi genuen askotariko merkatuetara zabaldu behar genuela eta, horri eskerrak, automobiletarako osagaietan liderrak gara Europan. Bezeroekin batera, Txinara joateko aukera izan dugu eta, seguru asko, ez da azken zabalkundea izango", esaten du Borja Garitaonandiak. 

Etorkizunerako pista gehiago ematen du: "Urte bukaera aldera ezohiko batzar orokorra egingo dugu, plan estrategikoa garatzen gabiltza eta aldaketa garrantzitsuak egongo dira, eta bazkideei helaraziko zaie ze bide jarraituko dugun. Eta egia esan, negozio berriek indarra hartuko dute Ederlanen".

Kooperatibistak, eredu 

Kooperatiban 42 urte eman ditu Gregorio Graciak. Hainbat lanpostutik pasa da –eskulan zuzenekoetatik ardura postu eta bulegoko postuetara– eta Fagor Ederlaneko eta Mondragon Korporazioko "organo sozial ia guztietan" egon da. Fagor Ederlanen garapena "begi bistan dago", bere esanetan: "Lehen, lana astunagoa zen, eskulan gehiago egiten genuen. Ikerkuntzan eta automatizazioan aurreratu dugu asko; bestela, enpresa batek ez ditu 50 urte hartzen. Inbertsioari esker, zeharo aldatu da lana. Oraindik oso lanpostu txarrak ditugu; azken baten, fundizio bat da. Balio erantsirik ematen ez duten lanak kentzeko gai izan behar gara, eta gure apustu handia formazioa da; hor dago etorkizuna". 

Bere iritziz, Fagor Ederlanen arrakastaren beste gako bat "gardentasun osoa" da, langile eta bazkide guztien aldetik "konpromisoa" egon dadin behar den oinarria, bere esanetan. 

Ederlaneko beterano horrek atsekabez ikusten du gaur egungo krisia; aurreko guztiak baino larriagoa dela dio, "neoliberalismo basatia" ezarri dela munduan. Horren aurrean, balio kooperatiboak inoiz baino beharrezkoagoak direla uste du: "Kapitalismoa ez da txar-txarra, baina askoz gizatiarragoa izan daiteke, eta guk, kooperatibista gisa, gauzak beste modu batera egin behar ditugu, gure harri-koxkorra ipini han eta hemen".

-----------------

Urteurrena Interneten ospatzen

Hainbat ekintzarekin dabil Fagor Ederlan bere urteurrena ospatzen, eta horietako bat 40 langilerekin grabatutako Ederlantzen bideoklipa da; Interneten bolo-bolo dabil argitaratu zenetik. Artemanek egin du Fagor Ederlanendako. Eskoriatza, Arrasate eta Bergarako instalazioetan grabatu zuten, eta langile eta bazkideak kantuan agertzen dira. Antxon Sarasua zarauztarrak konposatu du abestia, eta Fagor Ederlaneko Euskara departamentuak idatzi du letra, Asier Iriondok koordinatuta. Bestalde, egunotan argitaratu dute ere 50. urteurrenerako sortu duten webgunea: fagorederlan50.com. Bertan, Fagor Ederlanen historiaren zertzelada batzuk eta garai guztietako argazkiak, sortzaileen eta haien gertukoen testigantzak jasotzen dituen bideoa, orain arte egin dituzten ekintzen kontakizuna, argazki galeriak… denetariko edukiak batu dituzte. Helburua da urteurrena jendearekin batera ospatzea.

-----------------

Fundizio baten hazkundea

1963 Comet Sociedad Cooperativa sortu zuten Esteibar Fundizioak, Comet Industriak eta Talleres Uribesalgo batuta.

1965-1990 Automobilgintzako osagaien hornitzaile moduan posizionamendua indartu zuen. Merkatuko ibilgailuen fabrikatzaile gehienek homologatu zuten.

1990-2005 Fagor Ederlan Taldea sortu zuten eta horrek Ederlanen proiektua bultzatu zuen. Tafalla eta Usurbilgo langile-bazkideak taldean integratu ziren. 

2005-2013 Fagor Ederlan Group-ek ia mundu guztian ditu lantegiak eta presentzia komertziala.

------------------

Borja Garitaonandia (bazkidea): "Edertek-en berrikuntza lana ezinbestekoa da Ederlanendako"

Ze osasunekin dago Fagor Ederlan bere 50. urteurren honetan? Etxeko botikekin aurrera egin dezakegu, eta egunero ariketa fisiko pixka bat egin eta dieta ona jarraitu behar dugu, itxuran egoteko. Egungo egoera ikusita, ez gaude gaizki, ez.

Bideoklipa egin duzue. Nola bururatu zitzaizuen? Nik gehien Ederlanen euskarak izan duen eboluzioa ezagutu dut; erakusketaren bat edo beste zerbait egin nahi genuen eta, azkenean, bideoklipa, baina gauza gehiago gehitu dira, ez bakarrik euskara. Jende guztiaren ahotan dago, oso harrera ona eduki du.

Berrikuntza ere garrantzitsua da Ederlanendako… Automobilgintzan etengabea da, eta puntakoa izateak sakrifizio bat eskatzen du. Egia esan, Edertek-eko lantaldearengatik izango ez balitz, ez dakit nola egongo ginatekeen gaur egun,; ezinbestekoa da euren lana.

-----------------

Gregorio Gracia (bazkidea): "Negar-malkoak ditut sortzaileak ikustean: dena eman zuten"

Nola bizi duzu 50. urteurrena? Oso pozik, nostalgia handiarekin… Ia-ia negar malkoekin ikusten ditut sortzaileak, dena eman zutenak 63an, inork automobilik ez zuenean eta bere etxebizitzaren jabe ez zenean… Gehienek esan didate familiei dirua eskatu behar izan zietela sarrera-kuota egiteko. 40 urtean lan egin zuten beste edozeinek bezala.

Fagor Ederlan ondo dabil krisiari aurre egiten. 50 urte egin baditugu, zerbaitegatik izango da. Urte txar asko ere izan ditugu. Baina automobilaren sektorea nola dagoen ikusita eta Ederlan bere posizioari eusten dagoela ikusita, pentsatzen dut Fagor Ederlanek baduela zerbait berezia.

Nola ikusten duzu etorkizuna? Oso beltz, baina era berean sekulako itxaropenarekin. Kooperatiba ez da formula magikoa, baina gauzak beste era batera egin daitezkeela erakuts dezakegu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak